Borrokan, eredu sozial alternatibo baten alde

Arkaitz Rodriguez idazkari Nagusiak eta Lur Albizu Nazio Kontseiluko kideak Atarrabian, Sorturen Nazio Batzarrean, egindako hitzartzea.

Mugimendu eraldatzaile ororen zeregina da askapen prozesuak aurrera eramatea, beti herriaren mesedetan. Herriak sortu zuen ezker abertzalea, herriari zor gatzaizkio, eta ikuspegi horretatik diogu egin ditugula etxeko lanak. Gure burua eta gure estrategia berritu ditugu gure ardurak gureganatuz eta herriari argi hitz eginez.

Gaur, azken urteetako jardueraren balantzea egiteko unea izan da, irailean Kongresu prozesuko eztabaidei ekin ahal izateko.

Bada, lau urte hauetan definitiboki itxi dugu aurreko ziklo politikoa eta definitiboki ireki ziklo politiko berria. Gaur, ezker abertzalearen estrategia aldaketatik hamar urtera, egoera arras ezberdina da, arras hobea. Eta hori, batez ere, ezker abertzalearen aldebakarreko ekimenari zor zaio.

Bigarrenik, denbora honetan ezkerreko subiranismoa indartu da. Lan eskerga egin dugu EH Bildun eta EH Bain gure aliatuekin batera. Egun, Euskal Herri osoa aintzat harturik, ezkerreko  subiranismoa bigarren indar politikoa da. Lehena zinegotzi eta udaletxe kopurua aintzat hartuta. Eta inoiz baino eragin gaitasun handiagoa du legebiltzarretan eta Euskal Elkargoan, baita Madrilen ere.

Hirugarrenik, behar baino askoz ere beranduago eta motelago bada ere, hasi gara euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzen, urte luzetako mobilizazio jarraituari eta ezkerreko subiranismoaren aipatu indartzeari esker etxeratzen hasi ere.

Azkenik, lau urte hauek borroka eta aldarri eraldatzaile askoren olatu aldia izan dira. Harrokerik gabe baina harrotasunez esan dezakegu horietan guztietan izan direla Sortu eta ezker abertzalea: autoritarismoaren eta faxismoaren aurkako borrokan, borroka feministan, pentsionistenean, erabakitzeko eskubidearen zein preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzearen aldekoan... Eredu sozial alternatibo baten aldeko borrokan, azken batean.

Gaur ezkerreko independentismoa duela lau urte baino indartsuagoa da. Ibilbide emankorra egin dugu eta aurrera begira asmo nagusi bat dugu: herri honen erritmoa bizitzen segitzea.

Bada, bide horretan, beste ezer baino lehen, pandemiak areagotu duen krisi egoerari aurre egin behar diogu. Krisia ezin dute betikoek ordaindu, ezin dugu betikoek ordaindu. Krisia goikoek ordaindu behar dute. Eta horretarako, langileekin, feministekin, pentsionistekin, migranteekin, gazteekin... eskuz esku eta orpoz orpo borrokatuko gara instituzioetan eta, batez ere, kalean.

Behar duguna ez baita normaltasun neoliberalaren berreraikuntza, sakoneko eraldaketa bat baizik. Zeren eta ze normaltasun da berreraiki nahi dutena? Planeta kolapsora daramana? Gazteak etorkizuneko perspektibarik gabe utzi dituena? Gehienon bizitzak etengabe prekarizatzen ari dena? Zaintza lanak prekarizatu eta soilik emakumeen gain uzten dituena? Euskara eta euskaldunok etengabe azpiratzen gaituena? Funtsean, hona ekarri gaituen normaltasun hori da berreraiki nahi dutena? Ez. Behar duguna ez da normaltasun horren berreraikuntza, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen zibilizazio berri baten eraikuntza baizik.

Estatu quoa aldatu nahi dugu eta aldatu behar dugu, kapitalismo patriarkalak bizitzak narriatu eta suntsitzen bait ditu. Eta aldaketa hori gauzatzeko burujabetza behar dugu.

Ser cada vez más estado y cada vez menos autonomía o territorios dependientes de Francia y España, ese el reto de época en Euskal Herria. Y lo es porque es la única manera de superar esta locura y desorden neoliberal que nos lleva a la destrucción del planeta y la vida. Necesitamos una sociedad consciente, crítica, movilizada y comprometida, y necesitamos unas estructuras de Estado a su medida. Euskal Errepublika bat, demokratikoa, sozialki justua, feminista, euskalduna eta planetarekin errespetukorra.

Hurrengo hilabeteetan, erronka horiei ahal bait eraginkorren erantzute aldera, galderak pausatu eta erantzunak bilatuko ditugu. Erantzun politikoak eta organizatiboak. Gaur, atzo bezala, gakoa antolakuntza eta borroka baita.

Azken horri lotuta, Sortun praktika feminista garatzeko urrats berriak emateko erronka dugu eskuartean. Duela lau urte Plan Feminista bat osatzeko eta martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen. Hala egin dugu, baina norabide horretan Kongresu hau baliatu nahi dugu urrats kualitatiboak emateko eta emakumeon parte hartzea biderkatzeko maila guztietan. Zentzu horretan, militante feministoi egiten duzuen lana eskertu nahi dizuegu, ez baita erraza, baina zuek gabe ezinezkoa litzateke egin nahi dugun bidea, eraldaketa feminista osoa gauzatzea.

Erronka itzela dugu datozen hilabeteotan eta ohi bezala galdera hauei praktika politikoarekin erantzuten asmatu behar dugu. Kideak saretu, entzun, eztabaidatu eta are indartsuago aterako gara urtarrileko Kongresutik, herria helburu, betiere.
Gora Herria! 
 

Lau urte hauek borroka eta aldarri eraldatzaile askoren olatu aldia izan dira. Horietan guztietan izan dira Sortu eta ezker abertzalea.
Estatu egiturak behar ditugu. Euskal Errepublika bat, demokratikoa, sozialki justua, feminista, euskalduna eta planetarekin errespetukorra behar dugu.
Militante feministoi egiten duzuen lana eskertu nahi dizuegu, ez baita erraza, baina zuek gabe ezinezkoa litzateke egin nahi dugun bidea, eraldaketa feminista osoa gauzatzea.