ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

Plaza Hutsaren abiapuntua

2018-04-21

Sortuk abian jarritako ekimen honek gogoeta kolektiboa eta ekintzailetza uztartuko ditu, herri honek hain beharrezko duen bultzada komunitarioa bilatzeko.

Plaza hutsak espazio dinamikoa izan nahi du, etengabeko sorkuntza kolektibo baterako plaza. Bi misio orokor egozten dizkiogu geure buruei: Herrigintza aro berri baten gaineko gogoetari ekarpena egitea, eta ezkerreko independentismoa herrigintzan ahaldundu eta trebatzeko eskola izatea. Gogoeta kolektiboa eta ekintzailetza eskutik hartuta, batak bestea elikatuz, herri honek hain beharrezko duen bultzada komunitarioaren bilaketan.

Hastapen honetan bi atal nagusi jasoko ditu webgune honek, gogoetari eskainia lehena eta ekintzailetzari bigarrena: 11 begirada eta Bagara nor; eta bi proiektu sustatuko ditugu: Esperientzien bilduma eta Sustraiak. Bidean aurrera egin ahala, gaurkoz bozetoak baino ez diren proiektuak kolektiboki lantzeko espazioa izan nahi du honek.

Espazio digitalaz gain, Plaza hutsa espazio fisikoa izango da. Besteak beste, Plaza hutsa tailerra antolatuko dugu udazkenero, ezkerreko independentiston topalekua herrigintzaz gogoetatu eta urteko erronkez jarduteko.

Has gaitezen ibiltzen beraz, bidea baita borroka bakarra. Bidaia on guztioi!