Gernikako Azokan bildu gara gaur ezker abertzaleko belaunaldi ezberdinetako militanteak. Faxistek Gernika bonbardatu eta 81 urtera; 1978ko Espainiar Konstituzioa euskal herritarroi inposatu eta 40 urtera.
Duela 40 urte esan genuen espainiar Konstituzioak ez zuela ez benetako demokraziarik ez benetako justiziarik ez benetako bakerik ekarriko Euskal Herrira. Esan genuen benetako demokrazia, benetako justizia eta benetako bakea ahalbidetzeko frankismoarekiko eta bere oinordekotzarekiko haustura demokratikoa ezinbestekoa zela. Esan genuen Trantsizio Demokratikoa deituriko hori “transakzio” bat baino ez zela, guztia “lotuta, eta ondo lotuta” uztea helburu zuena. Francok hautatu zuen Juan Carlos Borboikoa bere oinordeko, 36ko altxamendu faxista eta frankismoaren krimen guztiak zigorgabe gelditu ziren, eta estatu aparatuek ez zuten demokratizazio biderik egin: ez armadak, ez poliziak, ez botere judizialak, ez elite ekonomikoek, ez eta komunikabide handiek ere.
Orduan esan genuen espainiar Konstituzioak frankismoak ezarritako bi oinarriak bere egiten zituela: Espainiaren Batasuna eta kapitalismoa. Esan genuen herrien kartzela izango zela. Esan genuen elite ekonomikoen eta oligarkiaren interesak lehenesten zituela, herri- eta langile-klaseen kaltetan. Eta esan genuen autodeterminazio eskubidea aitortzea zela bi korapilo horiek askatzeko giltza.
Gehiago ere esan genuen; esan genuen sare konstituzional horren baitako autonomia-estatutuen garapena hipotekatuta egongo zela; zaintzapeko askatasun moduko bat izango zela; haien eskutik ez zuela herri honek bere askatasun nazionala eta soziala eskuratzerik izango; alderantziz, berau oztopatu egingo zutela, zatiketa administratibo berri bat ezartzen zutenez gero.
Gaur diogu 40 urteotako ibilbideak argi utzi duela Konstituzio honen eta 78ko erregimenaren izaera inposatzailea, antidemokratikoa eta bortitza. Gaur diogu denborak arrazoia eman digula, ezker abertzaleak duela 40 urte bere analisi politikoan bete betean asmatu zuela, gaur analisi horrek inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela, eta gaur askoz ere gehiago garela analisi horrekin bat egiten dugunak: euskal gizartearen gehiengoa, Kataluniako gizartearen gehiengoa eta espainiar estatuko sektore sozial zabalak.
Gaur diogu Konstituzio honek demokratikotik deus gutxi duela. Haren eskutik pairatu ditu herri honek gerra zikina, tortura, ilegalizazioak, hedabideen itxiera, dispertsioa, eskubide zibil eta politikoen murrizketa... Haren eskutik pribatizazioak, ustelkeria, etxegabetzeak, 135. artikuluaren inposaketa, eskubide sozialen murrizketa etengabea... Kolore bateko zein besteko gobernua izan, elite ekonomikoek agintzen dute, IBEX-35ak, banketxe handiek, frankismoan aberastu eta agintzen zuten berberek. Eta bortizkeria sistemiko eta sistematiko horren guztiaren aurrean zigorgabetasuna izan da eta da nagusi.
Gaur diogu autonomia-estatutuen eta autonomismoa beraren agorpena agerikoa dela. 1981eko autokolpeaz eta LOAPAz geroztik Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Amejoramenduaren “eskuilatzea” etengabea izan da. 40 urte beranduago oraindik ere hamarnaka eskumen transferitzeke daude. Eta gure autogobernuaren eta eskubideen zaurgarritasuna inoiz baino handiagoa da, aldian aldiko espainiar gobernuaren beharren araberakoak direnez gero, behin behinekoak eta betiere itzulgarriak.
Gaur diogu frankismoak egungo sistemaren muinean errotuta jarraitzen duela. Hori bakarrik ez, gaur diogu frankismoaren oinordekotza hori suspertzen ari dela espainiar eskuinaren neofalangismoaren eskutik, espainiar ezkerraren aldetiko oposizio irmorik ezean. Gaur diogu 78ko erregimenak estaturik gabeko herrien sedukzio-demokratikorako balizko saiakera oro baztertu eta birzentralizazioaren eta bortizkeriaren aldeko apustua egin duela egungo estatu quo-ari eusten saiatzeko aukera bakar moduan, Kataluniako urriaren 1eko erreferendumeko kargak, 155. Artikuluaren aplikazioa eta Proces-aren kontra erabilitako xantaia ekonomikoa eta justiziaren instrumentalizazioa lekuko.
Gaur diogu marko juridiko-politiko honek dakarkigun Espainiarekiko menpekotasuna euskal jendartearentzat guztiz kaltegarria dela; marko juridiko-politiko hau Euskal Herriko langile- eta herri-sektoreok sortutako aberastasuna espainiar elite oligarkikoen nahiz aipatu menpekotasunaz baliatzen diren elite lokalen eskutara bideratzeko tresna dela; marko juridiko-politiko hau oztopo dela euskal herritarrok bizitzaren alor guztietan ditugun nahiak eta beharrak ase ahal izan ditzagun, geure etorkizuna nahieran eraiki ahal izan dezagun, geure buruak gobernatu ahal izan ditzagun.
Gaur diogu, duela 40 urte bezala, Euskal Herriak benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea ezagutuko baditu, frankismoaren oinordekotzarekiko, 78ko erregimenarekiko, haustura demokratikoa ezinbestekoa dela. Alabaina, gaur diogu haustura hori ez dela Espainiar Estatutik etorriko; ez dago horretarako baldintzarik. Haustura hori estaturik gabeko nazioen eskutik etorriko da.
Hala bada, gaur, Gernikatik, espainiar estatuaren menpeko nazio senideei zuzentzen gatzaizkie; bereziki, nazio horietako langileei eta herri-sektoreei: geure arazoen irtenbideak izendatzaile komun bat du: burujabetza. Errepublika independente, sozialista eta feminista bana eraiki ahal izateko behar duguna. Izan ere, halako errepublika batek soilik berma baitezake burujabetza bere sakontasun eta irismen osoan. Bada, indarrak batzeko garaia da, geure herrien arteko elkarlanetik soilik etorriko baitira hitz larriz idatzitako justizia, demokrazia, askatasuna, berdintasuna eta bakea.
Gaur, Gernikan, ezker abertzalearen belaunaldi ezberdinetako militanteak bildu gara. 40 urteotako sasi-demokrazia honek jazarriak, kare bizitan lurperatuak, legez kanporatuak, torturatuak, espetxeratuak eta erailak izan gara. Bada, 40 urte geroago diogu hemen gaudela, zutik, bizirik eta tinko, gure herriaren askapen prozesua bururaino eramateko prestu.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotz bihotzez, urteotan guztiotan, izan kalean izan instituzioetan, gurekin borrokan aritu diren milaka eta milaka burkideei, bidean gelditu direnei: Santi, Josu, Jon, Jokin... kartzelan nahiz herbestean direnei, haien guztien senideei, inoiz bozka eman diguzuenoi... Ez egin dudarik: irabaziko dugu; herri honek lortuko ditu bakea eta askatasuna. Herri honek lortuko du estatu independente, sozialista, feminista eta euskaldun bat.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Gora Euskal Herria feminista!
Gernikan, 2018ko abenduaren 2an
---------------------------
Parte hartzaileak:
Gernikako adierazpenean ezker abertzaleko honako kide hauek parte hartu dute:
Arkaitz Rodriguez
Rufi Etxeberria
Antton Lopez “Kubati”
Oihana San Vicente
Haritz Romeo
Gotzon Elizburu
Xabier Iraola
Kizkitza Gil de San Vicente
Pablo Gorostiaga
Lur Albizu
Pako Letamendia “Ortzi”
Izar Hernando
Maite Sabalza
Pello Otxandiano
Xabier Amuriza
Rafa Diez Usabiaga
Sonia Jacinto
Iñaki Antiguedad
Rakel Peña
Elena Beloki
Gotzon Kortazar
Marije Fullaondo
Juan Mari Madariaga “Madari”
Nuria Alzugarai
Jose Mari Olarra
Jagoba Zulueta
Haimar Altuna
Helena Franco
Joseba Permach
Iñaki Ruiz de Pinedo
Iratxe Delgado
Eugenio Etxebeste “Antton”
Jose Luis Elkoro
Edurne Brouard
Arnaldo Otegi
Iñigo Iruin
Olaia Matxain
Gorka Elejabarrieta
Asier Zamorano
Antton Morcillo
Ibon Arbulu
Arantza Zulueta
Iñaki O´Shea
Santi Hernando
Carmen Galdeano
Juan Mari Olano
Karmelo Landa
Lola Gomez
Xabier Ugartemendia
Tasio Erkizia
Jasone Manterola
Eulate Zilonizaurrekoetxea
Jose Ramon Etxebarria
Pipe San Epifanio
Julen Larrinaga
Dabid Lizarralde
Maddi Isasi
Ibon Meñika
Ino Galparsoro
Jose Mari Esparza
Joana Regueiro
Endika Guarrotxena
Joxean Etxeberria
Xabier Alegria
Gari Arriaga
Oihana Garmendia
Urtza Alkorta
Iñaki Goioaga
Anjel Mari Elkano
Xabier Zubizarreta “Txiron”
Itziar Abellanal
Julen Aginako
Loren Arkotxa
Iñaki Lizundia
Joseba Enbeita “Gorri”
Karlos Renedo
Nerea Gijarrubia
Alfonso Zenon
Amaia Montorio
Pako Aranburu “Indio”
Koldo Zelestino
Marisa Alejandro
Isabel Mandiola
Josu Barandika
Karmel Etxebarria
Iker Rodrigo