ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

Plaza Hutsaren tailerra

2019-01-12

Durango eta Baionan egin dira Herrigintza azkartzeko Plaza Hutsa tailerrak. Eskuhartze komunitarioa, euskara, hezkuntza, feminismoa eta herri-imajinarioa landu dira.

Herrigintzan ari diren dozenaka norbanakok aterpea aurkitu dute Durangoko Landakon. Saioa ordu laurden berandu hasi bada ere, antolakuntzak poza agertu du espektatibak gainditu direlako. Hego Euskal Herri osotik etorritako 270 lagun bertaratu dira, guztiak ere herrigintzako oso eremu desberdinetan ari direnak. Baina Landakon ez ezik, Baionan ere egin dute Plaza Hutsaren tailerra: Durangoko plenarioa streaming bidez jarraitu dute eta hango lan-taldeak ekarpenak egin ditu hezkuntza alorrean.

Gogotsu etorri da jendea. Euskalerrigintzan urrats berriak abiatzeko prest, jakinik ezkerreko independentismoak une honetan herrigintzari ekarpena egin behar diola. Egun bizi dugun testuinguru historiko konplexu eta aldakor honetan, azelerazio historiko baten zurrunbiloan, premiazkoa zaigu herri gisa antolatzea. Ahaldundu, trebatu eta ikuspegi estrategikoak berritzeko grinaz etorri da jendea Landakora, beraz.

Elkargune bat, topagune bat, eratu da Durangon, horizontala, dauzkagun erronken kontzientzia hartu eta aurrera egiteko. Pello Otxandiano Sortuko Herrigintza Idazkariak “herrigintzaren sen hori gure herriaren DNAn txertatuta dago”, adierazi du. “Gure bizitzen eta lurraldeen gaineko erabakimena da krisi-aro honetako borroka fronte nagusia”.

Ondoren, lan taldeak eratu dira, espazio irekia metodologia baliatuta. Landakoko gunea ezin aproposagoa da gisa honetako dinamikak egiteko. Espazioa zabala da eta aukera asko ematen ditu. Lan-talde bakoitzak bere modura landu du zegokion gaia.

Printzipioz, esku-hartze komunitariaren lan-taldeak piztu du interes handiena. Izena eman dutenetatik ia erdiak plaza horretan parte hartu nahi izan du. Hori ikusita, hainbat jendek azken momentuan beste lan taldeetan parte hartzeko erabakia hartu du.

Eskuartze komunitarioan, orain eta hemen tokiko herrigintzaren aukerak zeintzuk diren aztertu dituzte. Oro har, bizi dugun krisiaren aurrean Euskal Herrian nabari da erantzun zabal bat gizarte zibiletik. Herritik orube komun bat jar dezakegun aztertu dute. Transform sarearen jardunaldiak Euskal Herrian, udalgintza ereduaren berrikuspena eta honek eskatzen duen arkitektura nazionala izan dituzte eztabaidagai.

Lan-taldeko kideen arabera, sormena, gogoa eta konbentzimendua izan dira nagusi lan-taldean. Ez gara zerotik hasten esparru honetan. Esperientziatik ari gara lanean. Kapitalismoaren arazoa oso handia denez, praktika orok egungo eredu kapitalista irauli nahi du. Beraz, erantzun integral bat eman nahi dute, bizitza erdigunean jarrita. Herrigintza eta estatugintzaren arteko erlazioan sakondu dute. Bakoitza gara giltza eredu berriak eta herrigintza egiteko eta inpultsoak kolektiboa eta politikoa izan behar du.

Hezkuntza lan-taldean, hezkuntza eredu propioa nola gorpuztu daitekeen aztertu dute. Azken batean, etorkizuneko hezkuntza sistema publiko eta burujaberako herri-estrategia adosteko premia dugu. Hezkuntzako bi lan-talde eratu dira gaurko saioa, bata Durangon eta bestea Baionan.

Gure eredua gaurdanik sortu beharra dagoela ondorioztatu dute, ohartuta ingurumaria ez dela batere erraza gaur-gaurkoz. Nondik gatozenaren ideia hurrengo belaunaldiei azaldu behar zaie. Hezkuntza pribatuaren eta publikoaren arteko eztabaida mahaigainean jarri dute, lurralde zatiketa eta abar. Kontuan izan dezagun, gure herriekin zerikusirik ez duten hezkuntza sistemak ditugula Hego eta Ipar Euskal Herrian, gure herriaren beharrei baino Estatuen interesei erantzuten dietena; beraz, hori gainditzeko tresnak sortzearen beharra dagoela nabarmendu dute.

Oro har sintonia ikusi da bertaratu direnen artean, gogo ona. Ezker independentismoak ez badu statu quo-a iraultzen, beste eragile batek nekez egingo duela uste dute hezkuntzako lan-taldeko kideek.

Ipar Euskal Herriko lan-taldea hezkuntzan zentratu da. Telebistako pantailaren atzetik jarraitu ditugu Baionan ateratako ondorioak. Eredu pedagogikoak aztertu dituzte eta murgiltze ereduari buruzko hausnarketa sakona egin dute, oso beharrezkoa ikusten baitute hori sustatzea. Horrez gain, estatu egituren beharraz mintzatu dira eta dinamika deszentralizatuen beharra nabarmendu dute.

Feminismoak Euskal Herriaren burujabetza prozesuari egin diezaiokeen ekarpena aztertu dute, eta alderantziz, burujabetza prozesuak feminismoari egin diezaiokeen ekarpena. Gizonezkoek ere parte hartu dute.

Feminismoaren lan-taldearen arabera, feminismoak ekarpen historikoa egin dio Euskal Herriaren askapen prozesuari. Feminsimoak txartela jarri dio krisi existentzial eta sozial bati. Adar ezberdinak dituen krisi bati. Feminismoak irtenbidea eman beharko dio krisiari. Burujabetzak feminismoari ekarpena egin diezaioke, lan-taldearen arabera: burujabetza prozesuak mugimendu feministari sendotasuna ematen dio, eta independentismoak irekitzen duen ziklo berriak aukera bat dakarkio feminismoari. Hainbat eta hainbat gai jorratu dituzte. Esaterako, feminismoak aspirazio politikoak markatu dituela, eta feminismoa herrigintzara sartzen denean ematen diren talkak aztertu beharko direla gerora begira. Horrez gain, feminismoaren ibilbidea norabidetu beharko da eta irtenbide horretan, ezkerreko independentismoarentzat EH Bilduren papera oso garrantzitsua izango dela nabarmendu dute. Gizonezkoen papera ere aztertu dute, eta ea beste eredu batzuk indartzeko gai garen ere planteatu dute.

Euskarazko lan taldeak honako abiapuntu hau izan du: euskalduntze fasearen agorpena bizi dugu eta euskararen etorkizuna ez dago bermatuta; euskarari dagokionez ere ezkerreko independentismoak gogoeta estrategikoa berritzeko garaia du.

Azken hamarkadetan euskalgintzaren errepasoa egin dute. Balorazio gazi-gozoa egin dute azken urteko ibilbideaz. Halere, bada indargune nahikoa, eta egoera bere onera ekartzeko jendea gogoz dagoela antzematen dute. Horrez gain, tokian tokiko errealitateak oso ezberdinak direla hartu behar da kontuan. Izan ere, Euskal Herri osoko euskalgintzaren argazki oso bat falta zaigu. Ezker independentistak borroka ideologikoan indarra egin behar du. Abiapuntua jarria da. Datozen hilabeteetan euskalgintzaren inguruko gogoetarekin jarraituko dute.

Euskal imajinarioaren inguruan eratu den lan-taldea hastean, abertzaletasunak eraiki duen herri-imajinarioaren lausotzea antzeman dela adierazi da. Beraz, sor litezkeen ekimen berritzaile posibleak aztertu dira.

Hiru testu erabili dituzte gaia lantzeko. Euskal imajinarioa, nazioa eta euskal kultur pertenentziako AMIA landu dute. Dimentsio konplexuko gaia da, eta komunikazio espazio baterako tresnak eta baliabideak behar direla ondorioztatu dute. Kulturgintzatik egin daitekeenaz egin dute gogoeta, eta gai konkretuetan zentratu dira. Ideia orokorra da erronka mahai gainean dagoela eta ezker independentismoak kontu hartu beharreko gaia dela.

Azkenik, Plaza Hutsa Bizkaia metropolitanoan ekimenaren berri eman dute. Bizkaia metropolitanoan, herrigintza aro berri baterako oinarrietan sakontzeko ekimena da. Horretarako, Otsailaren 8 eta 9an Plaza Hutsa BM (Bizkaia Metropolitanoa) egingo dugu Bilbon eta Portugaleteko Merkatuan, hurrenez hurren.

Ordubiak arte egin dugu Plaza Hutsa. Ondoren jaiki eta Durangotik Bilbo aldera goan gara, Bilboko kaleak betetzera