ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

SORTU Arnagan

2018-05-04

SORTUren adierazpena gatazkaren konponbidean aintzinatzeko nazioarteko topaketan

Aieteko Nazioarteko Konferentziak bide-orri bat ezarri zuen euskal gatazkari konponbide justu eta demokratiko bat emateko.

Ordudanik, bai ezker abertzaleak bai ETA erakundeak adierazpen hartan jasotako eskakizun guztiak bete dituzte. Ordudanik, albiste positibo gehienak ezker abertzalearen eta ETAren eskutik etorri dira.

Ezin daiteke esan gauza bera beste eragile batzuei buruz, batez ere Espainiako Gobernuari buruz. Gobernu horrek gisa horretako edozein irtenbide oztopatzeko eginahalak egin ditu eta egiten ari da, zoritxarrez. Beste behin ere, agerian gelditu da nor ari den bakearen alde lanean eta nork jarraitu nahi duen gerra egiten.

Espainiako Gobernuak behin betirako oztopoak jartzeari utz diezaion nahi dugu, eta bake justu, egonkor eta iraunkorra eraikitzen lagun dezala. Eta zentzu horretan, desio dugu bere bozeramaileen ahotik sarritan emandako hitza bete dezan presoei dagokienean: “Sakabanaketa ETA desagertzean amaituko da”.

Gure ustez, benetako bakea eraikitzeak eskatzen du gatazkaren ondorioak gainditzea, hau da, preso guztien askatasuna, iheslari guztien etxeratzea, Estatuko Segurtasun indarren aldegitea eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa. Baina bake horrek ere eskatzen du, gaur aurkeztutako dokumentuak jasotzen duen moduan, Espainiako zein Frantziako Estatuek gure eskubide nazionalak errespeta ditzatela, hori baita gatazka politikoaren muina. Izan ere, gatazka ETAren existentziaren aurretikoa da eta oraindik dirau, ETA desagertuta egon arren.

Azkenik, euskal gizartearengan gure konfiantza osoa dugula adierazi nahi dugu. Bere bultzadari eta konpromisoari esker, gure herria egungo egoerara iritsi da, dudarik gabe orain dela bederatzi urte baino askoz ere hobea. Eta bultzada horri esker gure herriak lortuko du, berandu baino lehen, bakea eta askatasuna. Horren inguruan ez dugu inolako zalantzarik.


SORTU
Kanbo, 2018-05-04