ALBISTEA


sortu

Santi eta Josu gogoan, Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta herri gisa aritzeko unea dela aldarrikatuko du Sortuk azaroaren 20an

2024-11-10

Sortuk manifestazioa egingo du azaroaren 20an Bilbon, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenean. Espainiako estatuak eragindako biktimen aitortza eta erreparazioa exijituko du, baita erantzukizunak hartzeko ere.

Azaroaren 20an 40 eta 35 urte beteko dira Santi Brouard eta Josu Muguruza euskal militanteak hil zituztenetik; Espainiako estatu terrorismoak hil zituenetik. Ohiko legez, Sortuk manifestazioa egingo du egun horretan, ‘Herriaren arnasa - Independentziarako Indarra’ lelopean. Brouard eta Muguruza oroitzearekin batera, haiek helburu zuten Euskal Herriaren arnasa inoiz baino biziago dagoela aldarrikatuko du; baita, halaber, nazio bulkadari arnasa emateko une erabakigarria dela ere. Mobilizazioa 19:00etan abiatuko da Brouarden kontsultatik (Alameda Rekalde, 8), eta Plaza Berrian amaituko da, ekitaldi politikoarekin.

“Nazio zapaldua da gurea, eta espainiar eta frantziar proiektu zapaltzaileek gure herriari arnasa kendu nahi izan diote mendeetan”. Bide horretan, nazio askapen mugimendua ito nahi izan dutela ekarri du gogora Sortuk; horretarako, besteak beste, gerra zikina erabiliz, Santi eta Josuren erailketatan kasu. Eta, espainiar estatuak eragindako biktimen aitortza ofizialetan urratsak egin diren arren, nabarmendu du bide luzea dagoela egiteko oraindik aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan.

“Batzuek memoriaren eta errelatoaren esparrua polarizatzera jo nahi dute, euren posizioa indartu eta errelato partzialak bultzatzeko”. Horren aurrean, memoria osoaren eraikuntzaren alde egin behar dela adierazi du, euskal jendarteak nahi eta behar duen gisan. Horretarako, ezinbestean, gatazka politikoaren erroari heldu behar zaiola adierazi du, eta, bide horretan, une erabakigarria bizi dugula: “Nazio aitortza eta estatus politiko-juridiko berrien inguruko eztabaida betean gaude”. Horregatik, nazio askapen prozesuari bultzada ematera dei egin du, independentziara bidean: “Gu guztiok, militanteok, arnasa gara nazio aldarrikapena berreskuratu eta erdigunean kokatzeko”.