Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenaren harira, SORTUk deituta, manifestazioa egin da gaur arratsaldean Bilboko kaleetan. Bukaeran, Karlos Renedo Kontseilu Nazionaleko kideak oraindik argitu gabe dauden ardurak argitzeko eskatu dio Gobernuari.
Bai Santi eta bai Josu ezker abertzaleko erreferente bilbotarrak izan zirela nabarmendu du Renedok. “Biek irakatsi ziguten zein zein ezker abertzaleko praktika politikoa. Esparru guztietan ditugun tresnak baliatzea askapen prozesuan. Santiren kasuan borroka instituzionala eta masa borroka uztartzea. Marxismotik, ezker abertzale interklasista aldarrikatu zuen, bere konposizioan, langileen mesedetara eta bere helburuen alde borrokatzen duena, noski. Josu berriz bere idazketekin borroka ideologikoa egitetik instituzioen erabilpen tatktikora. Bidea ireki zuten”, nabarmendu du.
Hiru hamarkada geroago, ardurak oraindik argitu gabe daudela adierazi du, eta bere ardurak bere gain hartzeko eskatu dio PSOEri. Alderdi hura gobernuan zela hil zituzten ezker abertzaleko kide esanguratsu biak, helburu garbi batekin: herri honen aspirazio askatzaileak zapuztea, bai nazionalak bai sozialak. “Jakin bazekiten ezker abertzalearen eskaintza politikoak eraldaketa ekar zezakeela. Horregatik hil zituzten. Min egin ziguten, min handia”.
“Garai berri honetan asko mintzatzen da eragindako minaren aitortzaz eta pil pilean dago ere errelatoaren bataila... Gaur, hemen, Gobernu Ordezkariordetzaren aurrean, PSOEri eskatu nahi diogu eragindako minaren aitortza egin dezan, behingoz gatazkan izan duen ardura onar dezan, ezker abertzaleak aspaldi egin zuen moduan”, adierazi du.
Santi eta Josuren familiek erakutsitako jarrera goraipatu du, arduraz jokatu baitute, mendeku-gosea alboratuz. Horrez gain, eraildako bi militanteen ametsa jarraitzeko dei egin die militanteei. “Zuen konpromisoa askapenaren motorea da”, azaldu du.
“Hiru hamarkada geroago, hemen gaude, zutik eta indartsu, askapen nazionala eta soziala eskuratzeko prest, Santik eta Josuk beste militante askorekin batera ereindako haziari esker. Estatu espainiarrak, beste kasu batzuetan bezala, beraien ahoa isildu nahi izan zuen. Hagina fisikoki akabatu zuten, baina ez ziren konturatu euren ideien hazia milaka eta milaka militanteetan ereinduta zegoela. Geldiezinak gara”, adierazi du.