Sortuk manifestazioa egin du azaroaren 20an, Bilbon; urtero legez, Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitu ditu, Espainiako estatu terrorismoak hil zituela hurrenez hurren 40 eta 35 urte bete diren egunean. Nazio aitortza eta estatus politiko-juridiko berrien eztabaida pil-pilean den honetan, Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta herri gisa aritzeko garaia dela aldarrikatu dugu. Brouarden kontsultatik Plaza Berrirako bidea egin dugu, ‘Herriaren arnasa – Independentziarako Indarra!’ lelopean.
Oihana San Vicente Sorturen Nazio Idazkaritzako kideak hartu du hitza medioen aurrean, manifestazioa abiatu aurretik. Euskal Herriak nazio zapaldua izaten jarraitzen duela oroitu du, eta hura itotzeko gerra zikina erabili izan dutela. “Espainiar estatuak eragindako biktimen aitortza ofizialetan urratsak egin arren, bide luzea dago egiteko oraindik aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan”. Horren aurrean, nabarmendu du memoria osoa eraiki behar dela eta gatazka politikoaren erroari heldu behar zaiola, horretarako aukera badela gogorarazita.
Manifestazio amaierako ekitaldian, berriz, Paul Laka Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak Santi eta Josuren borroka izan du gogoan: “40 urte igaro diren honetan, askapen prozesua aurrera doa, eta haiek helburu zuten Euskal Herriaren arnasa inoiz baino biziago dago”. Gehitu du arnas horrek bakea eta askatasuna ipar duen gehiengo sozial geroz eta zabalago batekin bat egiten duela. “Askatasun hori, ezinbestean, gure etorkizunaz erabakitzeko dugun eskubidea errespetatzean oinarritu behar da”. Eta bide horretan, EH Bilduk ‘Nazioa gara’ lelopean larunbat honetan, hilak 23, Bilbon egingo duen nazio mobilizaziora joatera dei egin du.
Nazioarteko gerra giroa ere izan du hizpide Lakak, eta basakeria ala bakea hautatzeko tenorea dela azaldu du: “Eliteen belizismoaren aurrean, kosta ahala kosta, bakea defendatu behar da. Gerra ezarri nahi digute, statu quo-ak bere horretan iraun dezan, eta eliteek kapitala pilatzen jarrai dezaten, langile klasearen bizkar. Horren aurrean, munduko ezkerrak bakea eraikitzeko betebeharra du”. Horretarako konpromisoa azaldu du, Euskal Herria askatasunera eramango duen proiektua bururaino eramatearekin batera: “Bidea herriarekin berarekin eginez, herria dagoen tokian egonez, herri arnasa izanez”.