Ezker abertzaleko emakumeok bildu gara Sorturen III. kongresuan, eta badugu zer aldarrikatu. Aldaketa garaian gaude, aldaketa handiko garaian. Egoera makurra bizi dugu, krisi anizkoitzek zeharkatzen gaituzte; baina, aldaketek dena egiten dute posible.
Arrazoia genuen. Feminismoak aspaldidanik salatu bezala, egungo bizi eredua ez da sostengarria. Hori are agerikoagoa izan da azken bi urteotan: zaintza krisia lehertu da, eta biolentzia eta indarkeria matxistaren oldarraldia bete-betean bizi dugu gure gorputzetan. Zer esan, azaroaren 25aren biharamunean!
Baina, era berean, erroko eraldaketetarako aukerak irekitzen dizkigun momentua dela jakinda, Ezker abertzaleko emakumeok prest gaude aurrean dugun erronkari heltzeko. Prest gaude herri honek burujabetzara bidean eman beharreko jauzia egiteko. Eta jakin badakigu, jauzi horrek feminista izan behar duela ezinbestean, eraikiko dugun Euskal Errepublika feminista izango baita, ala ez da izango. Eta hauspotu nahi dugun nazio bulkada ere geuretik egingo dugu.
Bide horretan, burujabetzaren beharra aitortu nahi dugu. Honek ez du forma bat eta bakarra; burujabetzak pluralean ulertu eta eraiki nahi ditugu: herriarena, norberarena, kolektiboarena. Horiek elkarren beharra dute; ez dagoelako herri burujaberik pertsonaburujaberik ez bada, eta ez da pertsona burujaberik izango herria burujabe izan ezean. Horrek, ezinbestean ertzetatik atera eta erdigunea hartzera garamatza. Beste modu batera esanda, boteretzea dagokigu, botere eta botereguneak hartzea dugu helburu.
Euskal estatu bat eraikitzeaz gain, bizitzak erdigunean jarriko dituen herri batean bizi nahi dugulako, egungo sistema kapitalista heteropatriarkal koloniala erauzi nahi dugulako. Eta horrek herri mugimenduko borroken arteko txirikordatzea eskatzen du, eskuz esku elkarrekin lan egitea, dirigismotik urrunduz eta harreman horizontalak eraikiz. Izan ere, herri mugimenduak estrategikoak dira Herrigaian helburu dugun jauzia egiteko, eta hor mugimendu feminista lehen lerroko subjektu da eta izango da.
Beraz, argi dugu prozesu honetan dugun konpromisoa; bai Euskal Herriari begira, baita gure etxeari begira ere. Hau da, bide hau benetan feminista izan dadin, gure ohitura eta egiteko moduak ere parez pare begiratu eta eraldatu behar ditugu, bizigarria den eta bizitza erdigunean jartzen duen militantzia ereduan sakondu; beste hitz batzuetan esanda, “etxea feministatu” behar dugu. Are gehiago, egiturazkoa den indarkeria matxista errotik erauzteko tresnak sortu eta garatzen jarraitu behar dugu; zentzu horretan, ez dugu atzerapausorik onartuko.
Amaitzeko, erronka horiei guztiei erantzuteko plan feminista bere osotasunean garatzen jarraitzeak eta betetzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu: eta hori egiteko konpromisoa adierazi nahi dugu hemen. Baita askapen prozesuarekiko, falta direnak etxeratzeko, zein burujabetzen alde aritzeko dugun konpromiso eta anbizioa ere.
Feministok Herrigaia dugu erregai, gu geu gara erregaia.
Euskal Errepublika ekofeminista eraikitzera goaz!