NBEren Giza Eskubideen Batzordeak frogatutzat eman du orain Guardia Zibilak Gorka Lupiañez torturatu zuela 2007an, Alfredo Perez Rubalcaba barne ministro zela. Tantaka-tantaka, azken urteotan nazioarteko instantziak egiaztatzen ari dira tortura praktika hedatua izan dela hemen, euskal jendarte osoak bazekien moduan eta ezker abertzaleak urte luzez salatu duen moduan. Izan ere, Estatu-aparatuek independentismoa borrokatzeko sistematikoki erabili dute tortura hamarkada luzez, eta praktika horrek erabateko zigorgabetasuna izan du.
Are gehiago, Estatu-aparatuek, alderdi nagusiek, epaileek eta komunikabide handiek torturaren existentzia ukatzen jarraitu dute, beraien ardurak zuritu eta onen eta gaiztoen errelato faltsu bat eraikitzeko.
Jarrera horrek, baina, ez gaitu bake eta bizikidetza agertoki batera hurbiltzen; urrundu egiten gaitu. Ezker abertzaleak aspaldi egin zuen bake agertoki bat eraikitzearen aldeko apustua, sufrimenduaren parte batean izan dituen ardurak bere gain hartuz. Horregatik PP, PSOE eta EAJri exijitzen diegu gauza bera egin dezatela eta beren arduren erantzule egin daitezela. Izan ere, Euskal Memoria Fundazioak 5.657 tortura kasu egiaztatu ditu Hego Euskal Herrian eta EHUren Kriminologia Institutuak 4.113 kasu EAEn. Tortura horien guztien atzean ardura politikoak daude eta oraindik inork ez ditu bere gain hartu. Espero dugu aipatutako alderdiek irtenbidea aurkitzeko pausoak emateko borondatea erakuts dezatela.