Ezin kezkatuago gaude azken egunotan Palestinan gertatzen ari den sarraskiarekin. Sortuk argi azaldu zuen hasieratik ezinbestekoa zela gerra amaitzea, konponbide demokratiko eta justu bat ahalbidetuko zuen elkarrizketa politikoa eta Palestinaren askatasuna. Haatik, tamalez, auziak oso bestelako norabidea hartu du, Gazako erasoaldi gupidagabeek eta irudi gordinek erakusten duten moduan. Bart bertako ospitale baten aurka Israelek egindako erasoa eta eragindako ehunka hildakoak dira horren isla.
Horregatik, ezinbestekoa da Palestinaren aurkako genozidioarekin amaitzea eta Gazako sarraskia berehala gelditzea. Eta konponbidea demokratikoa eta iraunkorra izan dadin, gatazka politikoaren erroari heldu behar zaio; alegia, 75 urtez palestinar herriaren kontra jorratutako kolonizazio eta okupazioarekin amaitzea, eta palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatzea eta bermatzea.
Testuinguru horretan, Gernika-Palestina deialdi herritarrak Palestinari elkartasuna adieraztera dei egin du, Gazako sarraskia gelditzeko eskatuz, eta konponbide politikoa aldarrikatuz. Sorturen iritziz, beharrezkoa da halako herri erantzun bat antolatzea. Horregatik, manifestuarekin bat egiten dugu, eta larunbateko manifestazioan parte hartuko dugu. Halaber, bertaratzera deitzen dugu herritar oro ere. Egoera ezin larriagoa da, eta horrek kalera ateratzea exijitzen digu herrien askatasunean eta mundu justuago batean sinesten dugun guztioi.
Manifestuak dioen moduan, Gernikako bonbardaketaren herria da Euskal Herria; beraz, erakutsi dezagun, inoiz baino gehiago, Palestinarekiko elkartasun zabal eta indartsu bat, konponbidearen aldeko aldarria Euskal Herrian eta mundu zabalean entzun dadin.