Herrigaia ponentzia aberasteko bozketa itxita, bere apustu politikoa indartuta atera da

Herrigaia ponentziari egindako zuzenketa partzialen bozketarekin, amaitu da Sorturen III. Kongresuko eztabaida prozesua. Aldekotasuna lortu duten zuzenketekin hurrengo bost urteetarako estrategia eta ildo politikoa finkatuta geratu da, antolaketa ereduan hartutako erabakiekin batera.

Hala, hurrengo urteetan garatu beharreko ildo politikoak babes zabala jaso du militantziaren aldetik. Herrigaia ponentziak, duela bost urte Zohardian erabakitakoa egoera berrira egokituz, nazio askapen prozesua bururaino eramateko estrategia berritu du, nazio bulkada berri baten beharra azpimarratuz helburu hori lortzeko. Zibilizazio krisiaren testuinguruan, aldaketa politiko eta soziala burujabetzaren bidetik egiteko apustua indartatuta atera da. EH Bildu eta EH Bai indartzeko apustua berretsi eta hauen estrategiak babestu ditu kidegoak. Horrekin batera, garaiko erronkei erantzuteko herri mugimendu indartsua izatearen garrantzia azpimarratzen du ponentziak, horretarako ildoak eta misioak zehaztuz: naziotasunaz gain, lan eta bizi baldintzen esparruan, ekologismoan, feminismoan, euskalduntzean, hezkuntzan, migrazioen esparruan eta herrigintza eraldatzaileko beste hainbat esparrutan.

Guztira 119 zuzenketa bozkatzeko aukera izan dute Kongresu prozesuan akreditatutako kideek asteburu honetan. Oniritzia lortu duten zuzenketen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste bost konturi lotutakoak: naziotasuna, ildo sozioekonomikoa, feminismoa, dekolonialitatea eta hirugune handietan segi beharreko ildoa.

 

Antolaketa ereduari buruz zenbait erabaki

Antolaketa ereduari eta funtzioei lotutako zuzenketetan trebakuntza, borroka ideologikoa, Sorturen proiekzio publikoaren ezaugarriak eta borroka moldeak zein ezker abertzaleko komunitatea zaintzeko espazioei buruzko ekarpenak ugariak izan dira.

Bestetik, Sortu eztabaidarako, hausnarketarako, sorkuntzarako eta praktika politikorako espazio irekiak eskaintzen jarraitzeko apustuan berretsi da, baina hemendik aurrera, bozka eskubidea sortzaileek baino ez dute izango.

Horrez gain, Sortu barne aniztasunaren aldeko apustuan berretsi da, iritzi aniztasun hori zaindu beharreko baloretzat duelako, eta zentzu horretan hausnarketarako eta eztabaida kolektiborako espazioak biderkatzeko apustua egin du. Edonola ere, bozkatutako zuzenketen bidez garbi geratu da Sortu ezin dela koalizio edo antzeko zerbait izan. Alegia, bozketan atea itxi zaio inolako espazio politiko edo korronterik artikulatu edo antolatzeko aukerari, horrek barne kohesioaren kaltetan eragingo lukeelako.

Gainontzean, Nazio Kontseiluak egungo zuzendaritza eredua eta markoen inguruan proposatutako egokitzapenak aurrera atera dira. Kongresua bost urtean behin izatera igaroko da, Nazio Konferentziak urtero izango dira baina lan urte amaieran eta Nazio Batzarra gutxienez urtean bitan bilduko da. Nazio Kontseiluaz gain, Nazio Idazkaritza ere zuzendaritza markoa izango da, lehena hiru hilabeteko maiztasunarekin eta bigarrena asterokoarekin. Hau izango da Nazio Idazkaritzaren osaketa: idazkari nagusia, idazkari teknikoa (idazkariorde lehena), barne koordinatzailea (idazkariorde bigarrena), Norabidetze Estrategikorako Gunearen arduraduna (idazkariode hirugarrena), ekintza politikoko arduraduna, herrigintzako arduraduna, barne antolaketa arduraduna, komunikazio arduraduna, nazioarteko arduraduna, gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduraduna eta herrialdeko arduradunak (Ipar Euskal Herria herrialde bakartzat jota).

“Nazio Kontseiluaren osaketan lurraldeen arteko gutxieneko oreka bermatze aldera”, mekanismo zuzentzaile bat ere onartu da bozketa honetan. Horri, Plan Feministan jasota dagoen bezala, zuzendaritzako kideen %40 gutxienez emakumeak izan behar direla ere gehitu behar zaio Nazio Kontseilua zein Idazkaritza osatzeko garaian.

Azkenik, Plan Feminista abiatu da, “gure izatearen despatriarkalizazioan urratsak ematen jarraitzea” xede izanda. Horrez gain, planaren jarraipenerako osatu beharreko barne arkitekturari bide eman zaio.

Kongresu prozesua hasieratik ariketa kolektiboa izan da, Herrigaia ponentzian sintesi ariketa handia eginez. Zuzenketa partzialen bozketarekin buruz burukoekin hasi, Nazio Topaketekin segi eta tesi nagusiak babestu ondoren, adostasuna are gehiago zabaldu eta ponentzia indartuta atera da.


Bozketen emaitzak

119 zuzenketa partzial bozkatzeko aukera izan dute akreditatuek. Guztira 1876 akreditatuk eman dute euren botoa hiru egunotan. Ildo Politikoari egindako zuzenketen artean, 70etik 46k egin dute aurrera. Antolaketa eta funtzionamenduari aurkeztutako 49 zuzenketetatik 36 pasa dira. Aurrera egin duten zuzenketa guztiak Nazio Kontseiluak babestutakoak izan dira.

Parte hartzea beraz, handia eta oso positiboa izan da, jakinik zuzenketa partzialen bozketak ahalegin handia eskatzen duela kideen aldetik.

Nazio Idazkaritza osatuko duten hamabost ardurak beteko dituzten ekipoaren hautagaitza plantxa abenduaren 22an aurkeztuko da. Nazio Kontseilua osatzeko, beste hamabost lagun hautatu beharko dituzte akreditatuek banan banan; hamar nazio irizpidez eta bana herrialde irizpidez. Bozketa urtarrilaren 19tik 21era izango da.

Aldekotasuna lortu duten zuzenketekin hurrengo bost urteetarako estrategia eta ildo politikoa finkatuta geratu da.
Plan Feminista abiatu da, “gure izatearen despatriarkalizazioan urratsak ematen jarraitzea” xede izanda.
Parte hartzea handia eta oso positiboa izan da, jakinik zuzenketa partzialen bozketak ahalegin handia eskatzen duela kideen aldetik.