ALBISTEA


gora herria

Txertoak herriarentzat

2021-05-15

Covid-19aren txertoekin negozioa egiten dela salatzeko eta patenteen liberalizazioa eskatzeko Sortuk pankarta jarri du txertoa ekoizten duten laborategi batean, Granadan.

SORTUk txertoen patenteen liberalizazioa eskatu du Covid-19aren txertoa ekoizten duen enpresa batean, GUE/NGLren No Profit on Pandemic kanpainarekin bat eginez. Pandemiari aurre egin ahal izateko burujabetza ere aldarrikatu dugu.

Granadan, Moderna txertoa ekoizten duen Laboratorios F. ROVI enpresaren sabaitik “Txertoak Herriarentzat. No Patents. Vacuna gratuita y universal” lelodun pankarta erraldoia eskegi du SORTUko aktibista talde batek.

Izurria dela eta, emergentzia estatuen ezarpena herritarren osasuna lehenesteko baino, aukera ekonomiko itzel gisa hartu dute elite politiko eta ekonomikoek, funts publikoak enpresa pribatuetara transferituz. SORTUren ustez, onartezina da pandemia betean enpresa farmazeutikoek txertoen ekoizpen eta banaketarekin negozioa egitea, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak bereiziz, bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren eta posta kodearen arabera.

Kapitalismoak arazoak konpontzen lagundu beharrean, larriagotu egiten ditu. Pandemia desberdinatasun sozialak eta ekonomikoak areagotzen ari da, eta agintariek ez dute konprenitu nahi izan osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik. Edo beste era batera esanda, honetatik ez garela aterako ez bagara guztiok irteten, mundu-mailako inmunitatea lortu ezean birusak zirkulazioan jarraituko baitu.

Txertoen aferarekin egiten ari direna nahikoa injustizia ez balitz bezala, gainera, bizitza guztiak berdin baloratuko dituen Osasun sistema publiko eta unibertsala indartzetik urrun, saminarekin negozioa egiten jarraitzen dute. Kapitalaren metaketa helburu, mundu mailako osasun larrialdia erabiliz. Zoritxarrez irakurketa hau Euskal Herrian ere antzera aplika daiteke.

Bestetik, txertoen banaketa irizpideekin eta alarma egoeraren kudeaketarekin, argi ikusi dugu Euskal Herriak duen erabakiak hartzeko gaitasun mugatua. Madrilen eta Parisen irizpideen menpeko gara. Are gehiago: burujabetza materialaz hitz egiten badugu, esanguratsua da Euskal Herrian ez dagoela Covid-19ren aurkako txertoak ekoizten dituen enpresarik. Andaluziara joan behar izan dugu ekimen hau egitera.

Europako eta Euskal Herriko agintariei dei egiten diegu txertoen patentearen liberalizazioa gauzatzeko aurrera urratsak egin ditzaten. Era guztietara, berandu etorriko litzateke, Indian gertatzen ari den tragedia kontuan hartuta. Munduko populazioaren gehiengoak ez du txertatzeko aukerarik, eta horrenbestez denboran gehiegi luza daiteke pandemia. Txertoen produkzioa nazionalizatu eta banaketa justu eta ekitatiboa egiten milioika bizitza babestu ditzakegulako oraindik.

Europako Batasunak eredugarri izan beharko luke. Enpresa farmazeutikoek ezin dute pertsonen bizitzak baino garrantzitsuagoak izan.

Herritarrei, elkar zaintzeko eta eskubide kolektiboen alde kalean borrokatzeko deia egiten diegu.

Ekimena SAT sindikatuarekin elkarlanean egin dugu.