Euskaraldiak gauza onak ditu; euskal gizartean euskararekiko dagoen atxikimendu zabalaren erakusgarria da dudarik gabe. Baina kezka ere baditugu. Euskalgintzako eta euskal gizarteko zenbait sektoreren hausnarketarekin bat egiten dugu. Azken hamarkadetan euskararen berreskurapena ekarri duten hizkuntza politikaren agorpen zantzuak nabarmenak dira. Atzera asko egiteko arriskua dugu.
Zentzu horretan, konpromiso politiko berrituetarako unea dela uste du Sortuk. Euskarak XXI. mendean behar duen hizkuntza politika adostu eta inplementatzeko garaia da. Horretarako, Euskaraldiak agertzen duen lankidetza konpromiso politikoetara eraman behar da. Sortutik norabide horretan segiko dugu lanean.
Hori esanda, honakoak dira Sorturen konpromiso zehatzak 2020ko Euskaraldian:
Sortu Arigune izango da Euskaraldia honetan. Horrela, arigune (euskaraz aritzeko gune) guztiek bezala, euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dugu uneoro, izan antolakundearen barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Gure antolakundeko kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan. Horrez gain, ariketa modu kolektiboan gauzatuko dugu antolakundearen espazioetan.
Hala, bi modura izango da Sortu arigunea:
• Barne-arigunea: barne-arigunea izanik modu kolektibo batean geure arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko aurrera pausoak emango ditugu. Arreta jarriz gure arteko hizkuntza ohiturei eta horiek aldatzeko ahalegina eginez.
• Kanpo-arigune: antolakundean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek nahiz haiengana zuzentzeko ditugun bitarteko komunikatiboek osatzen dute kanpo-arigunea. Uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatuko dugu beste eragile edo entitateekin dugun harremanean. Herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea izango dute gure antolakundean.
Konpromiso honen haritik Sortuko kideok aho-bizi edo belarriprest izango gara. Bakoitzari egokiena iruditzen zaion rola hartuko du. Behin rola aukeratuta rol horri dagokion jarrera hartuko dugu. Honako filosofiaren baitan:
• Aho-bizi: euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egingo ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraituko dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eutsiko diot kideek ulertzen dutenean. Aho-bizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik. Ahal dugun guztietan euskara erabiltzeko prest egongo gara. Aho bizi izango gara.
• Belarriprest: nire gaitasun eta aukeren arabera erabakiko dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatuko diet modu esplizituan. Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik. Dakienari euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diogu. Belarriprest izango gara.