ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Santi eta Josu: konpromisoa, borroka, herria

2022-11-17

Zigorgabetasun osoz gure aurka aritu zirenenek ez zuten lortu gu politikoki zokoratzea: ezkerreko independentismoa inoiz baino indartsuagoa da egun.

Igandean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin du Sortuk

Bizkaiko Sortuk gogora ekarri ditu Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideak gaur Bilbon, haien hilketen urteurrenaren bezperetan. Santi Brouarden kontsultaren aurrean egindako lore-eskaintzan ezker abertzaleko hainbat kidek bat egin dute Santiren eta Josuren ekarpena gogora ekartzeko, estatu-terrorismoaren inpunitatea salatzeko eta ezkerreko independentismoaren proiektua inoiz baino indartsuago dagoela aldarrikatzeko.

Igandean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko dei egin du Paul Lakak, Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak. Haren esanetan, "Igandean 38 eta 33 urte beteko dira Santi Brouard eta Josu Muguruza, ezker abertzaleko militanteak, hil zituztenetik. Estatu egiturek antolatutako gerra zikinaren biktimak dira biak. Estatu terrorismoa ez zelako soilik GAL izan, ezta ere soilik Batallon VascoespaƱol edo AAA. Barrionuevok esana du, argi eta garbi: gerra zikinaren atzean estatu-arrazoia defendatzeko estatu egiturek antolatutako eta finantzatutako sare oso bat zegoen. Hortik aurrera, denok dugu argi erantzuleak, izen eta abizenekin, zeintzuk diren".

"Egia esan, Barrionuevoren hitzek ez digute ezer berririk erakutsi, ez behintzat Euskal Herrian. Beti jakin dugu Estatua prest dagoela eskura dituen tresna guztiak erabiltzeko euskal independentismoaren aurka. Hala eta guztiz ere, horrelako adierazpenek min egiten jarraitzen dute, ez esandakoagatik bakarrik, erabateko inpunitatez sentitzen diren horiek hori guztia erabat lasai esateko gauza direlako baino. Azken batean, estatu-arrazoia defendatzen dute eta estatuak defendatu egiten ditu.

"Argi dago haien balek ez zutela gu isilaraztea lortu. Haien apartheid- eta ilegalizazio-estrategiak ez zuen lortu gu politikoki zokoratzea. Alderantziz, ezkerreko independentismoa inoiz baino indartsuago dago eta hori neurri handi batean Santiren eta Josuren moduko kideei esker izan zen.

"Zuen konpromisoa, zuen borroka, eta zuen herriarenganako lotura ditugu, oraindik ere, eredu ezker abertzaleko kideok. Etorkizuna irabazteko bidean, gogoan zaituztegu".