Auzitegi Nazionalak 13/13 auzian ezarritako kartzela-zigorrak salatzeko eta auzipetu guztiei elkartasuna eta babesa helarazteko, larunbatean Bilbon eta Donostian egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egiten du Sortuk.
Herri hau bake, bizikidetza eta askatasunean bizitzeko pauso sendo eta atzeraezinak eman arren, sakoneko estatuak oztopoak baino ez ditu jartzen, edozein aurrerapen eragozteko asmoz. 13/13 dugu auzia adibide garbia: lan juridikoa eta preso politikoekiko elkartasuna jo-puntuan jarri zuten 2011n abiatutako operazio honen bidez. Prozesua eskandaluzkoa izan da oso-osorik, irregulartasunez zipriztinduta egon baita: tortura salaketak, abokatuen bulegoen erregistro susmagarriak, CNIren esku hartzea, prozesuaren beraren luzapena...
Euskal Herria zein ezkerreko independentismoa iraganera kateatzeko ahalegin mingarria da. Mingarria baina alferrekoa. Bistan da: herri hau mugitzen ari da, ez baikaude iraganeko lekuan, eta ez diogu aurrera egiteari utziko. Bake, bizikidetza eta askatasuna lortzeko determinazioa ez dute geldiaraziko.
Herri gisa erantzun zabala eman behar dugu, asko baita jokoan duguna. Azken batean, demokraziaren, bakearen eta gure herriaren etorkizunaren kontrako erasoa delako.