EH Bilduk sendotasuna eta goranzko joera mantendu ditu bi hauteskunde zitetan, Euskal Herriaren luze-zabalean zuen hedapena handitu du, eta instituzioetan ordezkaritza gehiago eskuratu ditu. Horrek, instituzioak prozesu politikoaren zerbitzura egokitu, eta aurrerapauso sendoak eta jauzi politiko kualitatiboak egiteko aukerak hobetzen ditu.
EH Bildu egonkortua agertu da, eta hori ez da koiunturala. Izan ere, abstentzioak gora egin eta alderdi guztiek behera egiten dutenean, EH Bilduren igoera berretsi egin da. Halaber, EAJren boto galerak urte luzez haren inguruan eraikitako garaiezin eta kudeatzaile onaren mitoa arrakalatu du. Eta, Nafarroa Garaian, Geroa Bairen gainetik geratu izanak,abertzaletasunaren esparru nagusia (baina ez bakarra) ezker independentistak ordezkatzen duela erakutsi du.
EH Bilduk, 335.170 botorekin, Amaiurren 2011ko sabaia gainditu du, abstentzio handiagoko eta polarizazio handiagoko testuinguruan.
Udal eta foru hauteskundeetan Hego Euskal Herriko lehen indarra izan baginen ere, Espainiakoetan PSOE nagusitu da. Halere, Hego Euskal Herriko mapa koloreztatuan ageri den bezala, EH Bildu da udalerrien gehiengoan garaile. Estatuko markoa gailendu da hemen ere, baina badago irakurketa bereziturako zantzurik: PP-Vox aukera baztertzearen alde bozkatu da nagusitasun osoz.
Espainia, tsunamitik urrun
Kataluniaz eta Euskal Herriaz salbu, bizpahiru probintzietan ezik, PP Espainiako gainerako probintzia guztietan izan da garaile. Hala ere, aurreikuspen eta inkestek adierazitakoaren kontra, PSOEk ondo eutsi dio, ordezkaritza bi diputatu gehiagorekin handituz. Ondorioz, iragarri zen tsunamitik urrun, erreakzioaren blokeak ez du lortu gehiengo osora heltzerik. Vox eta Sumar bigarren plano batean ageri diren aktoreak dira; Vox-ek beherakada nabarmena izan du, eta Sumar ez da heldu aurretiaz Podemosek izandako ordezkaritza lortzera.
Laburbilduz, aukera leihoa deitu izan dugunaren eta autoritarismoa eta erreakzioaren arteko lehia zekarten uztailaren 23ko hauteskundeek. Guk aukera leihoa baliatzen jarraitu nahi dugu, eta beraz, oso positiboa da eskuinak gehiengo osorik erdietsi ez izana. Aurkara, kontrarreforma abiatuz, eskubide eta askatasunen kontrako joera etorriko zatekeelako.