ALBISTEA


sortu

Sortuk nazio askapen mugimenduaren onena Euskal Herriaren zerbitzura jartzeko konpromiso berritua hartu du

2026-01-24

‘Herri gogoa’ iparrorratz eta Xabi Iraola Larraia gidari izango duen Nazio Idazkaritza berria aurkeztu du Sortuk Irunen, IV. Kongresuko itxiera ekitaldian, bozketetan babes zabala jaso ostean.

“Gure herrian, klase borroka, borroka feminista eta antirrazista, azken batean, zibilizazio justu bat eraikitzea, nazio askapen prozesuari lotua dago”.

Sortuk IV. Kongresuko itxiera batzarra egin du gaur, urtarrilak 24, Irungo Ficoba erakustazokan. Konpromiso berritu batekin heldu dio aldi berriari: nazio askapen mugimendua Euskal Herriaren mesedetan jartzea, askapen prozesuaren alde lan eginez eragile eta herri dinamiketan. Egungo fase politikoan, euskal proiektu nazionala eraberritzeko, politikaren zentzu eraldatzailearekin birkonektatzeko, eta euskal estatuaren oinarriak eraikitzeko erronkak markatu ditu. Horri guztiari ekingo dion zuzendaritza berria aurkeztu du Sortuk; Xabi Iraola Larraia koordinatzaile orokorra gidari duen Nazio Idazkaritzak babes zabala jaso du ostegunetik atzora arteko bozketetan, % 96koa. Hilabeteotan osatu eta aberastutako ‘Herri gogoa’ ponentzia izango da haien bide-orria.

Sortuko 600 militante, Euskal Herriko eragile andanatako ordezkari politiko ugari, eta nazioarteko hainbat herrialdetako gonbidatuak elkartu dira Irunen. Nazio Batzarra egin dute lehenik, eta ostean, ekitaldia. Hiruzpalau hilabeteko kongresu prozesu emankorraren ostean, batzarrean zehaztu ditu Sortuk datozen hilabeteetan egin beharreko urrats nagusiak, ‘Herri gogoa’-n jasotakoa martxan jartzeko. Ekitaldian, berriz, Sortuk datozen urteotarako erronkak eta zuzendaritzako taldea aurkeztu dituzte.

Arkaitz Rodriguezek, 8 urteren ostean, Sorturen Idazkari Nagusi izateari utzi dio. Jasotako babesa eta konfiantza eskertu dizkie bertan bildutakoei, baita “gure herri zaharrarekiko konpromisoari tinko eutsi” izana ere. Urteotan egindako bidearekin “pozik doala” adierazi du, hainbat aurrerapauso nabarmenduz: ezker abertzalearen estrategia aldaketa egonkortu eta sakontzea; presoen eta, oro har, errepresaliatuen auzia desblokeatzea eta konponbidean jartzea; EH Bildu eta EH Bai zabal eta indartsuen eraikuntzari ekarpena egitea; nazio burujabetzaren bidean jauzi baterako baldintzak sortzea; askapen prozesua une gako batera ekartzea.

Eta horri esker, “hiru aukera potentzial handi” direla azaldu du: preso eta errepresaliatu politikoen auziari behin betiko irtenbidea ematekoa; ezkerreko independentismoak indarrean diren instituzio nagusietako gobernuetara iristekoa; burujabetzaren bidean jauzi bat egitekoa. Rodriguezen arabera, erronka horiei ahalik eta eraginkorren ekiteko egin du Sortuk egokitzapen politiko eta organizatiboa. Horri heldu dion talde berriarengan konfiantza osoa azalduz eman dio lekukoa Iraolari, eta hark ere eskerrak emanez hasi du hitzartzea: Sortuko militanteei, Euskal Herritik zein atzerritik bertaratutako ordezkaritzei, azken urteotako Nazio Kontseiluari eta Rodriguezi, eta osatu berri den Nazio Idazkaritzari. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senideak ere gogoan izan ditu.

Munduko egoera izan du hizpide Sortuko koordinatzaile orokor berriak: “Kapitala ala bizitza da bizi dugun garai historikoaren lehen ataka”. Eta arrisku garaiotan, aukerak ere badirela azaldu du: “Orain eta hemen, jendarte sozialista baten ortzi-muga eskaini beharra dago: egungo sistema politiko-ekonomikoa errotik eraldatzeko, eta bizitza eta haren zaintza erdigunean jartzeko”. Horrekin batera, bakea ere aldarrikatu du, ezkerrari zibilizazio berri bat eraikitzea dagokiola gogora ekarriz.

Nola bizitzaren hala bakearen alde egiteko, eztabaidagai den burujabetza baitezpadakoa izango da, Iraolaren iritziko. Batetik, Europan, bere autonomia estrategikoa eraikitzeko hautua egin behar duela azaldu du Iraolak, etorkizuneko proiektu bat izan nahi badu. Eta bestetik, Euskal Herrian: “Gure herrian, klase borroka, borroka feminista eta antirrazista, azken batean, zibilizazio justu bat eraikitzea, nazio askapen prozesuari lotua dago”.

Elkarlana, Euskal Herria eraldatzeko
“Gu gaur hemen gaude, honaino ekarri gaituen ibilkera presente, gure bide propioak ibiltzeko. Ezker abertzalearen proiektu politiko historikoaren sustraiak mantenduta, proiektu hori gaurkotzeko, eraberritzeko eta bide berriak irekitzeko”.

Munduan nola, espainiar eta frantziar estatuetan ere pultsio autoritarioa indarra hartzen ari da. Horren aurrean, borrokara dei egin du, baita gehiengo sozial eta politiko zabalak artikulatzera ere. Eta, Euskal Herria ere diskurtso eta jarrera erreakzionarioetatik salbu ez dagoela jakitun, “konpromiso antifaxista berritu bat” artikulatu behar dela nabarmendu du. Baina, faxismoa borrokatzeaz gain, Euskal Herriaren eraldaketa gaitasunak eta anbizioak garatzeaz ere mintzatu da, estrategia, elkarlana eta militantzia ardatz: “Badira zumeak, badira bideak, eta badira aukerak. Hala ikusiko dugu, besteak beste, martxoaren 17an Greba Orokorrean. Euskal Herrian posible da”.

Belaunaldi gisako erronkak ere aztertu ditu Iraolak, ezker independentismoa fase berri batean murgildu dela kontua izanik. Hala, hiru erronka nagusi markatu ditu: euskal proiektu nazionala eraberritzea, eskuartean ditugun belaunaldi erronkei erantzuna emanez; politikaren benetako zentzu eraldatzailearekin birkonektatzea, eskuin muturraren eskutik posizio anti-politikoak hedatzen ari diren garaiotan; euskal estatuaren oinarriak eraikitzea, eremuz eremu estatu gisa pentsatuz eta arituz. Eta bide horretan, EH Bildu eta EH Bai indartzeko apustua berretsi du, “ezkerreko independentiston erreferentzia politiko nagusiak eta eraldaketa politiko eta sozialerako tresnak direlako”.

Fase politiko berri horri ekiteko, Sorturen konpromiso berritua azpimarratu du: nazio askapen mugimenduaren onena, haren lan militantea, herri honen zerbitzura jartzea. “Gure lan militantearen muinean gure herriaren askapen nazionala eta soziala eskuratzeko ardura dago. Hori gara, horretarako gara”. Herria herritarrekin eraikitzea xede, nazio askapen prozesua sustatzeko eraginkorren suertatzen diren eragile eta herri dinamiketan, beste herritar eta sektore sozialekin eskuz esku arituko direla adierazi du. Eta lan hori oinarri, herri gogoa pizteko gai izango den “eskala handiko nazio bulkada bat” martxan jartzeko helburuz ere arituko da Sortu.

Hamarkada luzetako ibilbidea egin duen nazio askapen mugimenduaren lema hartu du gaur Sorturen Nazio Idazkaritza berriak. Eta aurreko belaunaldiek egindako bideak gogoan, berriei ekitera dei egin du Iraolak: “Gu ez gaude gaur hemen beste askok ibili zituzten bide berak ibiltzeko. Gu gaur hemen gaude, honaino ekarri gaituen ibilkera presente, gure bide propioak ibiltzeko. Ezker abertzalearen proiektu politiko historikoaren sustraiak mantenduta, proiektu hori gaurkotzeko, eraberritzeko eta bide berriak irekitzeko”.

Burujabetzan oinarritutako internazionalismoa
"XXI. mendeko internazionalismoa behar dugu, lurraldeen eta jendearen burujabetzan, bakearen aldarrian, herrien autodeterminazioan eta herrien arteko lankidetzan oinarritua”.

Sorturen kongresuko itxieran Palestina, Venezuela, Kuba, Uruguai, Kolonbia, Kurdistan, Irlanda, Korsika, Katalunia eta Galiziako hainbat ordezkari politikok parte hartu dute. Guztiak oholtzan, adierazpen bat irakurri du Elena Beloki Sorturen Nazioarteko arduradunak. “Boterearen birbanaketa sakon bat gertatzen ari da; horrek trantsizio luze eta gatazkatsua ekarri du”. Haren arabera, estatuak berriz ere lehen lerroan daude, baina ez herri interesak babesteko, ezpada kapitalaren mesedetan. “Ordena berri baten bila, tentsioa handitzen, eta indarkeria politiko eta ekonomikoa agertzen dira”. Hala, nazioarteko instituzioek huts egin dute, nazioarteko zuzenbidea ahulduz. Horren aurrean, burujabetza berriro definitzeko beharra dagoela nabarmendu dute, eta XXI. mendeko internazionalismoa aldarrikatu: “Lurraldeen eta jendearen burujabetzan, bakearen aldarrian, herrien autodeterminazioan eta herrien arteko lankidetzan oinarritua”.


NAZIOARTEKO GONBIDATUAK

Palestina
• George Rashmawi, The European-Palestinian Initiative Against Apartheid and Settler Colonialism-ko Europako koordinatzailea.
• Maher Amer. OLPko Apartheiden kontrako departamentuko zuzendaria eta FDLPko buruzagia.

Venezuela
• Glena Cabello, PSUV alderdiko kidea eta kontsula.
• Juan Borregales, PSUV alderdiko kidea eta kontsul ordea.

Kuba
• Indira Groero, PCCko militantea eta enbaxadore ordea.

Uruguai
• Tomas Barolin, Frente Amplioko eta MPPko ordezkaria.

Kolonbia
• Laura Devia, Kolonbiako Comuneseko nazioarteko arduraduna.

Kurdistan
• Sinan Önal, Kurdistango Kongresu Nazionaleko mandataria.

Irlanda
• Philip Mc Guigan, Sinn Fein alderdiko Osasun arloko bozeramailea, eta Ipar Antrim barrutiko Batzar Legegileko kidea.

Korsika
• Petru Antone Tomasi, Corsica Liberako bozeramailea.

Katalunia
• Su Moreno, CUPeko nazioarteko arduraduna.
• Adri Guevara, ERCko nazioarteko arduraduna.
• Oriol Lopez, ERCko idazkari orokor ordea.

Galizia
• Duarte Correa, UPGko nazioarteko arduraduna.