Kolapsoaren diskurtsoa oihartzuna hartzen ari da, baina oso litekeena da guk kolapsorik ez ezagutzea: ez da kapitalismo heteropatriarkalaren eztandarik egongo, hondamendiak ez duelako mundua eta jendartea egun batetik bestera aldatuko. Bizitzen ari garena kapitalaren eta bizitzaren arteko talka da; alegia, kolapsatutako sistemak berekin dakarrena: pobretze prozesu orokor eta bortitza; eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren birmoldatze iraunkorra; demokraziaren aurkako eraso orokortuak; natur baliabideen ustiatze neurrigabea...
Euskal Herrian, herri bezala ahultzen eta etorkizunari begira ataka batean jartzen gaituen egiturazko egoera da hori. Horri aurre egiteko ez dugu herri gisako tresnarik, ezta estatu egiturarik ere. Baldintza horietan demokrazia ezinezkoa izanik, burujabetza prozesuen bidez soilik irits daiteke baldintza demokratikoetara; hor dago erronka, eta hor zailtasuna.
Horrek guztiak emakumeoi are eta gehiago eragiten digu: “eutsi behar da”, dio diskurtso nagusiak, baina langileriaren erresistentzia gaitasuna geroz eta txikiagoa da, eta zer esanik ez emakume langileona. Halaber, hartzen ari diren neurriak herritar guztiontzat berberak dira, eta ez gehien behar dutenen aldekoak. Horrek, egungo eredua elikatzearekin batera, diskriminazio faktoreak eta ezberdintasunak indartzen ditu.
Bestalde, emakumeen askapenerako bidean atzera egiteko arriskuak oso errealak dira, krisi globalek dakartzaten atzerapausoak oso bistakoak direlako:
• Publikoa eraisten den neurrian, eremu pribatuaren bizkar (emakumeen bizkar) uzten dute bizitzeko funtsezkoak diren premiei aurre egitea.
• Krisiak ez dira abaguneak izan sekula emakumeontzat. Eta ikusten ari gara, berriro ere, testuinguruaz baliatzen ari direla mugimendu feministaren ekimenez egindako urratsei eraso egiteko; gure askapenean mugarriak izan diren lorpenak eraisteko. Eskubide erreproduktiboak auzitan jartzea, genero ikuspegia ukatzea, berdintasun estrategiak aurrekonturik gabe uztea... politika bihurtu dira hainbat instituziotan, bi gauza erakutsiz: lorpenak ez direla atzeraezinak, eta ez dutela babes juridiko nahikorik.
• Berdintasun garaiaren iruditegia nagusitu zenean bezala, feminismoa instituzioetan dagoela harrapatzen gaitu kapitalismo patriarkalaren momentu honek. Baina aldaketa gutxi, berdintasun politiketan aurrera urrats urri: batetik, eremu berrietara iristeko duten zailtasunengatik, eta bestetik, feminismotik askotan salatutako mugak gainditzeko urratsak egiteko borondate politikorik ez dagoelako. Eta, batez ere, politika publikoen indarra eta horietarako bitartekoak murrizten direnean, berdintasun politikak ahulenen artean ahulenetakoak direlako.
Testuinguru horretan, hiru dira estrategia feminista independentistaren erronkak: lehenik, erreakzioari aurre egin behar zaio, borrokaz irabazitako eskubideak defendatuz eta atzerapausorik etor ez dadin. Bigarrenik, feminismoarekiko atxikimendua duen gehiengo sozial subiranista antolatu behar da, estrategia feminista eraginkor baten beharra sentitzen duena. Horretarako, ortzi-muga bat eskaini behar zaio: euskal estatu feminista eta harako bidea litzatekeen trantsizio feminista. Hori izan behar da, hain justu, Euskal Herriko gehiengo subiranista eta feministaren aliantza esparrua. Eta guk, norabide horretan ekarpena egingo duten tresnak eta egitasmoak sustatuko ditugu.
Hirugarrenik, borroka ziklo feminista berri bat abiatu da Euskal Herrian, eta gu horren parte izango gara. Zaintza eskubidearen unibertsalizazioa erronka nagusi gisa kokatuz, kalea eta agentzia politikoa berreskuratzera goaz. Jauzi horrek egungo sistema inpugnatzea dakar (bizitzak erdigunera ekarri eta lanaren sexu banaketa eta hierarkiari aurre egitea), emakumeon egoera materialean aldaketa kualitatibo eta kuantitatiboa eraginez. Eta zaintza eskubidea unibertsalizatzeak, halaber, emakumeon askapen prozesuan jauzi historikoa ekarriko luke.
Horregatik, egungo paradigma borrokatzera goaz: zaintzarako eskubidea eta betebeharra mahai gainean jartzera, besteak beste, erantzukidetasunak eta erantzukizunak astinduz. Eta, zaintza eskubidea bermatzeko, beste eskubide batzuk ere bermatuak behar ditugu. Laburbilduz, zaintza eskubidea unibertsalizatzeak egitura politikoaren eta ehun publikoaren berrantolaketa oso bat eskatzen du.
Beraz, egungo testuinguru ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezinbestekoa den borroka transbertsala dugu parez pare. Hainbat agente interpelatzea, inplikatzea eta sinergiak sortzea eskatzen duen borroka, eta gu horren parte izango gara. Guztion bizitzak erdigunera ekarriz, ez dugu atzerapausorik onartuko, lortutakoa defendatuko dugu eta oraina feminismotik eraldatuko dugu. Euskal Herri aske bat helburu, trantsizio feministaren bidean, independentziarako indarra!
Martxoaren 8an denok kalera.
Gora borroka feminista!
Gora elkar zaintzen duen herria!