Sortuk Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitzeko manifestazioa egin du Sortuk Bilbon, azaroaren 20an, ‘Herria aurrera!’ lelopean. Aurten 39 eta 34 urte bete dira estatu terrorismoak hil zituenetik. Bertan bildutakoek gogoratu dute espainiar estatuak agindutako heriotzak izan zirela, eta oraindik ez dagoela egindakoaren inolako aitortzarik, ez erreparaziorik, ezta ardura hartzerik ere. Alta, 78ko erregimena krisian dagoela, eta Euskal Herria egunero eraikitzen jarraitzera dei egin du Sortuk. Arriaga plazan egindako ekitaldiaren ostean abiatu da manifestazioa; Santiren kontsultan amaitu da, lore eskaintza eta dantzarekin.
Santi eta Josuren ibilbidea oroituz eta aitortuz ekin diote ekitaldiari, besarkada bana bidaliz haien eta gerra zikinak eraildako beste kideen gertukoei. Oihana Bartraren bertsoen ondoren, Paul Laka Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak hartu du hitza. Heriotza haiek ez zirela ausazkoak izan salatu du, ezta isolatuak ere: “Hamarkadetan, estatuak gerra zikina sistematikoki aplikatu izan du ezker independentismoaren kontra”. Gogora ekarri du 40 urte bete berri direla GALen lehen ekintzatik, hain zuzen, Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta erail zituenetik. “Bada garaia, behingoagatik, estatuak egindakoaren aitortza eta erantzukizuna hartzeko”, nabarmendu du.
Lakaren arabera, egun krisi sakonean dagoen 78ko erregimenean oinarritutako estatu proiektuak eragin zituen aipaturiko heriotzak. “45 urteren ostean, 78ko erregimena da krisi sakonean eta arrakalaz beterik dagoena, eta ezker independentismoak inoizko sendotasun handiena du”. Eta aldaketa ezingo dutela geratu aldarrikatu du: “Edo estatua demokratizatzen dute, bertoko nazioen izatea eta autodeterminazioa onartuz, edo onartzea besterik geldituko ez zaien eguna helaraziko dugu. Edo hitza ematen digute, edo hartuko dugu!”.
Euskal errepublika sozialistaren eraikuntzan lanean diharduen askapen mugimenduaren egokitze gaitasuna balioetsi du Lakak. Haren arabera, egungo ziklo aldaketan ere erronka hori du: “Zapaltzen gaituzten estatuak ahul daude, ez ditzagun indartu. Ez dezagun perspektiba galdu; segi dezagun 78ko erregimena arrakalatzen”. Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldun baten alde Santik eta Josuk egindako lanarekin segitzeko deia luzatu du: "Ezker abertzaleko kideoi gure herrian sektore ezberdinak hauspotzen ari diren borrokak ulertu, lagundu eta indartzea dagokigu, herriarekin parez pare, herri izanez, herri eginez”.