Oso gertaera larri eta kezkagarri baten aurrean gaude. Auzitegi Nazionalaren behin-behineko auto bat jaso berri dugu, Guardia Zibilaren txostenetatik abiatutakoa. Autoak agintzen digu Sorturen KaleraInfo aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunea ixteko, terrorismoari gorazarre egitea aitzakiatzat hartuta.
Gogora dezagun Auzitegi Nazionalak Sortuko hainbat kideren aurkako sumarioa irekia duela. Guztira, Sortuko sei kide daude sumarioan. Zehazki, sumario juridiko-politiko honen bidez, euskal preso politikoen eskubideen aldeko eta haien asistentziaren aldeko lana kriminalizatzen duena.
Gertaera erabat larri baten aurrean gaude. Alderdi baten jarduera komunikatiboaren aurka jo dute. Informatzea bezalako eskubide eta jarduera zilegiaren aurka egin dute. Eraso honen bitartez, mugimendu politiko oso baten aurka egin dute. Herri oso batek eraiki nahi duen bizikidetzaren aurka. Eta honek demokratikotik ez du ezer. Kalera Info aldizkaria presoak informatzeko tresna bat da, haiei eragiten dien auzi judizialen berri ematen duena, beraien ibilbide penitentziarioa egiteko interesekoa den informazioa eskaintzen duena eta presoen eskubideen alde egiten diren mobilizazioen berri ematen duena. Ez besterik.
Herri honek ezin du Estatuaren estolderiaren eraso hau onartu, are gutxiago orain, preso, iheslari eta deportatu politikoen auzia konpontzeko inoizko adostasunik handienak ehundu direnean, eragile askoren borondate eta ahaleginari esker. Konponbiderako ireki den aukera-leihoa kosta ahala kosta itxi nahi dute, gehiengoaren borondatearen kontra, elkarbizitza eraikitzearen kontra. Aietetik hamar urte igaro dira, eta ezin dugu lortutako adostasun horiek zapuzten utzi Estatuko sektore erreakzionarioenen agendei men eginda.
Berriz diogu: Espainiako Estatuak uko egin diezaiola behingoz biolentzia erabiltzeari, gatazkari irtenbide demokratiko bat emate aldera. Erantzukizunez jokatzeko garaia da.