ALBISTEA


sortu

Sortuk Euskal Herria aurrera doala aldarrikatuko du Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzteneko urteurrenean

2023-11-10

Mobilizazioaren aurkezpenean salatu du ez dagoela Santi eta Josuren hilketen aitortzarik, erreparaziorik eta ardura hartzerik espainiar estatuaren aldetik

Sortuk manifestazioa egingo du azaroaren 20an Bilbon, Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituzteneko urteurrenean. Azaroaren 9an aurkeztu dute mobilizazioa Bilboko Arriaga antzokiaren atarian bildutako ezker abertzaleko hainbat kidek. Handik abiatuko da manifestazioa hilaren 20an, 19:00etan, 'Herria aurrera' lelopean, Santiren kontsultaraino.

Paul Lakak, Sorturen Bizkaiko arduradun eta Nazio Kontseiluko kideak hartu du hitza: "Aurten 39 eta 34 urte beteko dira Santi eta Josu hil zituztenetik, estatu terrorismoak hil zituenetik. Espainiar estatuak agindutako heriotzak izan ziren. Baina ia 40 urte geroago, oraindik ez dago inolako aitortzarik, ez erreparaziorik, ezta ardura hartzerik ere".

Haren hitzetan, estatuak gerra zikina sistematikoki erabili du ezker independentismoaren kontra; hala nola, finantzatutako talde parapolizialak, torturaren erabilera orokortua, eta oinarririk gabeko ilegalizazio, sumario eta espetxeratzeak. Horrekin guztiarekin amaitu behar dela nabarmendu du: "Nahikoa da. Estatuaren inpunitatearekin amaitu eta egindakoaren erantzukizuna har dezatela".

Nolanahi ere, Lakaren hitzetan, Santik eta Josuk amesten zuten Euskal Herria inoiz baino biziago dago gaur egun: "Bere nazio aitortza aldarrikatzen duen herria, zerbitzu publiko eta bizitza duinen alde borrokatzen dena, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean altxatzen dakiena, Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko mobilizatzen dena. Hori da gure herria, Euskal herri solidario, borrokalari eta ameslaria". Haren arabera, espainiar estatuko eskuinaren oldarraldiak agerian uzten du 78ko erregimenaren krisia.

Horregatik guztiagatik, Santiren eta Josuren legatua hartzera eta Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokan urratsak egiten jarraitzera dei egin du: "Gure komunitateari dei egiten diogu mobilizazioan parte hartzera eta, manifestazioaren leloak dioen bezala, 'Herriak aurrera' egin dezan Independentziarako Indarra izaten jarraitzera".