Erabat larriak eta onartezinak dira guardia zibil batek Bea Etxebarria euskal preso politikoari eta haren bi urteko alabari atzo egindako heriotz-mehatxuak. Estatuko segurtasun indarrek inpunitate osoz dihardute oraindik ere pertsona zaurgarrienen aurka gupidarik gabe jotzen. Kasu honetan, mehatxua Bea Etxebarria Caballero euskal presoari eta haren alabari zuzendutakoa izan da, guardia zibilak eskua pistolara eramanda “zuri eta zure alabari tiro bat emateko gogoa jartzen ari zait”, oihukatzean.
Euskal preso politikoen aurkako mehatxuak, irainak eta laidoak maiz eta etenik gabe gertatzen badira ere, kasu hau are larriagoa da heriotz-mehatxua bi urteko haurrarentzat ere izan baita. Edozein estatu demokratikok ez luke gisa honetako portaerarik ametituko bere funtzionarioen aurrean, baina Espainiako erresumak lau hamarkada geroago ez du frankismoarekin etenik ezagutu, torturekin, estatu-terrorismoarekin eta eskubide urraketekin jarraitu baitu, kolore bateko zein besteko gobernuak izan arren.
Giza eskubideen urraketaren eta estatu-aparatuen zigorgabetasunaren adibide argia dugu Beatriz Etxebarriaren kasua: atxiloaldian bortxaketa eta tortura basatiak salatu ondoren, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen tortura horiek ez ikertzeagatik. Beak, euskal preso politiko gehienek bezala, dispertsatuta jarraitzen du, etxetik ehunka kilometrora, alabarekin batera. Erasoa Covid-19aren kontrako neurrien testuinguruan gertatu da, euskal preso politikoek hiru hilabete daramatzatenean bisitarik gabe eta haietako askoren egoera inoiz baino okerragoa denean. Egoera honi irteera emateko aukera bakarra da euskal preso politiko guztiak etxeratzea, euskal jendartearen gehiengoak eskatu duen moduan, espetxetik irteteko pausoak egiten ari diren bitartean.
SORTUk dei egiten du eraso hau salatzeko, eta bihar (osteguna) 19:00etan, Bilboko Plaza Eliptikoan, Gobernuaren Ordezkaritzaordetzaren aurrean egingo den elkarretaratzera joateko.