ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Tortura sistematikoa izan da

2021-02-27

Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak exijituz, manifestazioa egin du SORTUk gaur eguerdian Tolosan, Joxi Zabala eta Joxean Lasaren jaioterrian.

Giza eskubideen urraketa eskandaluzko honen aurrean ez al duzue ezer esateko Idoia Mendia, Iñigo Urkullu, Maria Chivite edo Denis Itxaso?

Luis Alberto Perote Cesidaren buru izandakoak eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko mandoaren elkarrizketaren audioak sumindura eragin du, tortura eta gerra zikinaren tramak hamarkadetan erabateko zigorgabetasuna izan dutela agerian utzi baitute.

“Aste honetan entzun dugunak min egin digu, min handia”, adierazi du Haimar Altuna SORTUko Kontseilu Nazionaleko kideak. “Hemen, Euskal Herrian, inpunitate osoz torturatzeko eta tortura estaltzeko sare erraldoi batek funtzionatu du hamarkadaz hamarkada. Denak balio izan du euskal independentismoaren aurka. Eta gobernuak, alderdiak, poliziak, forentseak, epaileak, fiskalak eta hedabideak baliatu dira sare horretaz. Denak”, Altunaren esanetan.

“Entzun ez ditugunak ere mingarriak egin zaizkigu. Giza eskubideen urraketa eskandaluzko honen aurrean ez al duzue ezer esateko? Bai, zuentzako da galdera, Idoia Mendia, Iñigo Urkullu, Maria Chivite edo Denis Itxaso. Ez al duzue ezer esan behar, ezer egin behar? Non dago zuen zoru etikoa?”, galdetu die.

“Tematuta daude fikziozko errelato bat ezartzearekin. Zintzoak eta gaiztoak bereiztu nahi dituzte berriz ere, konponbide,
askatasun eta bizikidetzaren alde lan egin beharrean. Bada garaia tortura, gerra zikina eta estatu terrorismoa behingoz aitor dezaten, haien ardurak har ditzaten, herri honek aurrera egin dezan”, adierazi du.