Aieteko Nazioarteko Konferentziatik zein ETA erakundearen indarkeria armatuaren amaieratik hamar urte igaro direla aintzat hartuta, euskal ezker independentistak honako hausnarketak partekatu nahi ditu euskal gizartearekin, espainiar eta frantziar gizartearekin, zein nazioarteko iritzi publikoarekin:
1) ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik hamar urte igarota, konpromiso hura osorik bete dela egiaztatu besterik ezin dugu egin. Haren jardueraren amaiera osoa eta erabatekoa izan da. Horrez gain, modu egokian egin du armagabetze eta desegite prozesua, nazioarteko estandarrek zehazten duten bezala.
Halako prozesuak zailak izaten direla aintzat hartuta, balioa aitortu behar zaio ETAk bere erabakiak batasunez hartu izanari. Antzeko ezaugarriak dituzten beste prozesu batzuetan gerora sortu izan diren arazo larriak agertzea saihestu baitu horrek.
Modu irmo, ausart eta arriskatuan bide erabat baketsuen aldeko apustua egin zuten haiek arrakasta erabatekoa eta eztabaidaezina lortu dute. Lidergo bakarrez aritu zirela argi geratu da.
Edonola ere, zalantzarik gabe, euskal gizarte osoarena da arrakasta.
2) Ez zen iruzurrik egon, ez zen kalkulu taktiko bat izan. Igarotako denborak agerian utzi du orduan hartutako erabakiaren izaera estrategikoa. Euskal ezker independentistak bide soilik baketsu eta demokratikoekiko hartutako konpromisoak konbentzimendu etiko eta politikoei erantzuten zien eta erantzuten die. Aldatu ezineko eta betirako erabakia da.
Ezker independentistak egiaztatu du egindako apustuaren zintzotasuna eta emandako hitzaren betetzea.
3) Bake justu eta iraunkorrerako bidea egiteak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen du, guzti-guztiena. Ez dugu haietako bat bera ere ahazten.
Gaur, ETAren indarkeriak eragindako biktimen aipamen berezia egin nahi dugu. Gure atsekabea eta mina adierazi nahi diegu jasan duten sufrimenduagatik. Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen.
Zoritxarrez, iraganak ez dauka atzera bueltarik, esan dezakegun ezerk ez du eragindako mina ezabatuko. Baina konbentzituta gaude arintzea behintzat posible dela, errespetuan, adeitasunean eta memorian oinarrituta. Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula jasan duten sufrimendua eta ahal dugun neurrian arintzeko konpromisoa hartzen dugula. Beti izango gaituzte horretarako prest.
4) Nazioarteko esperientziak erakusten du, eta Aieteko adierazpenak ere hala jasotzen zuen, beharrezkoa dela preso politikoen auziari irtenbidea ematea. Saihestu ezineko erronka da guztiontzat, eta horretarako beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politika amaitzea eta konponbide integrala ematea. Aldarrikatu nahi dugu presoek estrategia armatua gainditzeko izandako parte hartze aktibo, irmo eta erabakigarria, baita bide baketsu eta demokratikoekiko haien konpromisoa ere. Haiek gabe, ez zen posible izango.
5) Elkarrizketaren, negoziazioaren eta adostasunaren aldeko konpromisoan berresten gara, hori baita ezberdintasun politikoak ebatzi eta konpontzeko metodo eraginkor eta demokratikoena.
Gatazkaren jatorrian dagoen arazo politikoari irtenbidea emateke dugu oraindik. Arazo nazionalari konponbide demokratikoa ematea ezinbestekoa da. Herri bat gara, nazio bat, eta neurri horretako aitortza eta errespetua dagokigu. Gure nazio nortasunarekiko errespetua beharrezko eta lehen pausoa da bestelako etorkizuna eraikitzeko, zeinetan erabakia gure herriko gizartearen esku egongo den.