Gerraren hotsa hedatzen ari da munduan, baita Europan ere. Eta langile klaseak ordaintzen ditu beti gerrak.
Duela hamarkada batzuetatik hona buruetan zizelkatu nahi izan digute sistema kapitalista dela amestu dezakegun antolaketa eredu ekonomiko eta sozial bakarra. Baina kapitalismoak porrot egin du eta geroz eta agerikoagoa da.
Ohikoak diren krisi ekonomikoekin batera, zibilizazio krisira ekarri gaituzten bestelako krisiak eragin ditu etengabeko hazkunde eta kapital metaketa helburu duen sistemak. Larrialdi ekologikoak agerian jarri du, finituak diren baliabide naturalen planetan, garapen amaigabearen asmoa, amets gaiztoa besterik ez dela. Aldaketa klimatikoa hemen dugu jada eta giza espeziea bera eta gure ondorengoen bizi iraupenerako baldintzak arriskuan jartzen ari gara. Zaintza krisiak sistemaren erreprodukzioa emakumeon bizkar eta doan erortzen diren zaintza lanen bidez egiten dela erakutsi du. Patriarkatua sistema kapitalistaren ezinbesteko orubea da. Hori gutxi ez eta krisiak ere negozio eremu bihurtzen dituzte. Gordina eta mingarria da.
Krisi horiek guztiek gure herrian, Euskal Herrian, ondorio material eta sozialak dituzte, ondorio lazgarriak. 2008tik hona gure jendartearen eremu geroz eta gehiagoren bizi eta lan baldintzak prekarizatzen eta pobretzen ari dira. Bitartean enpresa handien mozkinek urtero marka berriak gainditzen dituzte, baita euskal enpresa askoren kasuan ere. Geroz eta gehiagoren miserian oinarritzen da gutxi batzuen diruzalekeria.
Sakoneko aldaketak ematen ari dira gainera gure eredu ekonomikoan. Industrian oinarritutako ekonomia zen gurea eta pisua galtzen ari da. Enpresa batzuk alde egiten duten une berean, kanpoko kapitalak bertako beste batzuk erosten ditu. Burujabetza materiala galtzen ari gara, tantaz-tanta, poliki-poliki, baina iraunkorki.
Dena ordea ez da beltz eta ilun. Euskal Herrian harro esan dezakegu egoera horren aurrean zutik jarri eta oldartzen ari den euskal langile herria badagoela. Azaroko greba feministak; unibertsitate, hezkuntza, osasungintza eta oro har sektore publiko sendo baten alde egon diren greba eta mobilizazioak; enpresaz enpresa antolatu eta kasu askotan irabazi diren borrokak; pentsionisten mugimendu iraunkor eta nekaezinak; historikoki eta egun ere, Euskal Herriarekiko konpromisoa duen bestelako ekonomia ereduak martxan jartzeko herri honetan erakutsi ohi dugun gaitasuna eta eraldaketarako gaitasuna...horiek guztiek erakusten dute herri honetan badagoela bestelako eredu baterantz abiatzeko oinarri nahikoa. Bidenabar, azken hauteskundeen emaitzek erakusten digute aldaketa sozialak ezinbestekoa duen aldaketa politikorako indarra ere badagoela. Gora Herria!
Makurtuta eta etsituta nahi gaituzte. Alperrik, euskal langile herriaren udaberria badator. Gure ekonomiaren kontrol demokratikoa berreskuratzera goaz, ekonomia langileon eskuetara ekartzera, baita horretarako beharrezkoa den burujabetza politikoa eta ekonomikoa ere.
Euskal Herriaren estatus politikoaren eta burujabetza mailaren eztabaidak ireki dira, hala euskal lurraldeetan nola Espainiako eta Frantziako Estatuetan. Langile klasearen boterea eta erabakitzeko gaitasuna eztabaida hauen emaitzetan islatzen dira. Herri gisa erabakitzeko ahalmen gehiago eskuratzeak, langile klasearentzat botere gehiago eta sozialismorako trantsizioa gauzatzeko baldintza hobeak ekarriko ditu. Euskal langileok momentu historikoak eskaintzen dizkigun aukeren mailan egon behar dugu.
Horretarako, begi bat ortzimugan behar dugu, norabidean asmatzen lagunduko digun iparrorratzaz hausnartzen eta amesten. Eta beste begia, eguneroko borroketan, eremu sozial eta instituzionalean, gaurdanik eman beharreko urrats ezberdinetan. Negoziazio kolektiboa aldarrikatzen ari garenean langile klasearen ahalduntzea eta klase boterea borrokatzen ari gara. Osasungintza publikoaren alde edota zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde greba egin edota mobilizatzen garenean, biharko Euskal Herriaren sektore eta zerbitzu publikoen kimua landatzen ari gara. Gaurko borrokak, biharko garaipenak direlako.
Euskal errepublika sozialista, feminista, ekologista eta euskalduna dugu helburu, eta horrek gaur eta hemen, XXI. mendean eta Euskal Herrian, sozialismoak zer esan nahi duen hausnartzeko etengabeko ariketa eskatzen du eta hori da gure konpromisoa.
Hamaika dira parez pare ditugun arrisku eta erronkak, baina Euskal Herrian badira itxaropenerako baldintzak. Gure ardura da, herri eta klase gisa, horiek baliatzea, jarrera erresistentzialista eta aldarrikatzaile hutsetan erori gabe. Sistema kapitalistaren krisi anizkoitzak gainditu eta bestelako eredu ekonomiko eta soziala eraikiko badugu, elkarrekin izango da, eskuz esku, indarrak bilduz, gehiengo sozialak artikulatuz, aldaketa soziala aldaketa politikoarekin uztartuz eta herri gisako erroko eraldaketak behartuz.
Euskal langile herriaren garaia da, emakume zapalduen garaia, migrante baztertuen garaia, gazte prekarizatuen garaia, zapalkuntza oro arbuiatzen dugunon garaia. Gerraren makineriaren aurrean, bakearen aldeko aldarria egiteko garaia. Maiatzaren lehena horren isla izan behar da. Atera gaitezen kalera, ospa dezagun LAB sindikatuaren 50. urteurrena. Bete ditzagun Iruñeko eta Baionako kaleak langile klasearen defentsan, ekonomiaren kontrola eta demokratizazioa aldarrikatzeko eta horretarako ere ezinbestekoa dugun burujabetza politikoa eta ekonomikoaren bandera altxatzeko.
Gora Euskal Langile Herria!
Gora Munduko langileria!