ALBISTEA


nazioartea

Sortuk eta Kubako Alderdi Komunistak truke eta lankidetza hitzarmena sinatu dute

2024-06-11

Bi alderdien arteko harremanak estutzeko helburua du hitzarmenak; Emilio Lozada Garcia Kubako Alderdi Komunistako Nazioarteko Harremanetarako Departamentuko buruak eta Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak sinatu dute.

Gaur, ekainak 11, asteartea, Sortuk eta Kubako Alderdi Komunistak truke eta lankidetza hitzarmena sinatu dute. Emilio Lozada Garcia Kubako Alderdi Komunistako Nazioarteko Harremanetarako Departamentuko buruak eta Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak sinatu dute hitzarmena Kuban, Alderdi Komunistaren egoitzan. Bi alderdien arteko harremanak estutzeko helburua du hitzarmenak, bi aldeek lehenetsitako proiektu eta arloetan lankidetza indartzeko.

Bederatzi artikuluko hitzarmenak honako hau jasotzen du, besteak beste: bi alderdien arteko adiskidetasuna eta konfiantza politikoa sendotzeko elkarrizketa-mekanismoak ezartzea, hainbat mailatan; bi alderdien arteko harremanak eta nazioarteko elkartasuna sustatzeko bide gisa, erakunde sozialen arteko trukea sustatzea, erakunde feministei, gazte erakundeei, sindikatuei eta beste sektore batzuetako erakundeei garrantzi berezia emanez; komunikazio sozialaren eta prestakuntza politikoaren arloan aldebiko lankidetza garatzea; hainbat eremutan, lankidetza ekonomikoaren arloko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzek ahalegin hitzartuak egitea, interes komunean oinarrituta.

Rodriguezek nabarmendu du hitzarmenak garrantzi berezia duela, egungo testuinguru ezegonkorra eta nazioarteko egoeraren konplexutasuna kontuan izanda: "Lankidetza hitzarmen bat sinatu dugu, elkartasuna oinarri, gure herriek mundu justu, berdinzale eta aske baten kartografia elkarrekin marrazten jarrai dezaten". Azken artikuluan jasotzen den moduan, bost urteko indarraldia du Sortuk eta Kubako Alderdi Komunistak gaur sinatutako itunak.