Guztion artean hasi gara tesi nagusiaren oinarriak jartzen

Sortuk Nazio Topaketak egin ditu Durangon

Lehengo belaunaldiak eta militante gazteak. Barnealdekoak eta kostaldekoak. Hiriguneetakoak eta herri txikietakoak. Anitza izan da Durangoko Nazio Topaketak gaur utzitako irudia. Guztion artean egin dugu egoeraren analisia. Guztion artean jardun dugu eztabaidatzen, gogoetan, kongresu prozesu honetako tesi nagusien oinarriak finkatzeko.

222 militantek eman dugu izena gaurko saioan. Gosariaren ostean ekin diogu tesi nagusiak aztertzeari. Iragarria zegoen moduan, beroa izan da gaurko protagonistetako bat. Covidaren mehatxuagatik plenarioa kanpoan egin dugu, baina eguzkiak gupidarik gabe jo gaitu, batez ere eguerdian. Lan-taldeek itzaletan aurkitu dute babeslekua gogoetarekin patxadaz jarduteko, eskerrak. Eta eskerrak, jendea prestatuta etorri den ekarpenak egiteko: krema, bisera eta urik ez da falta izan.

Lehenik, ponentzia politikoaren tesi nagusien eskema-zirriborroa landu dugu. David Pla Sortuko kideak eskaini ditu zenbait azalpen, lan-taldeetan aztertu aurretik. Anbizioz jarduteko beharra nabarmendu du, bizitzen ari garen testuinguru honetan arrisku beste aukera baitago. Sortuk, beraz, lan egin beharko du baldintzak sortzeko, gaur posible ez dena bihar posible izan dadin eta egungo indar-harremanak aldatu daitezen, orain dela 60 urte gertatu zen moduan. Horrez gain, egungo indar-harremana konkista handienen aldera ekarri behar dugu. Besteak beste, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo soziala operatibizatu behar dugu, burujabetza estatus bat lortze aldera.

Ondoren, ponentzia organizatiboaren tesi nagusien eskema-zirriborroa jorratu dugu. Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak zenbait zertzelada eman ditu. Sorturen egituran beharrezko egokitzapenak egin eta indartzea izan behar du lehentasuna, batez ere maila lokalean, EH Bildu berriaren eraikuntzari bultzada erabakigarria eman ondoren. Hortaz, planteatutako erronka politikoei erantzuteko, ezker abertzalearen oinarri militantea saretzea izango da Sorturen misioa, askapen prozesurako aktibo izan dadin. Horrek, azken batean, antolatzaileen erakunde baterantz jotzea eskatzen du.

Oparoa

Arratsaldean, jendea lan-taldeetan banatu da, tailerretan parte hartzeko. Hauexetan: zaintza krisia, arriskua ala aukera; militantzia eredua; naziogintza gakoak I, elkarrekin hobe; hezkuntza, komunitatetik eta komunitatearentzat hezi; hiriguneak, jauzi baterako oinarria; dinamika aktibista propioa; oroimena eta askapen estrategia; eta kolapso ekologikoa. Tailerrak bi txandatan egin dira, hartara militante bakoitzak berak hautatutako bina tailerretan parte hartzeko aukera izan du.

Sakoneko eraldaketa nahi dugunaren erakusgarri, ekarpen ugari eta aberasgarriak egin dira tailerretan. Militanteen hitzartzeek argi utzi dute orain arteko normaltasun neoliberala ez berreraikitzeko estrategiak abian jarri behar direla, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko duen zibilizazioa eraikitzeko. Horretarako, burujabetza berreskuratzeko ari gara, gure bizitzen kaltetan ari den kapitalismo patriarkalarekin amaitzeko.

Sortuko militanteon papera funtsezkoa da zentzu horretan. Tematuta gaude eraldaketa hori gertatu dadin. Jendeak oro har gustura parte hartu duela adierazi du. “Aspalditik behar nuen Sorturen halako txute bat”, esan digu batek. Beharbada tailerrak motz egin zaizkie batzuei, denboragatik. Era guztietara, ezker abertzaleak beti izan du gaitasun berezi bat testuingurua ulertu, egokitu eta eragiteko. Eta gaur ere hori erakutsi du, are gehiago, gero eta pintzel finagoa, zehatzagoa, erabiltzen ari gara gure proposamenak marrazteko, nahi dugun Euskal Herria irudikatzeko.

Gaur hitz egindakoekin modu pausatuagoan gogoeta egiteko aukera izango da, partehartu.sortu.eus webgunean ekarpenak egiteko gune bat habilitatuko baita. Era guztietara, abuztuaren 28an Oiartzunen egingo den Nazio Topaketan gaurko eztabaidei segida emango zaie.

Militanteen hitzartzeek argi utzi dute orain arteko normaltasun neoliberala ez berreraikitzeko estrategiak abian jarri behar direla, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko duen zibilizazioa eraikitzeko. Horretarako, burujabetza berreskuratzeko ari gara, gure bizitzen kaltetan ari den kapitalismo patriarkalarekin amaitzeko.