Herrien autodeterminazio eskubidearen alde

Herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko adierazpena plazaratu dute ezker abertzaleko hainbat kidek Kataluniako politikarien aurkako sententziaren biharamunean.

Hautetsontzien bidez autodeterminazio eskubidea gauzatzeagatik Kataluniako politikari subiranistei Erresuma espainiarrak ezarritako sententzia gogorraren biharamunean, ezker abertzaleko hainbat kide bildu gara Bilbon, Kataluniako herriari gure babes, elkartasun eta maitasun osoa adierazteko eta herrien autodeterminazio eskubidearen aurkako eraso gogor hau salatzeko.
 

1.- Gu beti Kataluniarekin

Lluis Companys presidentearen hilketaren urteurren honetan ozen esaten jarraitzen dugu behinola Agirre Lehendakariak esan zuen hori: “gu beti Kataluniarekin”. Haien eskubideak zapalduak dituzten herriekin batera gaude: Ekuadorrekin, Eskoziarekin, Haitirekin, Kurdistanekin... Oinarrizko posizioa da hau eta, hautu horrek ondorio larriak ekarri arren, adierazten dugu errepresioaren, faxismoaren eta autoritarismoaren aurrean ez dugula sekula atzera egin eta ez dugula sekula atzera egingo.

2.- Epaia oso larria da

Atxiloketa injustuen ondotik, kriminalizazio injustuaren ondotik, kartzelaratze injustuen ondotik eta epaiketa injustu baten ondotik, Auzitegi Gorenak epai injustua ezarri du, injustizia kateari beste katebegi injustu bat lotuz.
 

3.- Estatu-epaia da

Espainian ez dago botere bereizketarik, 1936ko uztailean abiatutako kolpe faxistak irabazi zuenez geroztik gutxienez. Artean, oraindik ez da inoiz berreskuratu, inoiz ez delako frankismoarekin hautsi. Espainiar trantsizioa eta demokrazia legetik legera egin zen, lege frankistatik lege post-frankistara. Epai hau logika, lege eta estatu horren adierazpena da, behar bezalako estatu egitura demokratikoak inoiz ez direlako eraiki Espainiako Erresuman. Epaileek sinatu badute ere, erabakia Estatuarena da, eta estatuarena den heinean, arrazoi juridikorik ez dago, estatu-arrazoia besterik ez. Eta estatu-arrazoia, gaur egun, demokraziaren oinarrien de facto-ko suspentsioa da, salbuespen egoeraren ezarpena. Argi esan behar dugu: Euskal Herrian aspaldidanik inposatutako salbuespena egoera Kataluniara hedatu da.

4.- Epaiak baiteztatzen du ezker abertzaleak egindako irakurketa historikoa zuzena zela

Errepresioa ez da izan ETAren jarduera armatuaren kontrako erantzuna, espainiar estatuaren egiturazko hautua baizik. ETAren indarkeria politikoa desagertuta ere, Espainiar Estatuak egitasmo politiko zilegiak kartzelaz ordainarazten jarraitzen du. Epaiaren bidez desobedientzia zibil baketsua eta borroka armatua berdindu dituzte, argituz afera ez dela indarkeria, politika baizik. Espainiaren batasuna ez da termino politiko-demokratikoetan planteatzen, inposizio kritikaezin gisa baizik. Hemendik aurrera gauza jakina da ororentzat Espainiako Erresuman autoderminazio eskubidearen defentsa eta praktika baketsuak ere kartzelara zaramatzala.

5.- Epaiak joko-zelai politikoa astindu du

Nahi ala ez, beste egoera batean gaude dagoeneko. Egun gutxiren buruan ezagutu ditugu Altsasuko gazteen zigorrak eta Kataluniako politikarienak. Ez da kasualitatea. Nabarmena da botere faktikoek, inork aukeratu ez dituen horiek, erabakia hartu dutela dagoeneko espainiar estatua demokratizatzeko atea indar oroz itxi eta fase autoritario berri batean sartzeko, 78ko erregimena babestu eta, datorren egoera sozio-ekonomikoaren aurrean, eliteen interesak blindatzeko, herrien eskubideak urratuz. Bide poliziala aukeratu dute, elkarrizketarena baztertuz. Bi epaiok ezaguturik, hobeto ulertzen da estatu mailako hauteskundeak errepikatzea erabaki izana.

6.- Epaiak dakarren egoerak interpelatu egiten gaitu

Denok interpelatu ere. Batzuk zein besteak posizioa hartzera behartuak gaude, izan desdemokratizazio agenda autoritarioaren aldekoak, izan sakoneko demokratizazioaren nahiz burujabetzaren berreskurapenaren aldekoak. Ez dago besterik, ez dago hirugarren biderik; epai hauek hirugarren bidearen fantasia txikitzen dute, behin betiko. Horregatik, egoera honek Podemos eta EAJ era berezian interpelatzen ditu, saldu nahi izan diguten fantasiazko hirugarren bide horretan kokatu nahian aritu direlako. Madrilen alboan edota Zaragoza aldean ez, Bartzelonaren alboan kokatzeko garaia da. Jada ez dago aitzakiarik!

7.- Erantzun estrategikoa behar da, uneko erreakzioetatik harago

Epe laburrean protesta zorrotz eta indartsuak antolatzea beharrezkoa da eta, hartara, dei egiten dugu Gure Eskuk, Ernaik eta sindikatuek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera. Halaber, dei egiten dugu azaroaren 10ean botokutxak bozka independentistez betetzea, hori delakoan eraso hauen aurreko erantzun eraginkorrenetako bat. Amorrua kalera atera behar da, mundu osoan jakin dezaten ez gaudela geldirik eraso autoritario honen aurrean. Nolanahi ere, hori ez da aski: demokrazia eta burujabetza eskuratzeko estrategiak urrats ausart eta sendoak eskatzen dizkigu, urrats estrategikoak, begirada luzekoak, epaion erantzun zuzenetik abiatuta aipatu hautu autoritarioari gailentzeko gai izango direnak. Haserrea askapen indar bilakatu behar dugu, gure aurrean dauden oztopoak gaindituz. Eta erantzun estrategiko horren bidean Kataluniak eta Euskal Herriak gure indarrak artikulatu eta gure ahaleginak egoki koordinatu behar ditugu. Sinetsita gaude hori dela une historiko honetan gure askapen prozesuen aurrerabidea eta arrakasta ahalbideratuko duen aldagaia.

8.- Erantzun partekatuak emateko deia egiten dugu

Gure eskua luzatuta dago. Prest gaude konpromisoak hartzeko. Ez da ixiltzeko unea, ez da nork bere bidetik jarraitzeko tenorea, indarrak bildu behar ditugu, energiak emankorrago bilakatzeko.

PARTE HARTZAILEAK

Ezker abertzaleko honako kide hauek parte hartu dute "Herrien autodeterminazio eskubidearen alde" izeneko agiria plazaratzeko ekitaldian:
• Arkaitz Rodriguez
• Iñaki Lizundia
• Kizkitza Gil de San Vicente
• Elena Beloki
• Gotzon Elizburu
• Agus Figal
• Ibon Meñika
• Oihana Garmendia
• Lola Gomez
• Asier Altuna
• Haimar Altuna
• Jagoba Zulueta
• Antton Lopez Ruiz
• Lur Albizu
• Nuria Altzugarai
• Txomin Casteings
• Izar Hernando
• Izaskun Garcia
• Pello Otxandiano
• Haritz Romeo
• Oihana San Vicente
• Ibon Arbulu
• Jabi Gernika
• Iker Alcedo
• Martin Erdozain
• Iraitz Mateo
• Maddi Isasi
• Iratxe Delgado
• Marian Beitialarrangoitia
• Floren Aoiz
• Txutxi Ariznabarreta
• Dabid Lizarralde
• Rufi Etxeberria
• Kris Alvarez
• Alfonso Zenon