Sarai Goitia gazte militante abertzaleari elkartasuna eta babesa helarazten dio Sortuk pairatu berri duen eraso onartezinaren aurrean. Era berean, gainerako eragileei eskatzen diegu ez daitezela isildu azaleratzen ari diren jazarpen kasuen aurrean, herri honetan eraiki nahian ari garen bake eta bizikidetza agertokia eraikitzea oztopatzen baitute.
Duela pare bat aste salatu genuen Galder Barbadok pairatutako polizia-jazarpen kasua; Harley ezizeneko agente batek kolaborazio-eskaera jarraituak egiten dizkiola. Adierazi genuen beste kasu batzuen berri ere bagenuela, eta kaltetuek diskrezioz aritzeko eskatu digutela. Orain, ordea, beste kasu berri bat ezagutu eta publiko egiten dugu, Sarai Goitiak epaitegietan salatutakoa. Kasu honek, gainera, Barbadorenarekin lotura zuzena dauka.
Galder Barbadok berak argitu zuen beragatik galdezka zenbait dei jaso zituela lagun batek. Bada, Sarai Goitia da lagun hori. Galdergatik galdetzen zuten dei anonimoak jaso eta egun batzuetara norbait sartu zen Goitiaren etxebizitzan, eta ez lapurretan egiteko, gauzak mugituta antzeman bazituen ere, ez baitioerate ezer eraman. Gainera, etxera sartu zitzaizkion egun berean, norbaitek pintaketa bat egin zion autoan: “Hola” jartzen zuen. Kasualitatetik gutxi duten gertaera adierazgarri horien guztien aurrean, Goitiak salaketa jarri du Bilboko Guardiako epaitegian.
Gertaera hauen larritasuna azalaraztea premiazkoa da Sorturen aburuz. Euskal militanteek pairatzen duten jazarpena gogor salatzen dugu. Norbaitek iraganeko kontuak zirela uste badu, oker dabil, oso oker: estatu-estolderiek euskal militanteak zelatatzen eta mehatxatzen jarraitzen dute, eta xantaia egiten ari dira. Azken batean, militanteen aurka beldurra eragin nahian ari dira nazio-askapen prozesua geldiarazteko.