“Estatu egiturak eta boterea eraikitzeko anbizioa duen herrigintza behar dugu”

Urte eta erdi da Pello Otxandiano Kanpok eta Zuriñe Gojenola Goitiak Sortuko Herrigintza idazkaritzaren ardura hartu zutela. Tarte horretan Herrigintzak ziklo politiko eta historiko berri honetan bete beharreko funtzioaz, garatu beharreko estrategiaz eta praktika politikorako ereduaz hausnartzen jardun dute komunitatearekin batera. Aurreko zikloak eman duenaz jabetu, aztertu eta aurrerantzean ere herrigintza Euskal Herriaren askapen prozesuan praktika zentrala izan beharko dela diote.

1. Raul Zelikek “La izquierda abertzale acertó” liburuan dio Euskal Herrian herrigintzan egin dugun guztiari ez diogula behar besteko baliorik ematen.

Hori da Durangoko Herrigintza Tailerrera eraman genuen ideia nagusietako bat. Raul Zeliken begirada horrek laguntzen digu eguneroko dinamikan murgilduta gaudenontzat zaila izan daitekeen perspektiba bat hartzen. Raul ez da bakarra Euskal Herritik kanpo hemen, azken 60 urteetan, egin den herrigintza balioan jartzen duena. Herri hau gai izan da gizarte premia zentralei erantzunak emateko herrigintzatik. Ikastolak, komunikabideak, kooperatibak, euskaltegiak, argitaletxeak eta abarrak apenas baliabide instituzionalik gabe sortu ditugu. Esate baterako, euskarak egin duen biziberritze prozesua eredu da beste hainbat hiztun-komunitate minorizatuentzat. Eta hori guztia egin da balio-sistema bat oinarri hartuta: elkarkidetza, gizarte-kohesioa, komunitatearekiko konpromisoa, eta abar. Uste dugu ez daukagula egin den guztiaren inguruko behar besteko kontzientziarik, ez eta ezker abertzaleak herrigintza honi guztiari egin dion ekarpenaren ingurukorik ere. Hau ez da autokonplazientzia ariketa bat, inolaz ere.

Eta hori arazo larri bat da bi zentzutan. Batetik, ziklo aldaketa honetan ezker abertzaleak identitate krisi bat izan dezake. Zer da ezker abertzalea? Zer egin dugu? Zer lortu? Esango genuke, ezker abertzalea, batez ere, herrigintza sen eta grina indartsu bat izan duen komunitatea izan dela, Europa mailan aintzindariak izan diren gizarte-eraldaketa prozesuetan ekarpen kualitatibo izugarria egin duena. Horren kontzientzia hartzea ezinbestekoa zaigu, nortasun indartsu bat ematen baitigu. Eta harrokeriarik ez baina harrotasuna bai eman beharko liguke.

Bestetik, ziklo berri baten hasieran gaude eta horrelako trantsizio garaietan inportantea da perspektiba historikoa izatea. Herrigintzari dagokionez herri-ondare historiko izugarri baten jabe gara. Baliatu dezagun! Gaurko eta etorkizuneko herrigintza prozesuak zerotik pentsatzea akats handia litzateke. Memoria ezinbestekoa zaigu, atzera begiratu behar dugu etorkizuna pentsatzeko orduan. Seguru aski, egin den horretan baitaude herrigintza ziklo berri baten osagai nagusiak.


2. Zelikek liburuan dio, bere ikuspegi alemaniar ezkerreko-libertariotik, Euskal Herrian kontrahegemonia gramsciar bat sortzeko gai izan dela askapen mugimendua, bere bueltan antolatu den ekosistemari esker. Gakoa autoeraketarako gaitasunean eta estrategiaren grabitate-zentroa instituzioetatik kanpo kokatzean egon dela baieztatzen du. Zer diozue horri buruz?

Raulen tesia da ezker abertzalearen bertute nagusia autoeraketarako gaitasun hori izan dela hain justu, dagokion neurrian baloratzen ez dakiena; eta ez hainbeste euskal “identitatearen” defentsan erakutsi duen borrokarako grina. Ez gaude erabat ados horrekin, edo gutxienez planteatzeko moduarekin. Izan ere, herri honetan herrigintzako energiak askatzea posible egin duen gako nagusietakoa Estatuekiko konfrontazioa izan baita. Haustura demokratikoaren aldeko hautuak ekarri du herrigintzarako gaitasunak askatzea hemen, neurri handi batean. Konfrontazioak aldagai ezberdinak izan ditu: militarra ezaguna zaigu baina, aldi berean, Estatuen asimilazio saiakerei aurre egiteko ekimen indartsu bat egon da herrigintzatik egin dena, berdin hezkuntzaren esparrutik zein euskararen aldeko borrokatik edota beste hainbatetik. Esan nahi duguna da, Espainiaren eta Frantziaren asimilazio saiakeren aurrean herri honen nortasunari eustearen aldeko bulkadatik etorri dela hain zuzen Raulek hainbeste miresten duen herrigintza aro hain oparo hau. 

Ezin daitezke auzi nazionala eta soziala askatu. Hori da ezker abertzaleak teorizatu zuena, hori da bere hipotesi estrategikoa, eta gure ustez, etorkizunera begira, hurrengo mobilizazio zikloan, gaurkotasun osoa duena. Beraz, ez gaude ados Raul Zelikek egiten duen irakurketa horrekin. Kontua ez da atentzio gehiago jarri behar dela batean edo bestean. Bien arteko uztarketan asmatu izana da hain zuzen ezker abertzalearen “inbentoa”; Euskal Herriaren asimilazio saiakerei aurre egin die herri-senez, autoeraketa oinarri izan duen herrigintza prozesu sakon bati ekarpen inportantea eginez.


3. Leninista-libertario moduko bat izan ote den ezker abertzalea esan izan da... 

Autoeraketarako intuizio edo sen hori izan du ezker abertzaleak. Ezker abertzalea diogu komunitate soziopolitiko zabal gisa ulertuz –ez termino organikoetan–, azken 60 urteetan herri hau trakzionatu duten bi tradizio politiko handienetako bat izan dena. Sen horrekin planteatu diren proiektuak gizarte premia zentralei aurre egiteko saiakerak izan dira. Herrigintza hori ez da zerbait testimoniala izan. Ikastolen esperientzia, komunikabideak, helduen alfabetatze eta euskalduntzerako euskaltegiak, euskal kulturak beharrezko duen industria sortzeko ahalegina eta beste hainbat egitasmo horren adibide dira. Hemen belaunaldi bat egon da, instituzio autonomikoen ezgaitasun edota kasuan arduragabekeriaren aurrean, Euskal Herriaren etorkizuna bere bizkargainean hartu duena. Inportantea da perspektiba hori izatea. Guk herrigintza prozesu politikoaren erdigunean planteatu behar dugu. Autoeraketaren eta mobilizazioaren bidez Euskal Herriaren eraikuntzan zentralak diren prozesuak elikatzeko gai izan behar gara, eta ez soilik dinamika osagarri bat garatzeko.

Herrigintza tailerraren bueltan Iñaki Sotok idatzi zuen “leninismo libertarioa” izan dela ezker abertzalearen ekarpena. Definizio egokia izan daiteke hori. Autoeraketa oinarri hartuta, teorizazio gutxirekin, herri-senez, praktikatik eta herriarekiko loturatik egin du ezker abertzaleak, batez ere. Horren gainean joan da egiten eta pentsatzen, baina beti ere euskal gizartearen premia zentralei erantzun eta Euskal Herria eraiki nahian. Hor datza izaera leninistak: boterea eskuratzeko bokazioa eta anbizioa izan du ezker abertzaleak hasieratik. “Leninismo libertario” moduko bat izan da ezker abertzalea, bai, bi aspektu horiek uztartu ditu.


4. Familia abertzale nagusiei erreparatuz gero herrigintzarako bi eredu egon dira. Bata instituzionala, EAJren tradizioa, eta bestea ezker abertzalearen tradizioari lotua, marko instituzionaletik at. Hori baieztatu liteke? Zein izan da bataren eta bestearen ekarpena?

Euskal Herria eta euskal gizartea trakzionatu duten bi tradizio politiko nagusi egon dira azken 60 urteetan: EAJ eta ezker abertzalea. EAJk ordezkatzen duen abertzaletasunaren ibilbidea, XX. mende hasieran jaio zena, eten egin zen altxamendu faxistarekin eta ondorengo Francoren diktadurarekin. Agirre lehendakariaren bueltako jendea akituta hil zen ez zuelako asmatu gerra ondoan Euskal Herriari aurrera biderik eskaintzen. Bidea berrartu zuten 78ko erreformarekin, sistema autonomikoa onartuz, esperantzaz autogobernuan sakontzeko aukera emango zuela. Hor badago tradizio abertzale bat –hegoaldeari buruz ari gara hemen– saiatu dena herri-eraikuntzan, sinistuz 78ko sistema konstituzionalak horretarako aukerak irekitzen zituela, lurralde-eremu ezberdinetan burujabetzaren aldeko herri-borondantea artikulatu ahala, Espainiarekin paktatuz, autogobernuan sakontzea posible izango litzatekeela.

Bestalde, beste tradizio politiko bat egon da erantzun bat eman ziona gerra ondoko eten horri. Abertzaletasunari beste formulazio bat eman zion, ezkerretik. Ezker abertzalea sakonean euskal demokraziaren aldeko hautu erradikal bat egin duen mugimendu soziopolitikoa izan dela esango genuke. Horretarako euskarri ideologiko ezberdinak erabili ditu garai bakoitzean. Ezkerreko ideologia modernoetatik edan du –garaian nagusi izan direnak– baina beti ere heterodoxia emankor bati eutsiz. Iturri ezberdinak hartu eta nahastu egin ditu herri-ikuspegia lehenetsiz, Euskal Herrian antzematen zituen erronkei heltzeko behar zituzten egokitzapen guztiekin.

Ezker abertzaleak haustura demokratikoaren aldeko apustua egin zuen frankismoan eta ondoren 78ko erreformaren garaian, eta ondorioz, neurri handi batean, bere ekarpena sistema instituzionaletik kanpokoa izan da. Bere ekimen politikoaren grabitate-zentrua sistema instituzionaletik kanpo egon da, ez diolako legitimitaterik aitortu erreformatik eratorri den sistema horri, 78ko erregimena deritzogunari. Ondorioz, bere ekarpena herrigintzatik egin du gehien bat.

Horiek izan dira gatazka politikoaren aro modernoan Euskal Herria trakzionatu duten bi tradizio politikoak. Bi paradigma antagonikoak maila askotan baina oinarri-oinarrian, herri-ikuspegi batetik –eta orain, zikloa amaituta, atzera begiratu pausatuago batez analisi hau egiteko moduan egon gaitezke–, neurri batean konplementarioak izan direnak. Arzallusek adierazi zuen hori metafora bidez: batzuek arbola astintzen dute eta besteek intxaurrak jaso. Paradoxikoki, ezker abertzalearen hautuak balio izan du daukagun autogobernu sistema hau erdiesteko –erresistentziarik egon ez balitz frankismoan ez genuke izango kontzertu ekonomikorik, telebista publikorik eta abarrik–, eta balio izan du autogobernu sistema babesteko joera birzentralizatzaileen aurrean. Beraz, hor bada harreman bat bi paradigmen artekoa antagonikoa plano batzuetan baina konplementarioa ere bai zentzu batean.

 

5. Ezker abertzaleak 2010ean agortutzat eman zuen bere estrategia. EAJrena ere agortuta dago?

Bai. Ezker abertzaleak Zutik Euskal Herriarekin hasi zuen bere paradigma birpentsatzeko saiakera, seguruenik oraindik bukatu ez dena. Euskal demokraziaren aldeko hautu erradikal hori gaurko gizarte baldintzetara, gaurko testuinguru politikora eta gaurko ezkerraren errealitatera eguneratzeko ahaleginean ari gara.

EAJko abertzaleek oraindik ez dute ariketa hori egin. Ez dute esplizitatu nahi izan bere paradigma agortu denik. Aurrerakoan ez da posible izango sistema konstituzionalaren baitatik autogobernuan sakontzea. LOAPArekin hasten den inertzia zentralizatzaileak sistema autonomikoaren muina erasotu du, eta 155ak eraso hori azken muturreraino eraman du. Ez da posible izango sistema konstituzionalaren baitan Gernikako Estatutuak ematen duena baino autogobernu maila handiagoa lortzerik. Hori horrela, gure ustez, EAJko abertzaleek irakurketa zintzo bat zor diote herri honi.

Une honetan EAJn bi hautu daude: badira proiektu abertzalea likidatu nahi dutenak, besterik gabe Estatuarekin interlokuzio pribilejiatu bat nahiko luketenak. Urrun daude herri honek behar duen lidergo politikotik. Espainiatik datozen politikak hartzen dituzte batere herri-ikuspegirik gabe, eta azken 40 urteetako eraldaketa prozesuen errentetatik bizi dira. “Hauxe da dagoena eta konformatu gaitezen”, esango lukete. Euskal gizartea narkotizatzen dute jendearen beldurrekin jokatuz. Hori da joera nagusia alderdi barruan. Eta bada beste jende bat, abertzalea dena, kezkatuta, badakielako hautu hori katastrofikoa dela termino estrategikoetan, herri hau zulora doala bide horretatik.

Bi tradizio abertzaleentzat ere antzerako momentua da: XXI. mende hain konplexu honetan, gatazka politikoaren ziklo berrian, herri-estrategiak birpentsatzeko garaian gaude. Bakoitzak berea egiteaz gain beharrezkoa da diagnostiko eta errelato komun bat egiten hastea. Adibidez, Eusko Ikaskuntza 100. urteurreneko Kongresuaren harira egiten ari den narratiba interesgarria da: Herri hau erronka berrian aurrean dago. Horiei eusteko bulkada berri bat behar da, gutxi asko XX. mende hasieran eman zenaren antzekoa lehenengo instituzionalizazio saiakerekin eta abar. Hor bide oso bat dago egiteke.


6. Azken urteetan deserrigintza asko egin dela diozue. Zergatik diozue agorpen zantzuak nabari direla herrigintzan? Zein dira zantzu horiek? Beste sektore batzuetan konpartitzen da diagnostiko hori?

Herri honen oinarri materialak ahulak dira hainbat esparrutan. Kulturgintzari erreparatuz adibidez, globalizazio kulturalaren garaian gaude, estaturik gabe. Euskal kulturaren transmisiorako ez dago bermatuta ekosistema bat. Datu soil bat: eskola publikoan erabiltzen diren testuliburuen %70a Madrilen ekoizten da, Euskal Herriaren batere ikuspegirik gabe. Bestalde, gaur arteko euskalduntze prozesuaren topeak ikusten ari gara, euskararen etorkizuna bermatuta ez dagoelarik. Komunikazio sistema da beste adibide bat: ETBrena agortutako eredua da, adibidez. Digitalizazioaren garaian erronka itzela da euskal komunikazio sistema bat eratzearena. Unibertsitateaz ere hitz egin beharko litzateke, unibertsitate sistema autonomo bat garatzeko ezintasunak zer ondorio kaltegarri sortzen dituen.

Adibideekin jarraituz, garapen eredu propio baten oinarria izan behar duen industriaren erronkak handiak dira etorkizunari begira. Ez badago lidergo publiko inportante bat, ez badago ikuspegi autozentratu bat, eta etengabe ari bagara Espainiarekin konparatzen, Espainiakoaren geroz eta antza handiagoko ehun produktiboa izango dugu, eta Europako erregio sozialki aurreratuenen arrastoa galduko dugu. Eta lan-harremanen esparru propiorik ez izatearen ondorioez gehiago hitz egin beharko litzateke: hegoaldeari dagokionez, gure lan-harreman eredua espainola da egitura produktiboa oso bestelakoa denean.

Adibide asko jar daitezke: gizarte dualizazioa, erronka demografikoa, sozioekologikoa, zaintza lanen prekarizazioa, hezkuntza sistemaren porrota, jatorri eta klase segregazioa gure herri eta auzoetan eta abar. Sistema instituzionala bera oso zaurgarria da egun, daukagun botere erreala oso mugatua da. Hain da horrela ze badakigu Sanchez Galanek agindu ziola EAJri sozietate zerga jaisteko. Eta hori, seguru aski, PPren gobernuaren enkargu bat izan zen EAJri adierazteko nork agintzen duen hemen, eta argi uzteko posizio soberanistetara hurbiltzeak zer ondorio izan ditzakeen. Hori eskandalu hutsa da!

Jon Sarasuak esan zuen, duela zortzi urte inguru, kontua ez dela botila erdi beteta edo erdi hutsik ikusten dugun, baizik eta botilak zuloa duela, ura galtzen ari dela. Euskarari buruz ari zen, baina uste dugu metafora horrek balio duela herri honen garapenari loturako esparru guztietarako. Azken 60 urteetako herrigintza zikloan aktibatu diren eraldaketa prozesuen inertziak kudeatzen ari gara kasurik onenean, eta prozesu horietako asko agortu egin dira. Errentetatik bizi gara, eta herri honi erronka berriak eta inoizko konplexuenak aurkeztu zaizkio XXI. mende globalizatuan.

Hori horrela, hemen herri-bulkada berri bat behar da, eta horretarako ditugun tresna guztiak aktibatu behar dira: herrigintzakoak, instituzionalak, politikoak, kulturalak eta abar. Norabide batean eta narratiba konpartitu batekin. Aipagarria iruditzen zaigu dependentziaren kostuak aztertu dituen EHUko udako ikastaroarekin egin den urratsa. Estatuekiko subordinazioak Euskal Herriaren garapenari eragiten dion kaltea aztertu da lehen aldiz esparru akademiko formalean, eta bide bat zabaldu ikerketa berrietarako.

Iruditzen zaigu analisi hau oso partekatua dela sektore kualifikatuetan baina diskurtso publikoaren erdigunera ekartzea falta dela, eta ikuspegi holistiko bat ematea diagnostikoari zein aurrera begirako herri-erronkei. EAJ hori ekidin nahian ibili da, ez zaiolako interesatu. Nahiago izan du euskal oasiaren errelatoa egin eta zentralitatean kokatu, eta alderdi interesak lehenetsi.


7. Zein da herrigintzaren ekarpena burujabetza prozesuan?

Herri honek, bere burujabetzan eta antolaketan aurrera egin dezan, ezinbestekoa izango da herri-aktibazio, mobilizazio eta autoeraketa ariketa herritar zabal eta sendo bat. Hori da, seguru aski, premisa bat aurrerakoan ere aldatuko ez dena. Aurreko zikloan instituzio propiorik gabeko egoeran aktibatu ziren herrigintza energiak, autoeraketatik heldu zitzaien gizarte-erronka zenbaiti, herri-erakunde propioen gabeziak sortutako beharrei erantzunez. Bada argudiatzen duenik egoera oso bestelakoa dela orain, instituzionalizazio prozesu oso bat egin dela ordutik eta protagonismo ia erabatekoa erakundeena dela orain. Planteamendu instituzionalista huts bat litzateke honako hau, okerra erabat. Egoera aldatu da, bai. Egungo sistema instituzionala aintzat hartu behar dugu herrigintzan, noski. Ezin dugu planteamendu parainstituzionalik egin, ados. Baina, gauza jakina da gaurko gizarte-erronkak inoiz baino konplexuagoak direla edozein ikuspegitik begiratuta ere, eta sistema instituzionalaren ahalmenak inoizko mugatuenak direla erronka horiei heltzeko orduan. Herri-erronka nagusiei heltzeko baliabide komunitario guztiak aktibatu beharko dira, eta inoiz baino beharrezkoagoak izango dira instituzioen eta gizarte antolatuaren ekimenaren arteko elkar-elikatze prozesuak. Hau da, herrigintza inoiz baino inportanteagoa izango da hemendik aurrerakoan.

Bestetik, orain arte erresistentzia ikuspegiz egin izan da asko, asimilazioari aurre egiteko beharretik. Orain, estatu-egiturak eta boterea eraikitzeko fasean gaude. Aspirazio eta anbizio hori daukan herrigintza behar dugu. Estatugintzarekin uztartuko den herrigintza behar dugu, biak eskutik helduta joan daitezen.


8. Globalizazio neoliberalari eta atzeraldi demokratikoari aurre egiteko, Euskal Herria ardatz duen proiektu politiko, ekonomiko eta kulturala beharrezkoa dela dio Sortuk. Euskalerrigintzaz hitz egin izan da. Zein izan beharko lirateke demokratizazio prozesuaren ardatzak herrigintza ikuspegitik?

Gure ustez Euskal Herrian demokratizazio prozesuak –edo emantzipazio prozesuak– hiru dimentsio dauzka: estatugintza, naziogintza eta euskalgintza. Hiru dimentsio dira, elkar elikatzen direnak baina bereiztea ere komeni direnak. Joseba Sarrionandiak ere halaxe planteatzen du “Lapur banden etika ala politikan”, ezinbesteko irakurgaietako bat gure iritziz.

Demokratizazio prozesuak estatu bat eraikitzea eskatzen du, eta horretarako estatugintza egitea. Estatugintza nola ulertu behar dugun Jule Goikoetxeak argitzen digu ezin hobeto. “Demokraziaren pribatizazioa” liburua ere irakurgai ezinbestekoa da. Estatuaren teoria kritikoaren beste erreferentzietako bat Bob Jessop da, aurten gure artean izan duguna. Hor bada nahikoa oinarri estatugintza ulertzeko. Estatua ez da gauza bat. Harreman bat eta praktika multzo bat da. Estatugintza egunero egiten da sarri sumatzen ez ditugun praktika askorekin. Batzuetan esaten da “nik ez dakit estatu bat behar dugun”. Estaturik gabe ez dago demokratizazio prozesurik, Julek ondo azaltzen duenez. Baina gainera, estatuak izan baditugu, espainiarra eta frantsesa. Beraz, kontua ez da estatua bai ala ez, baizik eta zelako estatugintza, estatugintzari demokratizazio agenda bat lotuko zaion ala ez.

Estatu bat egitearekin batera nazio bat egin behar dugu, ondo imajinatutako nazio bat, Sarrik dioen bezala. Hori inportantea da, bestela oso zaila baita proiektu politiko sendo bat eraikitzea elkarri bizkarra emanda bizi diren nazio identitateek zatitutako gizarte batean. Gainera, aldaketa sakonak bizi ditugu euskal gizartean. Hiru aldagai nagusik azpimarra merezi dute: Bat/ globalizazio kapitalistak eragindako gizarte joerak –indibidualismoa, kontsumismoa, hedonismoa, kultur globalizazioa–. Bi/ ziklo aldaketaren testuinguruan abertzaletasunak eraiki duen herri-imajinarioaren lausotze bat antzematen da, belaunaldi gazteengan batez ere. Herri-imajinario hau izan da azken hamarraldi luzeetako herri-eraikuntzaren erregaia. Hiru/ aniztasun kulturala: datozen urteetan kultur eta jatorri ezberdinetako jende asko etorriko da Euskal Herrira bertan bizi eta lan egiteko asmoz. Erronka izugarria da: aniztasun kultural hau guztia kudeatzeko eredu demokratiko eta inklusibo bat eraikitzea.

Euskal Herria bilduko duen ezein proiektu politikok –kasuan Euskal Errepublikak– ezinbestekoa du oinarri-oinarrian euskal komunitatearekiko pertenentzia sentimendu indartsu bat. Euskal proiektuari plano arrazionalean atxikitzeaz gain –demokrazia eredua, ongizate eredua, eta abar–, plano emozional edo sinbolikoan ere trinkotuko den komunitate bat osatzea, komunikazio eta elkartasun espazio bat. Bigarren plano horri zentzu emantzipatzaile bat emateko ardura dugu, eta ez nolanahikoa. Izan ere, Euskal Herrian neoliberalismoari eta bere ondorio sozial eta ekonomiko kaltegarriei erantzun progresista bat emateko baldintzetan egon gaitezke datozen urteetan –hori iradokitzen dute pentsionisten mugimenduak, feminismoak, Altsasuko auziaren aurrean artikulatutako erantzunak, eta abar–, baina inork ezin dezake ziurtatu, erantzun hau garaiz eta ondo artikulatu ezean, espazio hori xenofobiak beteko ez duenik.

Hau ere, naziogintza, ondo ulertu behar dugu. Nazioa ez da bukatuta dagoen zerbait. Nazioa egunero egiten da, etengabe ari da birsortzen. Kontua da zein aldagai jarriko ditugun ariketa horretan eta zein artikulazio sustatuko ditugun. Euskal imajinarioa berritu behar da eta horretarako bulkada berri bat behar da. Kulturgintzatik ekarpen inportantea egin ahalko litzateke horretan.

Eta azkenik, beste gauza bat da guk hizkuntza minorizatu bat dugula, zapaldua eta ukatua izan dena urte luzeetan. Euskal Herria berreuskalduntzeko prozesu bat behar dugu, diglosi egoerari buelta emango diona. Hori ere demokratizazioaren parte ezinbestekoa da. Euskara ez da soilik komunikazio tresna bat, hizkuntza minorizatu bat da globalizazio kulturalaren garaian, desagertzera kondenatu nahi den hizkuntza bat, horrek duen esanahi politiko guztiarekin.

Guk horri deitzen diogu Euskalerrigintza, fase politiko honetan behar dugun herrigintzaren paradigmari. Zein da elementu komuna eta zentrala? Euskal Herria. Termino interesgarria iruditzen zaigu Euskalerrigintza, ezker abertzalearen tradizio politikoarekin eta hipotesi estrategikoarekin lotzen baita. Euskal Herria, euskal eskala, erdigunean jartzen duen demokratizazio prozesua. Hori fase politiko honetan zer da? Estatugintza egitea, naziogintza egitea eta euskararen biziberritze prozesuan aurrera egitea. Hiru dimentsio dira. Esan bezala, beraien artean elkar-elikatzen dira baina logika propioak dituzten prozesuak dira. Behar duguna da ekimen politiko bat hiru dimentsio horietako bakoitza elikatuko duena.

 

9. 2018an olatu sozial handiak ikusi ditugu. Energia sortzaile berri bat nabari da. Deserrigintza asko egin da, baina behar den bulkada berria izan liteke hau? Zer ari da gertatzen?

Azterketa sakonak beharko dira. Gure ustez, esan liteke, gutxienez, kuantitatiboki ez-ohikoa dela ikasturte honetan ikusi dugun mobilizazio maila. Hemen gizartea mugitzen ari da.

Besterik da mugimendu guzti honen oinarrian zer dagoen. Beharbada oso goiz da konklusio oso borobilak ateratzeko, baina baliteke garai historiko honi dagokion erreakzio baten aurrean egotea. Kapitalismoaren krisi sistemikoaren aurrean bi erantzun mota ikusten ari gara Europan zehar: bata faxismotik geroz eta hurbilago dagoen eskuin xenofobo eta populista da, eta gobernu autoritario eta teknokratikoen ugaltzea horren islada.

Kutsu progresista daukan erantzun populista da bestea. M15-a, Nui Debout-a, prozesu independentistak –Eskozia, Katalunia, Kortsika– bere ezaugarri propioekin –estatu gabeko nazioak diren heinean demokratizazio prozesua estatuaren aldarrikapenarekin lotzen da–, Jeremy Corbyn fenomenoa, eta abar. Esango genuke jendeari espektatiba batzuk erori zaizkiola, promesa liberala erori dela: “lan egiten baduzu pentsio bat izango duzu, ikasten baduzu bizi osorako lan egonkor bat izango duzu, aukera berdintasuna ezagutuko duzu sexu/genero ardatzari dagokionez”, eta abar. Eta orain, gizarte sektore asko ikusten ari dira promesa horiek erori egin direla eta balitekeela gehiago ez bueltatzea, eta horrek haserrea sortzen du. Bestetik, autoritarismoari edo boterearen erabilpen arbitrarioari elkartasunetik ematen zaion erantzuna ere antzeman daiteke, Altsasuko auzian oso garbi.


10. Guzti hori burujabetza prozesuarekin lotu daiteke?

Hori da gakoa. Hor dagoen magma horrek bide bat edo beste bat egin dezake. Soberanismoak eskaintza politiko bat egiteko aukera dauka egoera ondo irakurtzen asmatzen badu. Diagnostiko zorrotza egitea oso garrantzitsua da. Ez gaude momentu preintsurrekzional batean, jendea ez dago edozertarako prest independentzia edo dena delakoa lortzeko. Aldaketarako gogo bat egon badago, baina beste leku askotan baino hobeto bizi garenaren kontzientzia ere bai, eta daukaguna galtzeko beldurra ere bai. Ziurtasunak emango dituen eskaintza bat behar da, independentismoak erantzun sendoak eta konfidantza eman behar ditu jendea burujabetzaren errelatora erakartzeko; eta dialektika emankor baterako proposamen taktikoak egin beharko ditu –beti egin duen bezala–, gizartean puri-purian dauden identitate kolektibo horien artikulaziorako. EAEko autogobernu ponentzian erdietsi den akordioan egon daitezke XXI. mendeko alternatiba demokratiko baterako eduki politikoak.

Pentsamendu majikoa arriskutsua da. Bada subjektu independentistaren artikulazioa salto kuantiko baten gisara irudikatzen duenik: konfrontazioa eta borondatea besterik ez dira behar independentismoa hegemonikoa izan dadin. Hori baino konplexuagoak dira gauzak, zoritxarrez. Dekantazioaz hitz egin zen Abianen, horrek artikulazioa esan nahi du, eta artikulazioak praktika politiko dialektiko bat eskatzen du. Eta batez ere pragmatismo eraldatzaile asko eta idealismo gutxi, Edu Apodakak esan izan duen bezala.

Dagoen magma sozial guzti honek aukerak irekitzeaz gain ardura handia ere jartzen du gure bizkar gainean, lehen esan bezala, soberanismoak eman ezean beste norbaitek emango baititu erantzunak. Euskal Herrian pentsaezina da gaur Marotorenak edo Frente Nazionalarenak bezalako planteamendu xenofoboak nagusitzea, baina hemendik hamar urtera, auskalo.


11. “Ezinbestekoa da borroken eta subjektuen fragmentazioa gainditzea, lehia guztiei egitasmo integralen baitan aurre egitea” dio Hamaika Begiraden Gogoeta dokumentuak. Zein izan beharko litzateke minimo komun txikiena? Nola egin aurre ezkerrean horren ohikoa den fragmentazio joerari?

Neoliberalismoa subjektu emantzipatzailea zatitzen saiatzen da. Gure erronka identitate kolektibo ezberdinen artean artikulazioak sortzea da. Horretan indar handia jarri behar da, eta gu konbentzituta gaude artikulazio horiek euskal eskalan eraiki behar direla; edo, hobe esanda, euskal eskalak artikulaziorako aukerak biderkatzen dituela. Euskalerrigintza da emantzipazio prozesurako bidea.

Feminismotik intersekzionalitatearen teoria proposatu da artikulaziorako. Eta oso baliagarria iruditzen zaigu botere harremanak identifikatzeko, subjektuak ahalduntzeko eta aliantzak josteko. Gutako bakoitza, eta baita talde gisa ere, nondik abiatzen garen eta, botere harremanei dagokienez, une oro non gauden aztertzeko balio digu. Beti bezala kontua da teoriari zein erabilgarritasun politiko ematen zaion, eta honekin ere egon daitezke arriskuak. Egon daiteke planteamendu bat esaten duena praktika politikoa subalternitateak gurutzatzen diren lekuan bakarrik egin behar dela, toki pribilejiatu horretan non botere harremanak identifikatu, izendatu eta deseraikuntza prozesuak egingo ditugun. Horrela ulertuz gero, ez dago praktika politiko eraldatzailerik.

Adibide bat jartzearren: GARA erosten badut menperakuntzazko botere harremanak erreproduzitzen ari naiz, gaztelera hizkuntza hegemonikoa den neurrian. Logika berari jarraituz, espainolez egiten den estatugintzarik ez dugula nahi esan ahalko genuke. Eta feminismo espainol bat ere ez, noski. Baina datorren urteko martxoaren 8a, Bilbon, seguruenik, oso espainola izango da, oso hispanozentrista. Zeren gauza bat da mobilizazioa antolatuko duen mugimendu feminista, eta beste gauza bat nork jarriko dion horri marko politiko-mediatiko orokorra. Seguruenik gehiago jarriko diote La Sextak eta Podemosek Bilgune Feministak baino, zoritxarrez. Beraz, joan behar gara edo ez? Esan nahi duguna da, menperakuntzazko harremanak identifikatu eta izendatu egin behar ditugula, noski, baina praktika politikoan ezin garela purismoan erori, eraldaketarako potentziala automugatzen ariko baikinateke.

Bestela identitate politika hutsak egiten bukatu genezake, arreta diferentzian jartzen subjektuen arteko artikulazioa ahalbidetzen eta eraldaketa posible egingo duten narratiba konpartituak josten baino, neoliberalismoak hainbeste desio duen subjektuen fragmentazioan sakontzen. Badira zentzu horretan hainbat kritika multikulturalismoaren diskurtsoari, dibertsitatearen ospakizunari, eta abar. Nancy Fraser, Angela Davis eta beste intelektual feminista batzuek %99arentzako feminismoa aldarrikatu zuten martxoaren 8aren bueltan, adibidez.


12. Mario Zubiagak identitate logika, botere logika eta eragin logika aipatu zituen UEUko “Herrigintza aro berri baterako begiradak” ikastaroan...

Bai, eta praxi politikoaren ikuspegi integral bat hartzen laguntzen digu. Hiru logika, hirurak beharrezkoak. Bata identitate logika; logika honen arabera nik identitate bat daukat, autonomiaz jokatzen dut, besteak interpelatzen ditut eta gatazka sortzen dut. Gatazka mugatua da zeren marjinala naiz indar-harreman orokorrei dagokienez, baina gatazka esplizitatzen dut. Gatazka beharrezkoa da demokratizaziorako.

Bigarrena, botere logika. Logika honetan demanda ezberdinak artikulatzen saiatzen naiz. Gatazka automugatzen da, zeren artikulazio saiakera horretan ezin ditut demanda batzuk nahi beste erradikalizatu. Bilatzen dudana da artikulazio handi bat, adostasun zabal bat boterea lehiatzeko gai izango dena. Eta azkenik, eragin logika: ni niretik saiatzen naiz egiten eta beste eragile batzuk limurtzen nirea onar dezaten. 

Hiru logikak dira beharrezkoak. Ez dira estankoak, nahastu egiten dira sarri eta tentsioak sortzen dira beraien artean. Arazoa da identitate logikan soilik kokatzea eta praxi politikoaren integraltasunari uko egitea. Horren adierazle nagusia ELA da momentu honetan, gutxienez bere diskurtso publikoan. Besterik da logika horretan eraikitzen duen diskurtsoa zenbateraino den koherentea bere praktika sindikalarekin, afiliazio egiturarekin, eta abar. Kontrara, bada beste jende bat identitate logiketan funtzionatzen duena, baina kontziente dena funtzio konkretu bat betetzen duela sistema baten baitan, eta beste funtzio batzuk beteko dituzten eragileak behar direla, argi baitute praxi politikoak logika ezberdinak behar dituela.


13. Ezker abertzalearen kultura politikoan ez dira herrigintza eta ekonomia uztartu izan, Katalunian ez bezala. Gaizki ikusia ere izan da, neurri batean bederen, herrigintza eta ekonomia lotzea.

Hori UEUko ikastaroan aipatu zen. Bai eta ez, esango genuke. Alde batetik, sindikalismo abertzale indartsu bat egon da hemen Katalunian ez bezala, kontraboterezko sindikalgintza izan dena neurri handian, baina hainbat gogoeta egin dituena eraikuntza klabeetan ere, Gaindegia bezalako proiektuak mahaigaineratu dituena, adibidez.

Bestetik, Arrasateko esperientzia kooperatiboa ere hor dago. Jende askok ulertu du kooperatiben paradigman bazegoela herri-eraikuntzarako esparru inportante bat, eta bere ekarpen militantea kooperatibetan egin du. Esango genuke lehen aipatu dugun herrigintza sen hori lan duinaren sorreran, enpresen demokratizazioan eta abar ere gauzatu dela Arrasateko esperientzian. Besterik da Mondragonen bilakaerarekin kritikoak izatea. Baina deigarria da oso Erik Olin Wright bezalako autore batek –erreferentzia dena marxismo analitikoan–, edo Raul Zelikek berak “La izquierda abertzale acertó” liburuan esaterako, Arrasateko esperientzia nola baloratzen duten irakurtzea –bere bertuteak eta akatsak kontutan izanik–, eta Euskal Herrian, hainbat ezkerreko sektoreetan, esperientzia honen analisi kritikoa egiteko zer pereza intelektual antzematen den. Edozein kasutan, ekonomia sozialak euskal ekonomian duen pisu espezifikoa salbuspenezko zerbait da mundu mailan, eta horrek, zalantzarik gabe, badu zerikusirik Euskal Herrian egon den autoeraketarako senarekin.

Halere, egia da, ezker abertzalearen imajinario kolektiboan, herrigintza aipatzean, euskara, hezkuntza, komunikabideak, kulturgintza, ikastolak datozkigula burura. Euskal kulturgintzaz hitz egiten da –gutxi, esango dute askok– baina euskal kulturgintzak behar duen industriaz ia batere ez. Ados gaude, zalantzarik gabe, aldagai ekonomikoa herrigintzan txertatu beharrarekin, esparru guzti-guztietan. UEUko “Herrigintza aro berri baterako begiradak” ikastaroan horretaz pixka bat hitz egin genuen. Hemen badugu sindikalgintza abertzale indartsu bat, mugimendu kooperatibo bat hamarkadetako ibilbide eta memoria kooperatiboduna, eta orain, gainera, lanaren burujabetza helburu duten esperientzia askotarikoak ikusten ari gara. Belaunaldi gazteengan ikusten da aspirazio bat, gogo bat, lanaren jabe izateko, burujabe izateko lanari dagokionez ere. Ekonomia Sozial Eraldatzailean badira praktika batzuk –Koopfabrika kasu– hori lantzen ari direnak.

Errealitate berri bat dator: lan-baldintzen prekarizazioa, botere sindikalaren galera lan-erreformen eta desrregularizazioaren ondorioz, baita mediazio egituren krisiaren ondorioz ere. Bestalde, lanaren burujabetzan sakontzeko gogo bat ikusten da ahal den neurrian. Horrek sindikalgintza zein mugimendu kooperatibo tradizionala interpelatzen ditu. Zein inpultso emango diogu horri batetik eta bestetik? Hori aztertu behar da.

Lana-kapitala antagonismoa birkontzeptualizatu daiteke eta borroka hori lantokietara eraman aukerak dauden lekuetan. Lanaren demokratizazioa modu integralagoan abordatu daiteke: enpresen demokratizazioaren inguruan pentsatzen hasi, langileen parte-hartzearen inguruan –parte-hartzea ez bakarrik kudeaketa edo irabazietan, baita kapitalean ere–, eta horretarako konfrontazio bide bat zabaldu. Hor badago borroka esparru oso bat Euskal Garapen Eredu batekin lotu daitekeena, aberastasuna nola eta zertarako sortu planteatuko duena.

Guzti horretan zer dugu gure alde? Euskal Herrian paradigma kooperatiboa garatua dugula bere kontraesan guztiekin, ekonomia sozialak pisu espezifiko handia duela euskal ekonomian. Esperientzia bat badugu eta hortik ikasi daiteke: bere garapenean sor daitezken disfuntzioak, egon daitezkeen arriskuak eta abar. Hori gure mesedetan dugu. Bestalde, badugu sindikalismo indartsu bat kontrabotere papera jokatu dezakeena, eta hori osagarritu bestelako ekimen sindikal batekin. Eta hortik hasi gintezke hitz egiten ez soilik aberastasuna nola banatu, baizik baita produkzio ereduaz ere. Estatu proiektu bat pentsatzen hasita, aberastasuna nola sortuko da? Zer sortuko da? Galdera horiei erantzunak bilatzen hasi behar gara. 

Beti daude arriskuak. Ekonomia sozialak planteamendu endogeno-korporatiboetan bukatzea izan liteke bat, adibidez. Beraz, estatuak funtzio erregulatzaile eta birbanatzaile argi bat izan behar du ekonomian. Baina badugu oinarri nahikorik alternatiba sozioekonomikoetan anbizio honekin pentsatzen hasteko, gizarte eta produkzio harremanak aldatzeko anbizioarekin.


14. Aurtengo kurtsoan ekimen esanguratsuak datoz. Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko Kongresua inflexio puntua izan liteke. Ze baldintza sor ditzake?

Euskalerrigintza aro berri baten mugarri izan daiteke. Euskal Herriaren eraikuntzari begira diagnostiko konpartitu bat eta aurrabideen inguruko lan-lerro batzuk adosten ari dira. Liburu zuri baten idazketaz hitz egiten ari da, eta horrek anbizioa erakusten du, nahiz eremu akademikora mugatzen ari den neurri handi batean. Euskal Herriaren ikuspegi nazionala duen horrelako diagnostiko bat eta Euskal Herriaren eraikuntzari begirako lan-lerro nagusien identifikazioa modu partekatuan egitea aurrerapausu kualitatiboa da. Eta ariketa hori Eusko Ikaskuntza bezalako instituzio batean kokatzea interesgarria iruditzen zaigu aurrera begira ireki ditzakeen aukerei begira.

Euskal lurraldeen arteko lankidetza dinamiketan sakontzeko baldintzak inoizko onenak dira gaur egun: Lurralde Elkargoa martxan da, Nafarroan aurrera urrats handiak eman dira erregimenaren destituzioan. Gaur, Euskal Herria bere osotasunean aintzat hartuko dituzten dinamika autozentratuetan sakontzeko baldintzak daude, eta probestu egin behar dira datozen urteetan. Horrek ipar adostu bat behar du, agenda bat, eta Eusko Ikaskuntzaren liburu zuriak eman lezake hori.


15. Olatu berriei begira, euskalgintzan ere badatorrela dirudi. Zer eman dezake Euskaraldiak?

Hor ematen du olatu bat badatorrela, ikusten da tokian toki indarra duela. Iruditzen zaigu Euskaraldia euskalduntze prozesuaren momentu berezian kokatzen dela, euskalduntze fase oso bat agortu den garaian. Orain 40 urte euskararen biziberritzerako antolatu ziren baliabideek –D eredua, euskarazko telebista publikoa, hizkuntza politika ofizialak, eta abar– ez dute gehiagorako ematen. Datuak mahai gainean daude: ezagutzak ez du erabilera ziurtatzen eta erabileraren orain arteko goranzko joera eten egin da. Bi ikuspegi egon daitezke orain: Bat/ hau da hizkuntzaren biziberritzeak eman zezakeena eta bizi gaitezen honekin ahalik eta euskaltasun sinpatikoena erakutsiz. Bi/ euskararen etorkizuna ez dago bermatuta. Asko da egin dena hizkuntzaren biziberritzeari dagokionez eta orain bigarren euskalduntze fase bat irekitzea dagokigu.

Bigarrenean kokatzen gara gu zalantzarik gabe, eta uste dugu bigarren euskalduntze fase batek ibilbide estrategiko berritu bat behar duela; eta baliabideak, tresnak eta egiturak berregokitu egin behar direla horretarako. Hasteko eta behin, herri-eztabaida bat behar dugu bigarren euskalduntze fasearen langa non kokatu beharko/ahalko litzatekeenaren inguruan. Noraino eraman behar dugu normalizazio soziolinguistikoa? Noraino ezagutza? Noraino erabilera? Eta gero, zer tresna behar dugu horretarako? Gauza batzuk begi bistakoak dira. Adibidez, hizkuntza ereduek ez dute gehiagorako ematen, eta gainera segregazio iturri izaten ari dira. Murgiltze ereduaz hitz egiten hasi behar da. Uste dugu, adibidez, inor gutxik jartzen duela zalantzan ETB goitik behera birfundatu behar dela. Eta horrela euskalgintzaren atal guztien errebisio estrukturala egin beharko litzateke.

Iruditzen zaigu balizko euskalduntze fase berri bati begira badirela bi gako azpimarra merezi dutenak. Batetik, euskalduntze fase berriak burujabetza eskatzen du. Espainiaren inboluzio demokratikoa euskararen biziberritzerako oztopo nabarmena baita, eta izaten jarraituko baitu. Euskalduntze fase berriak behar dituen baliabideak antolatzeko burujabetza estatus bat beharko dugu. Euskararen etorkizuna eta burujabetza politikoa uztartuta ageri dira, inoiz ez bezala.

Bestetik, lehen fasean gertatu bezala, euskalduntzearen bigarren fasean aktibazio soziala klabea izango da. Euskararen geroa herri-gogo berri batekin lotuta ikusten dugu inoiz baino gehiago, eta hiztun komunitate ahaldunduaren inpultsoa determinantea izango da horretan, zalantzarik gabe. Eta horretan uste dugu Euskaraldiaren ekarpena inportantea izan daitekeela, euskaldunak ahalduntzeko balio dezakeen neurrian, eta konturatzeko hizkuntza eskubideen jabe garela eta eskubide horiek urratu egiten direla egunerokotasunean.


16. Eta hezkuntza esparruari buruz, zer diozue?

Euskal hezkuntza sistemak –dagoenak, orain arte garatu denak– porrot egin du. XXI. mendeko erronken aurrean XIX. mendeko hezkuntza eredua daukagu. Hiru hezkuntza sistema –espainolak eta frantsesa- eta, hemen guztian sakontzea ezinezkoa bada ere, porrotaren ebidentzia batzuk oso nabarmenak dira.

Batetik, hezkuntza sistemak ez du espero zen neurrian euskaldundu; hizkuntza-ereduen agorpena ukaezina da. Oraindik orain, ipar euskal herritarrak, esaterako, Bordeleko errektoretzaren aurrean kateatu behar dira Brebetako azterketak euskaraz zuzenduak izan daitezen exijitzeko.

Baina horrez gain, erabat zaharkituta dauden hezkuntza sistemak dira ditugunak, eredu arkaikoenen parekoak: zentralistak; pedagogia eredu zaharretan betikotuak; irakaslegoa gaur hara eta bihar bestera txontxongiloak bezala darabiltenak –haien ekarpen potentziala erabat mugatuta–; sexu arteko bereizketa ahalbidetzen dutenak; erlijio, jatorri, klase, edo dena delako arrazoiengatiko segregazioetan sakontzen dutenak, eta abar. Eta hori gutxi balitz, diseinatu diren helburuetan gero eta emaitza kaskarragoak ematen dituztenak –begira bestela PISA azterketen azken emaitzak–.

Diagnostiko zehatz baten premia dugu. Gero eta herri anitz eta konplexuagoa da gurea eta, globalizazioaren fenomenoari erreparatuta, hemendik urte batzuetara errealitate hori areagotu egingo da. Herri kohesionatu eta aurrerakoia izan nahi badugu horretan lagunduko duen hezkuntza sistema bat behar dugu. Finlandiak edota Estoniak esaterako eredu interesgarriak erakusten dizkigute: komunitatean txertatutako ikastetxeak, eredu pedagogiko aurrerakoiak, inor bazterrean uzten ez dutenak, herri-hezitzaile filosofian ardaztutakoak, eta abar. Hezkuntza proiektu solidoak inondik ere. Hik Hasik eredu horien onena jasotzen duen proposamena aurkeztu digu ikasturte honetan. Orain horretan sakontzea dagokigu geure eredu propioa asmatuz.

Baina horretarako egun daukagunetik abiatu behar garela onartzea ezinbestekoa da. Hemen urteetan administraziopeko sistema publiko bat garatu da, eta aitortza zor diogu horri. Herri-bulkada batetik sortutako Ikastolak ere badaude, eta horri ere badiogu zer aitortua. Baina behin honaino iritsita, badaukagu herri-anbiziorik bestelako helburu handiagoetara iristeko? Horrela bada, elkarlanetik eta konfluentziatik etorri beharko da hori. Herri honek behar duen mailako hezkuntza sistema eraikitzeko bidea egin behar dugu, eta bide horretan egun ditugun urgentziazko erronkei –segregazio egoera larriei eta abar– aurre egiteko urrats ausartak ematea dagokigu. Konpromiso historiko berritua behar da denon partetik. Bai Ikastolen aldetik eta bai administrazioaren aldetik ere; eta batez ere, horretan sinisten dugun herritarron partetik.


17. Aurtengo kurtsoan hauteskunde munizipalak datoz. Udalgintzak ze ekarpen egiten du herrigintzan? Ikuspegiak berritzea komeni da eremu horretan ere? Txomin Povedak Plaza Hutsan zioen Ipar Euskal Herrian herri ekimenetik sustatutako instituziogintza formula arrakastatsua izan dela.

Eredugarria da Ipar Euskal Herrian nola asmatu den uztartzen herrigintza eta estatugintza. Sortu diren tentsioak ere aztertu beharko dira, baina zalantzarik gabe oso emankorra izan da. Tokiko instituzioen –Herriko Etxeen– eta autoeraketa komunitarioaren arteko txertaketaz mintzo da Txomin Poveda Plaza Hutsan, eta oso ikuspegi interesgarria ematen du. Maila askotan ari da izaten Ipar Euskal Herria eredugarri. Funtsean, euskal dinamika politiko autozentratuak gizarte eraldaketan duen potentziala ari da erakusten.

Herrigintza aipatu eta jende askori burura datorkiona herri-mugimendu klasikoak dira, edota autoeraketa puroan oinarritutako proiektuak, instituzioetatik erabat aparte; eta horri ematen zaio balioa hain justu, sistema instituzionaletik deskonektatuta egoteari. Kontraboterearen ikuspegi mugatu hori oso kamutsa dela deritzogu eta Ipar Euskal Herriak bestelako bide bat erakusten digula, Txomin Povedak ondo azaltzen duen bezala.

Hauteskunde munizipalak datoz bai, urte politiko honetan hegoaldean eta hurrengoan iparraldean. Garai aproposa udalgintzari zor zaion balio politikoa aitortzeko eta urrats berriak emateko udalgintza eredu berritu baten lanketan. Otsaileko herrigintza tailerraren bueltan esan genuena berresten dugu: ez gara jabetzen udalgintzak gizarte eraldaketarako duen pontentzialaz. Durangon hainbat esperientzia erakutsi genituen, baina horiek lagin txiki bat baino ez dira: Oreretako gazteentzako etxebizitza komunitarioak, Bakion egin den prozesu komunitarioa garapen estrategia bat diseinatzeko, Gares egiten ari dena energia burujabetzaren bidean... baina horrela hamarnaka prozesu eraldatzaile izendatu genitzake: Urduñako tokiko garapen estrategia agroekologiari garrantzia emanez, Baztango garapen estrategia, Azpeitiako kultur mahaia eta San Agustin proiektua, Oñatiko esperientzia; nola ez, Iruñeko Udalean egindako lana lau urte hauetan zehar... Ezagutzen al dira? Horren inguruan idatzi al da? Zenbat halako esperientzia eraldatzaile garatu dira Euskal Herrian azken zortzi urteetan? Transition towns, Fearless cities edota CUPen munizipalismoa gehiago ezagutzen da gure Udaletan egiten duguna baino, eta kasu batzuetan ez du parekorik.

Jabetu behar dugu Euskal Herria esperimentazio eremu aintzindaria izan daitekeela Europa mailan eraldaketa proiektu komunitarioei dagokienez –batzuek berrikuntza soziala deritzotena, beste batzuek tokiko iraunkortasuna, Ipar Euskal Herrian eraikuntza dinamika alternatiboez hitz egiten da–. Hemen izan dezakegun tokiko botere instituzionala eta izan ditzakegun baldintzak eragile komunitarioen arteko sinergiak eraikitzeko itzelak dira. Hor pausu bat aurrera ematea falta zaigu. Izan ere, tokiko eremua estrategikoa da gizarte eraldaketan. Lehenago esan bezala, gaurko gizarte-erronkak inoiz baino konplexuagoak dira eta edozelako prozesu eraldatzailek eragile komunitario askoren aktibazioa eskatzen du, interbentzio komunitario sakonak, behetik gorako egitasmoak. Komunitarismoaren –komunitatean egiten den esku-hartze eraldatzailearen– kontzeptualizazio berri bat behar dugu, esku-hartze horren nolakotasuna ondo ulertu eta batzuen eta besteen funtzioak ondo definitu.

Udalgintza herrigile bat –edo komunitario bat– klabea da horretan, baina bere balio erantsia zertan eskaini dezakeen ondo definitu behar da: dena ezin da tokiko eremutik abordatu baina zenbait esparru lantzeko estrategikoa da. Zeintzuk dira esparru horiek? EH Bilduk bere udalgintza eredua berritu beharko luke: egiten dena balioan jarri, diskurtso indartsu bat eraiki eta udalgintzaren ildo estrategikoak definitu; eta bere instituziogintzaren zutabe nagusietakoa bilakatu. Udalgintza prestijiatu behar dugu, kanpoko eredurik kopiatu gabe, geure baitara begiratuz; Euskal Herrian badugu tradizio munizipalista indartsu bat, HBren esperientzia eta Udalbiltza horren adibide dira.

18. Kultura politiko berriaz hitz egin izan da. Eskema abangoardista alboratu eta lidergo demokratikoan oinarrituko den lan eskemaz hitz egiten da Zohardian. Zein izan behar da Sorturen interbentzio eredua herrigintzan?

Guk herrigintza euskalerrigintzaren paradigman kokatzen dugu. Badago jendea beste motako herrigintza bat egiten duena, ez daukana zer ikusirik euskal estatuaren proiektua hauspotzearekin, erabat errespetagarria dena. Ezker abertzaleak fase honetan sustatu behar duen herrigintza euskalerrigintzan kokatzen da: estatu bat eraikitzean, nazio bat egitean eta euskara berreskuratzean. Plaza Hutsarekin egin dugun lehen ziklo honetan –herrigintza aro berri baterako hamaika begiradak, elkarrizketak, udako ikastaroa– marko orokor hori kokatzen saiatu gara.

Zein da gure ekarpena herrigintzan? Gure balio erantsia zein izan daitekeen hausnartu behar da horretarako. Batetik, gu Euskal Herriaren burujabetze egitasmoarekin konprometitutako eragilea gara, Euskal Herri osoan hedatua eta interbentzio politikoaren ikuspegi zabal bat izan dezakeena. Bestetik, herrigintzan autoeratu den komunitate bat ordezkatzen dugu, ezker abertzalea den komunitate soziopolitikoa, herrigintza tradizio baten jabe dena, herrigintzarako sena duena, herrigintza praktika askotarikoetan ari dena. Herrigintzari egin diezaiokegun ekarpen handiena komunitate hori saretzea, ahalduntzea, trebatzea eta estrategikoki norabidetzea da. Prozesu komunitario eraldatzaileek –izan tokiko mailan, eskualdean zein nazio mailan– ekintzaileak behar dituzte –nahi bada sustatzaileak, integratzaileak edota dinamizatzaileak–. Ezker abertzalearen corpus militantea ekintzaile komunitarioa izan beharko litzateke batez ere, eta Sortu ekintzaile komunitarioen fabrika bat.


19. Plaza Hutsa ekimena abiatu zen aurreko urte politikoan, herrigintzaren egoerari buruzko hausnarketak partekatu eta saretze berriak bultzatzeko. Zer eman du? Eta zer egiteko bidea ireki du?

Zohardian esaten genuen kontua ez dela komunitate guztia antolakundearen baitan sartzea, baizik nola artikulatzen dugun ezker abertzalea den komunitate hori. Sortu komunitate hori saretzeko eta antolatzeko tresna da, eta horretarako espazio horizontalak artikulatu behar ditu. Guk sumatu duguna da herrigintzan diharduen ezkerreko eta abertzaleen komunitatea oso zabala dela, eta espazio horizontalak eskatzen dituela. Hausnarketarako, esperientziak konpartitzeko, elkar ezagutzeko, tresna berriak jasotzeko eta abar.

Hori da Plaza Hutsaren ideia: ezkerreko independentismoaren topagunea izan nahi du herrigintzaz hausnartzeko eta herrigintzan trebatzeko. Espazio digital bat eta espazio fisiko bat izango ditu. Aurreneko ziklo honetan marko orokor bat jarri dugu eta orain, azaroko tailerrean, ziklo berri bat jarriko dugu martxan. Plaza Hutsa tailer hau instituzionalizatu egin nahi dugu, urtero ospatuz, udazkenean. Datorren urteko erronkak identifikatzeko balioko digu, batez ere.

Kurtso politiko honetan euskalgintzan, hezkuntzan, euskal imajinarioaren birsortzean eta esku-hartze komunitariorako moldeetan sakonduko dugu besteak beste, eta ekarpen kualitatiboak egiten saiatuko gara.

Euskal Herriaren eraikuntzan zentralak diren prozesuak elikatzeko gai izan behar gara, eta ez soilik dinamika osagarri bat garatzeko.
Hemen herri-bulkada berri bat behar da, eta horretarako ditugun tresna guztiak aktibatu behar dira: herrigintzakoak, instituzionalak, politikoak, kulturalak eta abar, norabide batean eta narratiba konpartitu batekin.
Erronka dauden gizarte demanda ezberdinen artean artikulazioak bilatzea da. Horretan indar handia jarri behar da eta gu konbentzituta gaude artikulazio horiek euskal eskalan eraiki behar direla.