Epaileak auziarekin aurrera jarraitzeko hartu duen erabakiak agerian uzten du beste behin, estatuetako zenbait boterek ez dutela nazio gatazken konponbide politikorako borondaterik. Iraganean esan izan dugun bezala, Sorturen ustez, espainiar estatuko eskuineko bloke erreakzionarioaren eta estatu sakonaren operazio politikoa da hau. Operazio horren helburua da aukera leihoa zapuztea, estatuaren nazio aniztasunaren zein Euskal Herria, Katalunia eta Galizaren nazio eskubideen aitortzan aurrera egiteko aukera zapuztea; hau da, Espainiako Estatuaren demokratizazio aukera orori atea istea. Finean, frankismoak lotuta eta ondo lotuta utzi zuen hura aska dadin galaraztea. Horretarako, beste behin ere justizia aparatua erabiltzen ari dira. Lawfare kasu berri baten aurrean gaude, beraz.
Sortuk gogora ekarri nahi du, Kataluniako Amnistia Legearean aurkako auziko eta auzi honetako Auzitegi Nazionaleko epailea berdina dela, García-Castellón jauna.
Oztopoen aurrean, guk, bakearen eta askatasunaren alde lanean jarraituko dugu, herrien eta pertsona guztien eskubideen alde. Luhusoko auziak eta armagabetzeak erakusten duten bezala, estatuak indartsuak dira baina ez garaitezinak. Gaurko mobilizazioetan ikusi dugun bezala, Euskal Herrian gatazkaren konponbide osoa eskatzen duen gehiengoa dago. Herri honek lortuko ditu bakea eta askatasuna; lortuko du preso, iheslari eta deportaturik gabeko etorkizuna eraikitzea.