Galder Barbado gazte amurrioarrak pairatutako jazarpen polizialaren berri eman du gaur Sortuk prentsaurrekoan. Hain zuzen, Guardia Zibilak jazarri eta kolaboratzeko eskea egin dio militante abertzaleari. Sortuk babes osoa agertu dio eta ozen salatu ditu gertaera larriok.
Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak adierazi du azken asteetan hainbat lagunek pairatu dituztela antzeko jazarpenak, kolaborazio eskaera ezberdinetatik jasotzean eta ezezagunek norbere autoa goitik behera miatzean. “Kasu horietan diskrezioa eskatu digute nahiz eta aurreratu ahal dizuegun dagoeneko hainbatek salaketa aurkeztu dutela”, esan du. Galderrek, Ainize Gastaka Martinez abokatuarekin (prentsaurrekoan ere izan da) dagoeneko jarria du salaketa.
Haimar Altunaren esanetan, “Estatuko aparatuek, Guardia Zibilak kasu honetan, euskal herritarrei egindako jazarpena gogor salatzen dugu. Iraganeko logikak dirudite, baina indarrean eta oraindik ere oso present jarraitzen dute: herritarrei mehatxu egiten jarraitzen dute, herritarrei txantaia egiten jarraitzen dute, herritarrak zelatatzen jarraitzen dute, azken batean herritarrei beldurra eragiten jarraitzen dute.
“Ukaezina da, Estatu aparatuak logika zaharretan daude kateatuta, eta logika horietan kateatuta nahi dutela Euskal Herria: Frankismoak estatu-egituretan gotortuta jarraitzen du, ez baitu onartzen estatuaren izaera pluninazionala, faxismoa eta eskuin muturra modu interesatuan hauspotzen baititu, espioitza politikoarekin segitzen baitiu Pegasus auzian ikusi dugun moduan, salbuespeneko espetxe-politika aplikatzen jarraitzen baitu, auzi judizial berriak irekitzen tematuta baitago eta Galderrena bezalako jazarpen poliziala erabiltzen baitu. Estatu Espainiarrarekin dugun gatazka politikoa ukatzeaz gain, kosta ahala kosta luzatzen ari dira, herri honek askatasuna, bakea eta elkarbizitza demokratikoa eskura ez ditzan.
“Horregatik guztiagatik dei egiten diogu Espainiako Gobernuari eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzeko praktika abian jar dezan. Alegia, 40 urtean egin gabe gelditu den demokratizazioari hel diezaiola, ausardiaz aurre egin diezaiola sakoneko estatuaren esku beltzari. Nola? Faxismoari eta eskuin muturrari hauspoa ematen dieten jarduerak alboratuz eta bere izaera plurinazionala onartu eta konponbidea emanez nazio-gatazkei.
“Amaitzeko, gisa honetako mehatxu eta txantaia pairatzen ari diren herritarrei gure babesa erakusten diegu. Dei egiten diegu ez daitezela kikildu, gertatutakoak salatu eta publiko egitea baita modu eraginkor bakarra aipatu praktika horiekin guztiekin amaitzeko. Argi izan behar dugu Erregimen frankistaren oinordekoei ezin diegula utzi inpunitate osoz nahierara jarrai dezaten”, Haimar Altunaren hitzetan.
"Pasa den hilabetean kotxean gindoazela, lau lagun gelditu gintuen Guardia Zibilak errepideko kontrol batean. Hasieran “normala” izan zen kontrola, baina denbora pasa ahala gaiztotzen joan zen. Ordu eta erdi baino gehiago eman genuen kontrolean, mendira begira, eskuak kanpoan, sakabanatuta eta euripean.
“Kontrolean egon eta ordu erdira, kamuflatutako bi kotxe agertu ziren, eta ia denek zuten aurpegia estalirik. Beraietako batek hitz egiten zuen soilik, eta Harley ezizenarekin aurkeztu zitzaigun.
“Banan-banan pista baten sarrerara eraman gintuen galdeketa egiteko, eta bertan izan zen lehen kolaborazio eskaintza egin zidan unea. Nire egoera zein zen bazekiela, ni ezagutzen ninduela eta bazekiela zein izan den nire papera gazte-mugimenduan. Nik gauzak kontatzen banizkion epaiketarekin lagundu ahalko zidala esan zidan, eta Bilbon kafe bat hartzera gonbidatu ninduen.
“Ezezkoa eman nionean esan zidan lasai egoteko, bazekiela non bizi nintzen eta non topatu ahal ninduen, eta bi asteren buruan nirekin kontaktatuko zuela.
“Duela bi aste telefono baten deia jaso nuen. Deia erantzutean, “Que pasa Galder te acuerdas de mi? Soy harley, que tal estás?”, esan zidan. Ahotsagatik bera zela banekien, eta telefonoa eseki nuen. Goiz osoa deika ibili eta nik erantzuten ez niola ikustean SMS bat bidali zidan hau esanez: “Galder, soy Harley, que no se si te cojo bien, solo para preguntar que tal fue el finde, que espero que bien y que me gustaría hablar contigo de manera reservada y sin ningun tipo de compromiso para hacerte una propuesta que pudiera ser de tu interés”.
“Astelehen honetan gauean Amurrion nengoela, kotxera sartu nintzen etxera joateko, eta pertsona bat nire atzetik etorri zen. Polizia zela ikusi nuenean, kotxetik jaitsi eta berarengana joan nintzen herritik alde egiteko eta bakean uzteko eskatuz. Berak barre egin eta geldirik geratu zen denbora luzez ni joan nintzen arte.
“Astearte eta asteazken honetan nire lagun bati ere bi telefonotatik deitu diote, nitaz galdezka eta termino berdinetan: “Que dónde esta Galder, que si estás con él, que no le localizamos.” Nire lagunak ea nortzuk ziren galdetzerakoan “Uy, pues nos habremos equivocado esaten zioten'".