ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Sortuk lanean jarraituko du bakearen, elkarbizitzaren eta askatasunaren alde, ongi etorrien auziarekin hori oztopatu nahi duten arren

2024-06-04

Abokatuek eta auzipetuek adierazi dute ez dagoela deliturik ongi etorrien auzian, eta Espainiako egungo gobernua higatzea xede duen beste lawfare kasu bat dela.

"Urteak dira presoei harrera ekitaldi publikorik ez zaiela egiten. Besteak beste, ezker abertzaleak jarrera eraikitzailea duten biktimen ahotsa entzun duelako eta, horri kasu eginez, euskal presoek eurek hala erabaki zutelako”

Sortuk agerraldia egin du gaur, ekainak 4, presoei iraganean egindako harrera ekitaldien harira irekita dagoen auzia politikoki baloratzeko. Aiert Larrarte abokatuak, eta Oihana San Vicente eta Haimar Altuna auzipetu eta Sorturen zuzendaritzako kideek hartu dute hitza. Adierazi dute zentzugabea dela gaur auzi hau irekita izatea. Gogorarazi dute ongi etorriak iraganeko kontua direla eta jada gaindituta dagoen eszenatokia dela hura. Gaineratu dute ez dagoela deliturik, eta salatu dute, halaber, haren atzean helburu politikoak daudela: Euskal Herrian egiten ari den bakearen, elkarbizitzaren eta askatasunaren aldeko bidea oztopatzea batetik, eta Espainiako egungo gobernua eraistea bestetik.

Sortuko sei auzipetuentzako 9 urte arteko espetxe zigor eskaerak egin dituzte, ongi etorrien auzia dela eta. Abokatuei akusazioen eskaerak bakarrik jakinarazi dizkiete zuzenean. Bi delitu leporatzen dizkete: erakunde gaizkile batean parte hartzea, eta umiliazio eta gorazarre delitu jarraia. Dignidad y Justiciak auzipetu bakoitzarentzat 6 urte eskatzen ditu lehenagatik, eta 2 urte eta 8 hilabete bigarrenagatik; baita PPK ere. AVTk, berriz, 6 urte eta 3 urte, hurrenez hurren. Aldiz, fiskalaren eskaera prentsaren bidez jakin dutela salatu du, “ohikoa den moduz”. Hark 5 urte eta 7 hilabetekoa egin du auzipetu bakoitzarentzat.

Orain, akusazio eta defentsa idazkiak egiteko momentua da. Eta ondoren, epaiketa egitekoa. Fiskalaren jakinarazpena jasotakoan, defentsa idazkia aurkeztuko dutela jakinarazi du Larrartek, deliturik ez dagoela adieraziz: “Entzutegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak berak eta Giza Eskubideen Europar Auzitegiak hainbat epairen bidez ezarri duen mugen artean jardun da. Are gehiago, jurisprudentziak delitu hau ezabatzera bideratzen ditu tribunalak”. Gehitu du horrelako deliturik egon dadin biolentzia adierazpenak egon behar direla, eta ez daudela. Eta azkenik, erantsi du kausa orokor bat egin nahi izan dela, “biktimei umiliazioa kontzeptu juridiko bihurtu nahian”.

“Adierazpen askatasunaz ari gara, eta alderdi politiko baten enegarren kriminalizazio ahaleginaz. Eta kartzelak hustu ordez, berriz betetzeko asmoez”, salatu du Larrartek. Haren arabera, delitu horien ikerketaren bitartez, adierazpen politiko disidenteak delitu bihurtu nahi izan dira; baita, zenbaitetan, lortu ere. “Gai politiko bat epaitegietara bideratzen denean, guztion adierazpen askatasunaren aurka doan zerbait da”.

Altunak eta San Vicentek nabarmendu dute iraganeko kontua dela ongi etorriena: “Elkarbizitzaren ikuspegitik, urteak dira presoei harrera ekitaldi publikorik ez zaiela egiten. Besteak beste, ezker abertzaleak jarrera eraikitzailea duten biktimen ahotsa entzun duelako eta, horri kasu eginez, euskal presoek eurek hala erabaki zutelako”. Nabarmendu dute euskal jendartea urratsak egiten ari da elkarbizitza eraikitzeko bidean, baita ezker abertzalea ere.

Helburu politikoak

Horregatik, beste lawfare kasu bat dela salatu dute, bi helbururekin: "Lotura zuzena du Espainiako Estatuan bloke erreakzionarioa eta estatu sakona burura eramaten ari diren ofentsibarekin. Azken hamar urteotan aurreratutako bidea kaltetu nahi dute kriminalizazioaren eta errepresioaren bidez, giroa gaiztotuz eta harreman politikoak zailduz, egungo gobernua erorarazteko". Horrekin batera, esan dute Euskal Herrian bakean eta elkarbizitzan aurrera egiteko alde ugari egiten ari diren ahalegina ukatzera datorrela, "iraganaren logiketan iltzatuta jarrai dezagun".

Iradoki dute eskuin erreakzionarioaren markoa barneratzeak arriskuak dituela, deliturik ez dagoen tokian, kartzela zigor eskariak egiteraino. "Elkarbizitza ez da lehiarako elementua, guztion artean eraikitzen den zerbait baizik". Horren aurrean, esperantzarako deia luzatu dute: "Gure herriak bakearen, elkarbizitzaren eta askatasunaren bidea urratzen segituko du. Euskal Herriak aspaldi egin zuen bide horren aldeko hautua, eta ez gaituzte gure bidetik aterako. Preso, iheslari eta deportaturik gabeko etorkizuna desio dugu, sufrimendurik gabeko etorkizuna desio dugu. Eta lortuko dugu".

Ikerketa Espainiako Entzutegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegi Zentralak eta haren buru Garcia Castellon epaileak abiarazi zuen. Biktimen elkarteak hasi ziren ongi etorriak salatzen, banan-banan, eta denak artxibatzen joan ziren. "Baina, orduan, Guardia Zibilak, txosten baten bitartez, ongi etorriak estrategia politiko, biolento eta kriminal batekin lotu zituen, 2018tik aurrerako guztiak kausa bakar batean". Horiek dira prozeduran daudenak. Bidean, Sorturen eta mugimendu herritar hainbaten jarduna zelatatu dutela gogoratu du Larrartek: telefonoak pintxatu, mezuak atzeman, dokumentazioa atxiki, web orriak itxi…