ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Txiki eta Otaegi herriarenak dira, Zarauzko udalaren aitortza behar dute

2025-08-12

Txiki eta Otaegiren Zarauzko olana berreskuratu dute herritarek eta argazki jendetsua egin dute Azken Portun, Txikiren auzoan. Frankismoaren azken fusilatuekiko EAJ eta PSEren Zarauzko gobernuak azaldu duen jarrera txarresten du Sortuk, eta udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu.

Zarauzko hainbat herritarrek olana berreskuratu dute, Santa Barbarako hormaren oinarrian botata utzi baitzuen udalak, zaborra bezala.

Abuztuaren 8ko goizaldean hainbat ekintzailek Txiki eta Otaegiren aurpegiak, ikurrina bat eta 1975-2025 urteak aipatzen zituen olana bat eskegi zuten Zarauzko Santa Barbarako horman. Olana bi fusilatuen oroimena aldarrikatzeko tresna izan da. Sorturen ustez, Txiki eta Otaegik herriaren aitortza badute, baina Zarauzko udalarena falta zaie, egun hauetan argi geratu denez.

Irailaren 27an 50 urte beteko dira frankismoak Txiki eta Otaegi fusilatu zituenetik FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Txiki eta Otaegi diktadura frankistaren aurka egin zuten bi euskal borrokalari izan ziren. Bi fusilatuek zein frankismoari aurre egin zieten euskal herritar guztiek beharko lukete Sorturen ustez aitortza instituzionala, are gehiago frankismoari aurre eginez hil baziren.

Olanak ez zuen 24 ordu ere iraun bertan, Zarauzko EAJ eta PSEren gobernuak kentzeko agindu zuelako, ingurumena babesteko aitzakiapean, landa eremuan halako pankartarik ezin dela jarri argudiatuta. Gaur, Zarauzko hainbat herritarrek olana berreskuratu dute, Santa Barbarako hormaren oinarrian botata utzi baitzuen udalak, zaborra bezala. Olana Azken Portuko plazan ireki eta argazki herritarra egin dute harekin gaur ehunka lagunek. Bertakoa zen Txiki. Modu horretan Txikiren senideei babesa adierazi diete zarauztarrek.

EAJ eta PSEk Txiki eta Otaegiren oroimenarekin agertu duten jarrera salatzen du Sortuk. Txiki eta Otaegi biktima gisa aitortu zituen Iñigo Urkullu Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak 2012an. EAJren gobernua zen hura ere, Zarauzkoa bezala. Hain justu duela egun batzuk, Espainiako Gobernuak Xoxe Humberto Baena FRAPeko militantearen sendiari ofizialki adierazi dio bere fusilaketa baliogabea eta zilegitasunik gabea izan zela. PSOEkoa da gobernu hau, Zarauzkoa bezala. Iraingarria da frankismoaren bi biktimaren oroimenak mina eragiten duela esatea. Ekintza hauekin, argi utzi dute beste behin lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daudela.

Txiki eta Otaegiren fusilamenduekin, frankismoak lezioa eman nahi izan zion Euskal Herriari. Espainiar trantsizioan ondo lotuta utzi zuten dena, Euskal Herriari bere nazio izaera ukatu eta Espainiaren batasunari indarrez eusteko. Sorturen ustez, 50 urte beranduago, bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapiloa askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko. Sortuk dei egiten du irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan ospatuko duen nazio ekitaldian parte hartzera.