ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Salbuespen legedia eten!

2020-04-16

Apirilaren 17a preso politikoen nazioarteko eguna da. SORTUk agurrik beroena eta besarkadarik maitekorrena helarazten die euskal preso politikoei.

Orain da unea Euskal Herriaren etorkizuna oinarri sendoen gainean eraiki ahal izateko. Eta horretarako ezinbesteko urratsa da euskal preso politikoen etxeratzea.

Aurten, mundu osoa astintzen ari den gaixotasunagatik, eta ezarritako neurriak direla eta, ezin izango dugu inolako ekiltaldi politikorik egin jendearekin zuzenean. Baina egun honetan, bereziki euskal preso politikoak dakartzagu gogora, eta haiek bizi duten egoera jendarteratu eta salatzen ditugu. Presoekin batera, haien senide eta hurbilekoak ere gogoratzen ditugu aurten; pandemiaren ondorioz etxetik irteteko debeku eta murrizketak denontzat gogorrak badira, are gogorrago eta kezkagarriagoak baitira haientzat.

Urtean zehar euskal preso politikoen egoeraz kezkatzen diren eta haien eskubideen aldeko aldarria egunez egun eta astez aste kaleratzen duten guztien ahalegina eskertzen dugu. SORTUk, berari dagokion esparruetan, udaletatik hasi eta goreneko instituzio guztietan, euskal preso politikoen eskubideen aldeko lana egiten eta defendatzen jarraituko du, harik eta azken euskal preso politikoa etxeratzea lortu arte. Baina, instituzioetan ez ezik, kalean ere aldarri hori eta lan hori egiten jarraituko dugu.

Apirilaren 17a izendatzen dugu Preso Politikoen Nazioarteko Egun gisa. Egun honetan bereziki euskal preso politikoak gogoratzen baditugu ere, ez ditugu ahazten munduko edozein herritan, edozein lekutan ideia politiko askatzaileen alde borrokatzeagatik preso dauden pertsona guztiak.

Espetxean ez dago egun errazik, ez dago urte errazik; are gutxiago espresuki euskal presoen eta beren senideen aurka diseinatutako salbuespen politika jasaten dutenean. Espetxe politika horren ondorio izan da Jose Angel Ochoa de Eriberen heriotza, aurreko urrian gertatua, oso gaixoturik kaleratu eta lau hilabete eskasera.

Euskal presoen egoerari begirada orokor bat emanez, 236 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar estatuetako 50 bat espetxetan barreiatuta. Horietatik, %75 beren sorterritik 500 kilometro baino gehiagora daude urrunduta eta sakabanatuta. Preso horietatik 80ren batek adin txikiko seme-alabak dituzte. Ehundik gora dira gaixotasunen bat duten presoak, eta 20 inguruk gaixotasun larria dute. 70 urtetik gorako adina dute kide batzuek. Espetxean denbora gutxien eman duenak, hiru urtetik gora daramatza. Euskal presoen erdiak baino gehiago dira 15 urtetik gora espetxean daramatzatenak. 50 kide inguru dira 20 urte edo gehiagoan preso daudenak. Espetxealdiaren 30. urtea betea dute Unai Parot, Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranburuk. 70 baino gehiago dira 3/4ak beteak dituzten eta euren legediaren arabera libre behar luketenak...

Horiek eta beste hainbat datu beharko genituzke espetxe-politika honek islatzen duen errealitate osoa jasotzeko. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi salbuespen politika horrek presoen senide eta hurbilenekoen artean duen eragina.

Azken urteotan presoak banaka-banaka kaleratzen joan diren arren, larritasunek gora egin dute denborarekin. Egoera benetan larria da, premiatsua. Ia hiru urte dira euskal preso politikoek ibilbide juridiko-penitentziarioa egitea erabaki zutela. Batzuek hortxe kokatzen zuten presoen egoera bideratzen hasteko gakoa, bide juridikoari ekitean alegia. Baina oztopo ugari eta erraztasun gutxi aurkitzen ari dira presoak bide horretan, eta guztion bultzada beharrezkoa da. Presoen urratsak babestu eta konponbidea errazteko jarreran murgilduak gaude, eta horretan jarraitzea dagokigu.

Alde horretatik, iruditzen zaigu euskal preso politikoen egoera konponbidean jartzeko aukera berri baten aurrean gaudela, ikusirik, batetik, Euskal Herrian adostasun zabala dagoela maila politiko, sindikal eta sozialean. Bestetik, mobilizazio sozial anitz eta jendetsuak jendartearen sektore zabaletan gai honekiko dagoen sentsibilitatea erakusten du. Gainera, konponbidean egin diren urratsek presoen auziari ekiteko baldintza berriak sortzen lagundu dute.

Orain da unea Euskal Herriaren etorkizuna oinarri sendoen gainean eraiki ahal izateko. Eta horretarako ezinbesteko urratsa da euskal preso politikoen etxeratzea. Euskal Herriarentzat ez ezik, uste dugu Espainiarentzat eta Frantziarentzat ere onuragarria litzatekeela euskal presoen egoera konpontzea, motzera zaila iruditu arren, arazoei arrazoizko konponbidea emateak jendarte eredu osasuntsu eta demokratikoagoak eraikitzen laguntzen baitu.

Deliberatuak gaude gure herriaren etorkizun baketsu eta demokratikoa eraikitze bidean beharrezkoak diren ekarpenak egiten jarraitzeko. Ekarpen handi eta txikiak, guztiak eta guztionak baitira beharrezko bihar Euskal Herri independente bat izango badugu.

Etorkizuna dugu zain, eta bidean aurkitzen ditugun edo ezartzen dizkiguten oztopo eta zailtasunei aurre egingo diegu.