BULTZADA ZIKLO POLITIKO BERRIARI

Apirilaren 21ean Euskal Autonomia Erkidegoan pasa diren hauteskundeen emaitzek, ziklo politiko berriari bultzada handia eman diote eta askapen prozesuan urrats esanguratsuak emateko indarra eman dio ezkerreko independentismoari. Garaian Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian gertatu zen ziklo aldaketa, EAEra ere iritsi da.

Azken hauteskunde zikloa benetan emankorra izan da ezkerreko independentismoarentzat Euskal Herri osoan. Apirilaren 21eko emaitzei erreparatuta, EH Bilduren boto kopuruak sabai historikoa gainditu du 341.000 bozekin eta EAJrekin eserleku kopurua berdinduta (27). 2020an baino 91.000 boz gehiago bildu ditugu eta gehien hazi den alderdia izan gara. Araban lehen aldiz hauteskundeak irabazi ditugu eta Gipuzkoan herritarren %40aren babesa jaso dugu. Bizkaian ere hazkundea oso handia izan da 30.000 boto gehiagorekin eta EAJrekiko aldea nabarmen murriztu dugu. Bilbon du EAJk gurekiko alderik handiena (27.000 boto) eta hala ere 2020an baino %52 boz gehiago eskuratu ditugu. Izan ere, hiriguneetan izan ditugun emaitzak bereziki azpimarratzekoak dira: Gasteizen irabazi dugu, Donostian oso alde txikiagatik ez dugu irabazi eta herri handi askotan garaile izan gara (Eibar, Durango, Amurrio, Laudio -EAJrekin berdinduta-, Oion, Orereta, Tolosa, Zumarraga, Gernika, Agurain...). Nabarmentzekoa da, oro har, lurraldearen mapan EH Bilduren kolore garaileak izan duen hedapena, baina EAJren berdea ageri den herrietan ere aldea txikia da oro har. Emaitza hauekin, Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 400.000 botoen langa gainditu dugu eta lehen indarra gara.

Egoera aldatu da eta jada gure herria ziklo politiko berri batean sartu dela ukaezina da. Nahiz eta EAJ eta PSE-EEk orain artekoari eusteko tentazioa izango duten, emaitza hauek herri mandatu argia utzi dute: gehiengoa subiranista da eta gehiengoa ezkerrekoa da eta horri erantzuna eman behar zaio. EH Bilduk mandatu hori gauzatzeko ardura bere gain hartuko du herritarrek bere gain jarri duten erantzukizunari eta espektatibiei erantzun baikorra eta anbiziotsua emateko. Guk gobernu bokazioa baitugu, baina estatu bokazioa ere badugu eta ardura horrekin jokatu behar dugu. Gure herriak dituen erronka itzelei aurre egiteko, ezinbestekoa izango da herri akordio zabalen eta gobernantza eredu berri baten aldeko bideari jarraitzea, iniziatiba politikoa hartuta. Eta ezinbestekoa izango da gure herriak behar duen jauzi politikoa emateko herri bulkada sendoa sustatzea.

Emaitza hauek argi utzi dute azken urteetan garatu dugun estrategiaren egokitasuna. Esparruz esparru herri egitasmo sendoa aurkeztea, aliantza politika malgu eta zabalei bidea irekitzea, ahalik eta instituzio gehien gobernatzeko bokazioz jokatzea eta aldaketa poltikoa eta soziala uztartzen duen herri bulkada sendoaren sustapena emaitzak ematen ari da. Dudarik gabe, hauteskunde emaitza hauetan instituzioetan egindako lanak adina zeresan du azken urteetan izandako herri mobilizazioak.

Askapen prozesuan aurrera urratsak ematen ari gara, eta emaitza hauek bultzada berria dira bidean. Izan ere, gako nagusietako bat da egunetik egunera gehiago izatea. Beste gakoa, ahalik eta eragiteko gaitasunik handiena eskuratzea da, eta horretarako instituzioetan ahalik eta indar gehien biltzea garrantzitsua da. Guztiarekin, aldaketa politiko eta soziala sendotzeko ezinbestekoa da sakoneko aldaketa kulturala edo balioen aldaketa lantzen segitzea. Horretan jarraitu behar dugu.

Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 400.000 botoen langa gainditu dugu eta lehen indarra gara.
Guk gobernu bokazioa baitugu, baina estatu bokazioa ere badugu eta ardura horrekin jokatu behar dugu.
Emaitza hauek argi utzi dute azken urteetan garatu dugun estrategiaren egokitasuna.