ALBISTEA


sortu

Zarauzko Udalaren zentsura politikoa salatzen du Sortuk

2025-09-17

Zarauzko Udalak “1975. ‘Dena jokoan zegoen urtea” erakusketa jartzeko areto publikoak erabiltzeko eskubidea ukatu die Iratzar Fundazioari eta Olaso Dorrea Fundazioari.

Zarauzko Udalak “1975. ‘Dena jokoan zegoen urtea” erakusketa jartzeko areto publikoak erabiltzeko eskubidea ukatu die Iratzar Fundazioari eta Olaso Dorrea Fundazioari. Horren aurrean, honako hau adierazten du Sortuk:

• Erabaki horrekin, zentsura politikoa aplikatzen ari da EAJk eta PSEk gidatzen duten Zarauzko Udala. Errelato bakarra inposatzeko ahaleginen aurrean, non geratzen da memoriarako eskubidea? Bakea eta elkarbizitza eskuratzeko, ezinbestekoa da nork bere memoria landu ahal izatea, memoria osoa eraiki ahal izateko.
• Erabaki horrekin, Txiki eta Otaegiren biktima izaera auzitan jartzen du beste behin ere Zarauzko Udalak. Haien biktima izaera diskriminatzen ari dira, 2012tik Eusko Jaurlaritzak ofizialki aitortuak dituen arren.
• Txiki eta Otaegi egiarik, justiziarik eta erreparaziorik gabeko biktimak dira oraindik. Nola esan daiteke, beraz, erakusketak ez dituela egia, justizia eta erreparaziorako printzipioak betetzen? Hain justu, horren aldarrikapenerako tresna dira halako egitasmoak.
• Txiki eta Otaegik aitortza instituzionala behar dute, baita Zarauzko Udalarena ere.
• Diktadura faxista batez eta hark eragindako gertakariez da erakusketa. Diktadura faxista baten kasuan, eskubidea bakarrik ez, betebeharra da eskura dauden bitarteko guztien bidez berau borrokatzea. Eta horrek kontsentsu politikoa izan beharko luke beren burua demokratatzat duten indar politikoen artean. Txiki eta Otaegik ez zuten 36ko gudariek edo milizianoek, makiek, partisanoek edo erresistentzia frantsesak egin ez zuten deus egin. Txiki eta Otaegi kriminalizatzea horiek guztiak kriminalizatzea da. Tiraniaren aurka medio guztien bidez borroka egiteko eskubide unibertsala (NBEk aitortua) kriminalizatzea da. EAJ eta PSE etxekalte ari dira, modu horretan jokatuz 36ko gudarien eta militante sozialisten jarduera ere kriminalizatzen dutelako. Eta hori kriminalizatuz, frankismoa eta estatu faxistaren biolentzia zuritzen ari dira. Larria da hori testuinguru honetan, jakina delako zein asmo darabilen bloke erreakzionarioak.
• Txiki eta Otaegiren fusilamenduekin, frankismoak lezioa eman nahi izan zion Euskal Herriari. Espainiar trantsizioan ondo lotuta utzi zuten dena, Euskal Herriari bere nazio izaera ukatu eta Espainiaren batasunari indarrez eusteko. Sorturen ustez, 50 urte geroago, bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapiloa askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko.
• Sortuk dei egiten du irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan ospatuko duen nazio ekitaldian parte hartzera.