Sortuko hainbat aktibistak Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatu dute Cuelgamuros Haranean (Espainia, Guadarrama mendilerroa), Francoren aginduz eraikitako monumentuan: bertako bi arkutan pankarta handi bana eskegi dute. “Ni pudisteis, ni podéis, ni podréis (Ezin izan zenuten, ezin duzue, eta ezin izango duzue). Gora Euskal Herria askatuta!”, dio haietako batek, ikurrina batekin. Bestean, berriz, fusilamenduen irudi bat ageri da, 1936-1975 urteekin. Modu horretan, Euskal Herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea errespetatzeko aldarria eraman du Sortuk Frankismoaren ikurra den monumentura.
Aurtengo irailaren 27an 50 urte beteko dira Txiki eta Otaegi hil zituztela, baita FRAPeko beste hiru militante ere. Azaroan, berriz, mende erdia beteko da Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoak haren oinordekotza hartu zuela, Espainiako errege izendatzean. Sortu urteurren hori baliatzen ari da gertatukoa oroitzeko, baina, bereziki, orduan “ondo lotuta” utzi zuten korapilo hura behingoz askatzeko garaia dela adierazteko. Hala, Askatzera Lotuak kanpaina ari da lantzen, tartean, irailaren 27an bertan Iruñeko Anaitasuna pabiloian egingo duen ekitaldia. Dinamika horren baitan egin du Cuelgamuroseko ekintza aktibista ere.
Guadarrama mendilerroan kokatutako monumentu frankista 1940ko hamarkadan eraiki zuten, Francoren aginduz, eta 1959ko apirilaren 1ean inauguratu. Hain justu, bertan egon ziren diktadorearen gorpuzkiak 2019ko urrira arte, PSOEren gobernuaren ekimenez urte hartan desobiratu zuten arte. Frankismoari gorazarre egiteko xedez eraiki zuten duela gutxira arte Erorien Harana izena izan duen monumentua, eta egun ere horretarako tokia da askorentzat. Gaur, Euskal Herriaren askatasuna aldarrikatzeko plaza bihurtu du Sortuk; garaian egin bezala, independentziaren bandera altxatzera dei egin du.