Asteburuan, Hego Euskal Herrian eskuin muturreko alderdi faxista eta autoritarioen ekitaldien bueltan sortutako gertakarien harira zera adierazten du SORTUk:
1. Ultrak probokazio bila baino ez direla etorri salatzen dugu, liskar bila.
Euskal Herrian duten babes politikoa hutsaren hurrena izanda, Ebrotik behera eskuratu ditzaketen botoen bila etorri dira. Beraien etorrerak kolore politiko ezberdinetako herritarren haserrea eragin du. Galdera honakoa da gure ustez: zergatik eragiten dute halako haserrea alderdi ultra horiek? Zer gogorarazten diete herritarrei?
2. Ertzaintzak erabilitako indarkeria salatzen dugu, bai eta talde ultren probokazioarekiko erakutsi duen tolerantzia eta permisibitatea ere. Are gehiago, modu baketsuan protestatzera joan diren herritar horiek faxistekin alderatzea arduragabekeria da, eta faxismoa zuritzea da.
3. Elkartasuna adierazten diegu atxilotuei eta Ertzaintzak zauritu dituen lagunei, bereziki masailezurra hautsi dioten gazteari. Eusko Jaurlaritzak esan zuen Iñigo Cabacasen heriotzaren ondoren autokritika egin zutela. Ez dirudi asko ikasi dutenik. Pertsona baten bizitza arriskuan jarri dute berriz. Ertzaintzari buruzko hausnarketa sakona urgentea da, polizia demokratiko baten alde.
4. Txalotzekoa da autoritarismoaren aurrean herritarrek erakutsi duten jarrera: Oreretara liskar bila etorri badira ere, herri gisa emandako erantzuna eredugarria izan da, orain hilabete batzuk Altsasun eman zutenaren tamainakoa.
5. Euskal gizarteak iragana konpondu eta gainditu nahi du; aurrera egin nahi du. Bien bitartean, Ciudadanos, Vox eta PP ukazioan eta autoritarismoan oinarritutako iragana berpizteko gogoz datoz euren asmo atzerakoiekin. Herri honen etorkizuna askatasunean eta bakean dago. Horren alde borrokan jarraitzeko konpromisoa berresten du SORTUk probokazio ororen aurrean.
6. Autoritarismoari, eskuin-muturrari eta faxismoari aurre egin behar zaie, kalean bezala erakundeetan ere. EH Bildu bozkatzea da horiei aurre egiteko modurik eraginkorrenetako bat, ezkerreko independentismoaren bozkek eragiten baitiete min gehien, jakin badakitelako prozesu subiranistek haien Espainia autoritarioaren proiektua kolokan jartzen duten bakarrak direla.