Uztailaren 15 eta 16an egingo du Sortuk bere 5. Nazio Konferentzia, Lakuntzan. Topaketa honek eztabaida politikoan sakontzeko balioko du. Aldi berean, elkar ikusteko eta elkarren berri izateko urteroko topaketa bilakatu da Sorturen komunitatearentzat. Aurten, egun eta erdiko iraupena izango du eta solasaldiak, tailerrak eta Nazio Batzarra egongo dira.
Egitaraua hemen eskura daiteke. Izena emateko, berriz, hemen klikatu edo bestela deitu 943 26 59 82 telefonora.
Urtarrilean amaitu zuen Sortuk hirugarren kongresua, erronka bat hartuta: jauzi bat egitea askapen prozesuan. Herrigaia ponentzia ardatz hartuta, Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrak sustatu eta borrokatzeko misioa bere egin zuen Sortuk. Lakuntzako Nazio Konferentziak norabide horretan sakontzeko aukera eskainiko digu. Izan ere, astinaldi handiko garaiak bizi ditugu eta ziurgabetasuna nagusitzen ari da. Pandemiari, krisi ekologiko larriari, zaintzaren krisiari eta euskararen aurkako erasoei aurre egin beharrean gauden honetan, zuzenean eragiten digun gerra piztu da Europan.
Horrenbestez, bizi dugun testuinguruari zorrotz erreparatuko diogu Nazio Konferentzian, kapitalismoaren ziklo oso baten amaieran baikaude. Egoera ekonomikoa okertzen ari da bizitzaren garestitzea dela medio. Aldaketa honetan zenbait mamuk indarra har lezakete, gainera.
Horri guztiari aurre egiteko marraztua dugun planean zentratuko gara. Gure herri eta auzoetan hola ekin aztertuko dugu. Plana, antolakuntza eta borroka baita gure formula egoera honi aurre egiteko eta askapen prozesuaren erregaia izaten segitzeko.