Indarkeria matxista kasuak kudeatzeko barne protokolo berritua aurkeztu dute Sortu, LAB eta Ernai antolakundeek Antsoainen. Badira 20 urte, ezker abertzalearen Prozesu Feministaren baitan, barne protokoloa martxan jarri zela. Urte horietan metatutako esperientzia zein lortutako kontzientziazio maila alde batetik, eta mugimendu feministaren bilakaera eta bereziki Justizia Feministaren inguruko gogoetak bestetik, emaitza hau ekarri digute.
Protokoloa berritzeko kasik bi urteko prozesu luze eta mamitsua garatu dugu, alde batetik hiru erakunde horietako kideen artekoa eta indarkeria matxistan aditu eta arituak diren pertsonen etengabeko ekarpena bilduz.
Indarkeria Matxista egiturazkoa izanda, gure baitakoa ere bada. Erakundeen baitan ere, besteak beste, emakume eta gizonen arteko botere harremanak erreproduzitzen ditugu. Gaur egun parekidetasuna ez da errealitate bat geure etxeetan, lortu nahi dugun helmuga baizik.
Horrela, esku artean duguna tresna bat da, indarkeria matxistari aurre egiteko plan feminista orokorrago baten baitan kokatzen dena, prebentzioa, trebakuntza eta gogoeta kolektiboa oinarri dituena, azken helburua ezker abertzalea indarkeria matxistarik gabeko espazio aske eta eroso bilakatzea duena.
Indarkeria mota horiek ez dira eraso isolatuak edo eta indibidualak, eta horregatik, gure baitan gertatzen direnean kolektibo gisa interpelatzen gaituzte. Hori dela eta, protokoloaren bidez gertatzen diren erasoen aurreko kudeaketa koherente eta kolektiboa burutu nahi dugu, klabe eraldatzailean eta erreparatzailean, jarrera zigortzaileetatik ihes eginda.
Zentzu honetan, eraso bakoitzaren aurrean hiru erpinetako prozesua marrazten dugu; erasoa jasan duen pertsona eta honen beharrak aintzat hartuko ditugu prozesuaren oinarrian, erasoa eragin duen pertsonak aitortza eta deseraikuntza bideari ekiteko duen prestutasuna beharko da, eta azkenik gertuko komunitatean egin beharreko lanketa eta gogoeta kolektiboa.
Hiru ardatz horietan oinarrituta, indarkeria matxista kasu bakoitzak prozedura edota prozesu propio bat izango du, ardatz bakoitzaren garapenerako baldintzak aintzat hartuta, eta honen araberako ibilbideak edota neurriak definituz. Prozesu orok honako oinarriak barnebilduko ditu: erasoa jasan duena erdigunean kokatzea, konfidentzialtasun eta informazioaren kudeaketa arduratsua, proportzialtasuna eta bermeak.
Zabaltzen ari garen bide hau eraginkorra izan dadin, garrantzizkoa da azpimarratzea erakundeon konpromisoan oinarritzen dela; zuzendaritzak zein egiturak berea egiteaz gain, kidegoarena ere bada protokoloa eta horretarako trebakuntza feministarako prozesu bat martxan da. Era berean, gisa honetako tresna bat garatzeko, baliabidez hornitzea ezinbestekoa da ere.