ALBISTEA


sortu

Sortuk nazio ekitaldia egingo du irailaren 29an Azpeitian, proiektu politikoa berretsi eta nazio bulkada hauspotzen jarraitzeko

2024-09-10

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 49. urteurrenaren testuinguruan egingo du ekitaldia Sortuk, frankismoak akabatu nahi izan zuen proiektu politiko hura inoiz baino biziago eta indartsuago dagoela aldarrikatzeko.

Irailaren 27a egun seinalatua da euskal nazio askapen mugimenduarentzat: egun horretan, 1975. urtean, Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituzten, Frankoren Erregimenaren agindupean. Ezker abertzaleko militanteak ziren, Euskal Herri aske eta justu baten alde borrokan zihardutenak. Horregatik hil zituzten, eurekin batera proiektu politiko bat eta komunitate konprometitu bat ere akabatuko zituztelakoan. Ordea, ez zuten lortu; Txiki eta Otaegiren askatasun ametsak eta irrintziak bizirik dirau; areago, inoiz baino indartsuago dabil. Eta, irailaren 29an, Txiki eta Otaegi erail zituztenetik 49 urtera, Sortuk nazio ekitaldia egingo du Azpeitian, Otaegiren herrian, Soreasu antzokian, 12:30ean, ‘Irrintzi bat dabil’ lelopean.

Isildu ezin izan zuten irrintzi hura bizirik da beraz Euskal Herriaren luze-zabalean. Hain justu, irailaren 29a bada askatasunaren aldeko irrintzi hori berresteko eguna. Ez gara atzera begiratzeaz ari, ezpada bizirik eta indartsu dagoen komunitate baten proiektu politikoa berresteaz. Helburu hori izango du nazio ekitaldiak (baita irailaren 27an bertan herrietan egingo dituzten dozenaka ekitaldiek ere): ezker independentismoaren komunitatea biltzea, Euskal Herriaren askatasuna helburu duen proiektu politikoa berrestea, eta ikasturteak dakartzan erronketarako indarrak hartzea.

Izan ere, ezker independentismoa eta haren proiektua geroz eta indartsuagoa da, azken hilabeteotan argiki ikusi den moduan: iazko udazkenean eta udaberrian izandako askotariko herri aldarrikapen eta mobilizazioak, EH Bilduk eta EH Baik lortutako babesa eta hauteskunde emaitzak, Euskal Herriak ultraeskuinari ateak itxi izana... Oinarri horretatik abiatuta, bizitzak erdigunean izango dituen Euskal Herri aske baterako bidean sakontzea da Sorturen erronka nagusia ikasturte honetan, besteak beste, nazio bulkada eta bulkada soziala hauspotuz, herrigintzan arituz eta balioen eraldaketa bultzatuz, eta ezker independentismoa indartuz.

‘Irrintzi bat dabil’
Borroka, ukabil itxiak bezainbeste, badira esku irekiak ere: eskuzabaltasunarenak, apaltasunarenak, lanarenak, babesarenak... Gure proiektu politikoak milaka militanteren esku irekiei esker egin du aurrera

Azken urteotan, Euskal Herriko hainbat artistaren obrak izan dira Sorturen iraileko nazio ekitaldiko kartelaren oinarria. Aurtengoan, Taxio Ardanaz artista iruindarrak egin du kartela, Telesforo Monzonek idatzitako eta herriaren irrintzi bihurtutako Batasuna abestiaren letrari tiraka. Irrintziak gogo-aldarte baten adierazpena da, eta ezker independentismoaren gogo-aldarte kolektiboa honelakoa da: pozik gaude, indartsu gaude eta borrokan segitzeko prest gaude, gure helburuak lortu arte. Hori jasotzen du kartelak.

Halaber, ukabil itxiarekin irudikatu izan da sarri borroka. Baina, borroka, ukabil itxiak bezainbeste, badira esku irekiak ere: eskuzabaltasunarenak, apaltasunarenak, lanarenak, babesarenak... Gure proiektu politikoak milaka militanteren esku irekiei esker egin du aurrera, borroka eta amets berak elkartu dituen esku horiei esker. Horrela irudikatu du Ardanazek kartelean, eta eskuz esku lanean diharduten eta independentziarako indarra diren milaka kide bilduko ditu Sortuk Irailaren 27ko eta 29ko ekitaldietan ere, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen mende erdia bete aurreko urtean.