1975ean erregimen frankistak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante fusilatu zituenetik, irailaren 27ko data iltzatuta gelditu da gure oroimen kolektiboan, nazio askapen mugimenduarentzat erreferentziazko eguna bilakatu arte. Gaur Txiki eta Otaegi gogora ekarri nahi ditugu eta, beraiekin batera, baita Euskal Herriaren alde ekarpen maila ezberdina eginez borroka egin duten herrikide guztiak ere.
Bide batez, egun kriminalizatzen eta jazartzen den memoria osorako eskubidea aldarrikatzen dugu, etorkizunari begiratzeko eta elkarbizitzarako ezinbestekoa baita.
Gaurkoan, Sortuk Euskal Herriaren eta nazio askapen prozesuaren egoerari buruzko bere iritzia partekatu nahi du euskal herritarrekin; non gauden eta zeintzuk diren, gure irudiko, aurrerabideak:
1. Garai historiko berezia bizitzea egokitu zaigu. Kapitalismoaren garapena zibilizazio krisi bat eragiten ari da. Ezberdintasun sozialak inoiz ez bezala areagotzeaz gain, bizitzaren iraunkortasuna eta planeta bera kolokan jartzen ari da. Potentzia kapitalisten arteko talka eta gerren areagotzeak, krisi klimatiko eta energetikoak, zaintza krisiak edota migrazio masiboek sorturiko krisi humanitarioak eta horien guztien ondorioek ezaugarritzen dute une historikoa. Aldaketa aro batean gaude, bada, eta aldaketa horien norabidea da jokoan dagoena.
2. Salbuespenezkotzat jo daiteke Euskal Herria zapaltzen duten estatuen egoera ere. Espainiako Estatuak 78ko erregimenaren krisian murgilduta jarraitzen du eta eliteak ez dira gai krisiari irtenbide adostu bat emateko. Alderantziz, erregimenaren zutabe izan diren bi alderdi nagusien arteko talka areagotzen ari da. Horrela, aukera leihotzat jo izan dugun gobernua ala erreakzio autoritario, zentralista eta kontserbadorea bilatzen duen eskuinaren eta eskuin-muturraren aukera, horixe da une honetan dagoen lehia.
Frantziako Estatuan, berriz, azken urteetan Macronen gobernuaren politika neoliberal eta autoritarioak eta estatuaren mespretxua pairatu ditugu euskal herritarrok. Azken hauteskundeen emaitzek egoera ezegonkorrean utzi dute gobernua, eskuin muturraren mehatxuak hazten jarraitzen duen bitartean.3. Bitartean, Euskal Herriaren etorkizuna kolokan dago. Egungo eredu autonomikoa eta berau gestionatzen dutenen norabide politikoa agortuta daude. Burujabetzarik gabe eta ekimen politiko-instituzional sendo eta asmo handikorik gabe, ez gaude egungo erronkei aurre egiteko behar bezala prestatuta. Gainera, aurreko hamarkadetan Euskal Herriaren biziraupenerako erabakigarria izan zen bulkada komunitario haren eragina agortzen ari da, nazio adierazle ezberdinek erakusten dutenez. Horrela, globalizazioaren itsasoan urtzeko arriskuan dago gure herria.
4. Testuinguru honetan, ezker abertzalearen proiektu eta hipotesi historikoak gaurkotasun osoa dute. Euskal Herriak estatu izan behar du, bere biziraupena bermatu eta jendarte eredu justu eta parekidea eraikiko badugu. Horregatik, nazio askapen prozesuak bidea egiten jarraitu behar du, borroka emantzipatzaileen artikulazioa bilatuz, harik eta Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte. Hori da gure borrokaren ortzimuga.
5. Azken hamarkada luzean nazio askapen prozesuan aurrera egiteko baldintza berriak ereiten ari gara. Ezkerreko subiranismoak inoizko babesik eta eragiteko ahalmenik handiena eskuratu du, erakutsiz, gainera, indar hori herritarren bizitza hobetzeko baliatzen duela. Horrekin batera, nazio proiektuak behar beharrezkoak dituen agertoki aldaketak eragiten ari gara, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko bilakaera politiko eta sozialean bereziki ikusten ari denez.
6. Guztiarekin, salbuespen egoerak eskatzen du, eta posible egin dezake, sortutako baldintzen gainean prozesu terminoetan jauzi bat ematea. Jauzi bat gatazka politikoaren dimentsionatzean, jauzi bat nazio eraikuntzan eta jauzi bat burujabetza formal eta materialaren berreskurapenean (euskararen normalizazioan, hezkuntzan, trantsizio energetikoan, zaintza sistema publiko komunitarioan, eredu polizialaren demokratizazioan, lan eta bizi baldintza duinen bermean...).
Gure helburuetarako bidea prozesu bat izango da. Inertziak astindu eta une historikoa baliatzen ahalegindu beharra dago, dauden aukeren baitan albait aurrerapen, tresna eta, funtsean, albait botere gehien eskuratzeko.
7. Horrek eskatzen du, batetik, bulkada komunitario berri bat. Euskal Herriko proiektua arnasberrituko duen eta behar beharrezkoak ditugun eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalak bultzatuko dituen olatua altxatu beharra dago. Herri txiki honek baduelako nahikoa inteligentzia, indar eta energia gauzak bestela egiteko: feminismoan, ekologismoan, sindikalismoan, euskalgintzan, gazte independentisten belaunaldi berrian eta beste hamaika borroka eta proiektutan.
8. Eta eskatzen du, bestetik, indar politiko, sindikal eta sozialen artean ahalik eta aliantza zabalenak eraikitzen saiatzea: estatuetatik datorren erreakzioa gelditzen ahalegintzeko; burujabetzaren berreskurapenean, eskubide sozial eta ekonomikoen lorpenean eta nazio eraikuntzan albait gehien aurreratzeko urratsak emateko; eta, azkenean eskuinak nagusituko balira, etorri etorriko den erauntsi errepresibo eta birzentralizatzaileari herri gisa albait berme handienekin aurre egiteko.
9. Euskal Herriak etorkizunari atea zabalduko badio, aurreko konfrontazio zikloaren ondorioak gainditu behar ditu ezinbestean. Duela hamaika urte Aieten aurkeztu zen konponbide eredu integrala da horretarako erreferentzia eta bada garaia ausardiaz eta konpromisoz hari ekiteko. Inor gutxik ukatzen du euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera ekartzea dela erronka nagusienetako bat. Ion Parot eta Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna eta gero eta gertuago ikusten den urruntzearen bukaera agertoki berri bat zabaltzen ari dira, mobilizazio sozial, akordio eta elkarlanaren bitartez etxeratzeko bidean aurrera egiteko.
10. Garai konplexuak bizi ditugu, arriskuz beterikoak. Baina bada txaropenerako motiborik. Aurtengo irailaren 27ko kartela egin duen Kepa Akixu “Zigor” artistak ederki adierazi bezala, iluntasunetik egunero pizten da argi-zirrinta bat, “egu”, egun berriaren hasierak dakarren itxaropen une iheskorra. Euskal Herrian egunero berritzen den borroka eta bizi nahia da une hori, aurkakotasun guztien aurrean herri hau bizirik mantendu duena eta askatasunaren egarria etenik gabe elikatzen duena. Independentziarako indarra.
Nehork ez dio eguri itxaropena kenduko!
Euskal Herrian, 2022ko irailaren 27an