Lemoizko zentral nuklearraren instalazioetara sartu da Sortu, eta eraikinaren
teilatuetatik bi pankarta erraldoi zabaldu ditu, errotikako norabide aldaketa bat aldarrikatzeko, bai energiari dagokionean, bai politika ekonomiko eta sozialei dagokienean. Lemoizko zentral nuklearra eraikitzen hasi zireneko 50. urteurren honetan, klima-larrialdiaren aurkako egunaren bezperan egin du ekintza.
“Trantsizio ekologiko justua” irakur daiteke instalazioen teilatu batetik zabaldutako 180 metro koadroko pankartan; 50 metro koadroko beste batean, berriz, “Greenwhashing” hitza baina ezabatuta. Lemoizek karga sinboliko handia dauka, duela mende erdi energiaren oligopolioak nuklearraren aldeko apustua egin zuelako eta herri-borrokak egitasmo hori galarazi ziolako.
Egun bizi ditugun krisi ugariak ez dira kasualitatez gertatu. Neoliberalismoak planeta eta gizateria amildegiaren ertzera eraman ditu. Okerreko hainbat erabakik eragin dute klima-larrialdia, krisi-energetikoa edota gerra-egoera.
Izan ere, besteak beste, energia fosilen, nuklearraren eta irabaziak gutxi batzuen eskuetan metatzen dituen oligopolioaren aldeko apustuan oinarritu da neoliberalismoa. Eta erabaki horien guztien atzean ardurak dituzten erantzule zehatzak daude. Erantzuleak dira IBEX-35 eta arma-industria, putre-funtsak eta bankuak, Iberdrola, Petronor eta elite ekonomiko eta finantziaroak.
Erantzuleak dira hamarkadetan politika neoliberalak aplikatu dituztenak. Eta erantzulea da kapitalismoa, sistema kapitalista baita gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren erantzulea.
Ezinbestekoa da 180 graduko norabide aldaketa bat. Premiazkoa dugu esku-hartzea ez bakarrik energia-merkatuan, baita higiezinen merkatuan. Premiazkoa da soldatak eta pentsioak igotzea, aberastasuna banatzea, zerbitzu publikoak sendotzea eta zaintza sistema publiko-komunitario bat eraikitzea.
Berri on bat dugu. Lemoizko borrokak demostratzen duen moduan, posible da
okerreko erabaki horiek baztertu eta gauzak aldatzea. Dei egiten dugu orduan bezala antolatzera, borrokatzera eta kaleak hartzera. Zehazki dei egiten dugu azaroaren 12an Bilboko kaleak jendez desbordatzera, aldaketaren aldeko olatua altxatzeko. Hiru aldarri zabaltzeko:
• Gerrarekin amaitu behar da. Gerra nuklear baten atarira eraman gaitu
neoliberalismoak. Edozein gerra antinaturala bada, nuklearra are ankerragoa dugu.Deseskalatze militarra gauzatu beharra dago, irtenbide diplomatiko eta negoziatua baliatuta.
• Aberastasunaren banaketa erradikala behar da. Ez da bidezkoa %1k gero eta
aberastasun gehiago metatzea, gainerako guztien izerdi eta ahaleginaren kontura. Ez da bidezkoa Iberdrola eta Petronor moduko enpresek gero eta etekin handiagoak pilatzea milioika pertsonek negua ilunetan eta hotzez pasako duten bitartean. Oligopolio elektrikoa deuseztatu egin behar da eta haren zein gainerako sektore estrategikoen kontrol publikoa bermatu.
• Burujabetza behar dugu. Herriek burujabetza behar dute, gizarte berriak eraiki eta produkzio eta kontsumo eredu berrietan oinarritutako gizarte antolamenduak sortzeko. Energia-burujabetza behar dugu (EAEn kontsumitzen dugun energiaren %90 inportatua da; %79 Nafarroa Garaian eta %88 Ipar Euskal Herrian), elikadura-eta ekonomia-burujabetza behar dugun bezalaxe. Eta bereziki burujabetza politikoa behar dugu, Euskal Herrian eta Euskal Herritik neoliberalismoarekin amaitu behar dugulako kapitalismoa gainditzeko lehen urrats gisa.