ALBISTEA


euskal herria

Zutunik, askatasunaren utopiaraino

2025-02-11

Euskal Herria Bilduk III. Kongresua egin berri du. Hilabeteetako prozesuaren ostean, otsailaren 7 eta 8an biribildu du Iruñeko Baluarten, nazioarteko hamarnaka ordezkarirekin batera.

Euskal Herria Bilduk III. Kongresua egin berri du. Hilabeteetako prozesuaren ostean, otsailaren 7 eta 8an biribildu dugu kongresua ehunka kidek Iruñeko Baluarten, nazioarteko hamarnaka ordezkarirekin. Modu horretan, datozen urteetarako oinarri politikoak finkatu ditu EH Bilduk, baita zuzendaritza berria osatu eta onartu ere. Antineoliberalismoa eta Euskal Herriarentzako subiranotasun nazionala ardatz harturik, hirugarren eraldaketa nazionala bultzatzeko konpromiso eta ilusioarekin ekin diogu fase berriari.

EH Bilduk goranzko joeran eta indartsu ekin zion kongresuari duela sei hilabete. Horren froga dira, besteak beste, azken hauteskunde zikloan lortutako emaitzak. Hala, bide horretan sakontzeko helburua zuen kongresuak, baita EH Bilduren jarduna eraginkortzekoa ere; tartean, Euskal Herriak herri gisa dituen erronkei heltzeko, estatus politikoen inguruko eztabaidan eragiteko, eta gobernu ardura gorenetarako prest izateko.

Eta norabide horretan ondu, eztabaidatu eta landutako Zutunik ponentziaz gain, euskal politikagintzari begirako hiru ebazpen ere onartu ditugu kongresuan: batetik, nazio estrategia garatzeko urrats berria, EH Bairekin bide partekatu bat jorratzeko; bestetik, Espainiako Gorteetako eta Europako hauteskundeei begira, Euskal Herriaren gehiengoa ordezkatzeko zerrenda bateratua egiteko; eta, azkenik, gobernantza eta boterea demokratizatzeko. Era berean, elkarbizitza sustatzeko konpromisoa ere berretsi dugu, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera ekartzeko garaia dela azpimarratuz.

Arnaldo Otegi idazkari nagusi izendatu berriak 1975eko urte seinalatu hura oroitu du Iruñeko Baluarteko ekitaldian, ordutik mende erdia bete dela gogora ekarriz. Francoren hitzei erreferentzia eginez, hark lotuta utzitakoak oraindik ere askatzeko ditugula nabarmendu du. Halaber, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak ere oroitu ditu. Haiek eta beste hainbat militantek egin bezala, Euskal Herriaren askatasunaren alde lanean jarraitzeko engaiamendua azaldu du ekitaldi amaierako hitzartzean, zuzendaritza berriaren izenean.