ALBISTEA


sortu

Dena prest irailaren 27rako

2022-09-08

Mobilizazioetan, atzoko memoria, gaurko borroka eta biharko garaipena aldarrikatuko ditu Sortuk. Hilaren 25ean nazio-ekitaldi bat egingo du Tolosako Leidor aretoan.

Irailaren 27a Nazio Askapen Mugimenduaren eguna da

Irailaren 27a momentu berezia da ezker abertzaleko komunitatearentzat. Egun honetan, 1975eko irailaren 27an Frankoren Erregimenak agindutako azken herio-kondenak gauzatu ziren eta, ETA-ko kide ziren, Jon Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituzten.

Urtez urte, mugimendu politiko gisa, Euskal Herriarekin dugun konpromisoa oroitu eta berresteko baliatu dugu egun berezi hau. Baita, euskal jendartearekin testuinguruaz egiten dugun irakurketa partekatzeko. Irailaren 27a Nazio Askapen Mugimenduaren eguna da guretzat eta hona hemen aurten antolatutako egitasmoa.

2022ko irailaren 27a, testuingurua eta mobilizazioak
Hilaren 25ean ekitaldia izango da Leidorren, 'Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko' lelopean.

Irailaren 25ean, Nazio Ekitaldia egingo dugu Tolosan, Leidor antzokian, 12:00etan, "Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko" lelopean.

Irailaren 27an bertan, Sortuk hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu ditu "Independentziareako indarra" lelopean. Horien artean hauexek nabarmendu nahi ditugu: Donostian (Bulebarretik), Gasteizen (Andre Mariaren zubitik), Iruñean (Zumalakarregi Portaletik) eta Bilbon (Plaza Zirkularrean). Guztiak 19:00etan hasiko dira.

Mobilizazio horiek krisi testuinguru larri batean kokatzen dira, horregatik beharrezkoa ikusi dugu oroitzea: Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten garaian, Euskal Herria hipotesi bat zela eta egun, harrokeriarik gabe, Euskal Herria errealitate kultural, ekonomiko eta politiko aitortua dela.

Alta, konplazentziarik ez. Salbuespeneko testuinguru historikoan bizi gara. Kapitalismoaren garapen-ereduak bizitza kolokan jarri du eta krisi energetikoak orain arte ezagutu dugun antolakuntza ekonomiko, politiko eta sozialaren eraldaketa ekarri du.

Zibilizazio eredu berri bateranzko trantsituan gaudela ulertu behar dugu eta pultsu baten erdian ematen da: pultsu territoriala, pultsu demokratikoa, pultsu ekonomikoa (norantz goazen, ze abiaduratan, ze sakontasunez), pultsu soziala, pultsu soziala (nork ordainduko dituen kostuak).

Beraz, pultsu honen aurrean, lehenik Independentismoa eta eraldaketa sozial eta politikoa nahi dugun sektoreok lidergoa hartu behar dugu. Bigarrenik, Euskal Herria errealitate aitortua den arren, Estatua izateko ibilbidea azkartu behar du; testuinguru historiko honetan, herri gisa egituratu, kohesionatu eta boteretu behar dugu. Burujabetza ez da aukera bat. Burujabetza bitartekoa da, ekonomia arautu, aberastasuna banatu eta eraldaketa sozialean sakonduko duen sektore publiko indartsu bat izateko.

Ezker abertzalea garai historiko honek eskatzen duen anbizioarekin eta konpromisoarekin arituko da, orain arte egin duen bezala. Balore eta konpromiso hauek oroitu eta berretsiko ditugu irailaren 25eko nazio ekitaldian. Balore, anbizio eta konpromiso hau ikustaraziko ditugu irailaren 27an burutuko diren mobilizazio ezberdinetan. Hori dela eta, Ezker abertzalearen komunitatea, nazio askapen mugimendua osatzen duten kideak, ekitaldi hauetan parte hartzera deitzen ditugu.

Aurtengo kartela
Herri-gogoak mantendu du Euskal Herria bizirik, askatasun egarriz, aurkakotasun ororen aurrean.

Irailaren 27an, Txiki eta Otaegi, erail, fusilatu zituzteneko urteurrenean, gogoan ere baditugu ekarpen maila ezberdina eginez Euskal Herriaren alde bizitza eman duten lagun guztiak. Zentzu horretan, garrantzi berezia ematen diogu irailaren 27aren urteurrenaren bueltako kartelari. Azken urteetan, zenbait artistengana jo dugu iruditeria berritzeko asmoz. Eta aurten, mundu zabalean sona handia duen euskal sortzaile batengana jo dugu, Kepa Akixo ‘Zigor’ artista, poeta, eskultore eta margolariarengana. Zigor, gaztetatik herri honen askatasunaren alde engaiatu zena, iheslari politiko ere izan zen 70eko hamarkadan. Gaur egun, jarraitzen du bere ekarpena egiten.

Artistak egunsentiko kolore-leherketaren aurreko uneari erreparatu dio, iluntasunetik egunero piztu ohi den argi-zirrinta horri. Une hori da Egu, Zigorren arabera. Modu horretan, momentu iheskor bati begira jartzen gaitu: egun berriaren hasierak dakarren itxaropen uneari; hau da, herri honetan egunero berritzen den borrokari, bizi nahiari eta horrek guztiak dakarren itxaropenari. Azken batean, herri-gogoak mantendu du Euskal Herria bizirik, askatasun egarriz, aurkakotasun guztien aurrean. Lan honen bidez, militante abertzale orok pizten duen itxaropenari egiten dio gorazarre.

Gazte ikuspuntua
Ane Alava (Ernai): "Gure aurrekoen akats eta garaipenetatik ikasiz, milaka gazte konprometituk lanean jarraitzen dugu".

Ane Alavak, Ernai antolakundeko bozeramaileak, irailaren 27ak gazte ikuspegitik duen baloreaz jardun du. “Guk, Ernaitik, gazteriari deialdi berezia egin nahi diogu ekitaldian zein mobilizazioetan parte hartzeko”, adierazi du.

Ernaiko bozeramailearen esanetan, “Etenik izan ez duen atzoko borrokaren memoria eraikitzeko ezinbestekoa baita gaurko gazteon lana. Beste testuinguru batean, beste garai batean kokatzen bagara ere orain dela 50 urteko proiektu politiko bera baitugu zerumugatzat: Euskal Herri askea”.

“Zibilizazio krisia aipatu dugu, mundua hankaz gora dago, eta Euskal Herriak ez du behar besteko burujabetzarik herri gisa aurre egiteko. Horri belaunaldi krisia ere gehitu behar diogu, espektatibarik gabe eta prekarietatera kondenatuta nahi gaituzte, isilik eta otzan”.

“Baina herri honek badu etorkizunik, badago alternatiba eta borrokan jarraitzea da. Gure aurrekoen akats eta garaipenetatik ikasiz, milaka gazte konprometituk lanean jarraitzen dugu, Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala lortzeko borrokan”.

“Gaurko borrokatik, biharko garaipenera”, amaitu du.