Sortuk urteko hitzordu nagusietako bat du otsailaren 3an Durangon: Plaza Hutsa, herrigintzan lanean dabilen ezkertiar eta independentista ororentzat irekitako plaza. Euskal Herrian aldaketa politikorako aukerak eta horren aldeko bulkada soziala bizi-bizi dela dator aurtengoa. Hain zuzen, aldaketa hori gauzatzeko, balio eraldatzaileak jendartean errotzeko herrigintzak duen gaitasuna landuko dute. Lehen zatian, eremuz eremuko saioak egingo dituzte; haietako batean, euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan jatorri eta kultur aniztasunari nondik eta nola heldu hausnartuko dute. Bigarren zatian, ezker abertzalearen proiektu sozioekonomikoa gaurkotzeaz gogoetatuko dute. Izena eman daiteke dagoeneko.
“Plaza Hutsa une politiko berezian dator: euskal nazio askapen mugimenduaren hamarkadetako lanak eraikitako indar harremanak kristalizatzeko moduan egon gaitezke; euskal lurralde guztietan burujabetza osoaren bidean burujabetza maila handiagoak eskuratzeko baldintzetan. Eta ezker independentismoak herritarren artean duen atxikimendu geroz eta zabalagoa da”, adierazi du Xabi Iraola Sorturen herrigintzako arduradunak. Haren arabera, udazkenak erakutsi du aldaketa politikoa eskatzen duen pultsio sozial bat ere badela, eta horietako aldarrikapenek bat egiten dutela ezker independentismoaren proiektuarekin.
Ziklo politiko berri bat irekitzeaz mintzatu da Iraola: “Orain eta hemen aldaketa politikoa posible bada, Euskal Herri luze-zabalean martxan den olatu herrigile eta mobilizatzaileari esker da. Are, aldaketa politiko horrek sakontasuna izango badu eta iraungo badu, herritarren balio eta printzipioetan aldaketak gertatzen ari direlako izango da”. Nabarmendu du herrigintzaren ekarpenik behinena dela balio eta printzipio eraldatzaileek herritarrengan geroz eta errotze handiagoa izatea.
MAPA ETA KOORDENADA BERRIAK
Beraz, Euskal Herritik mundu berri baten mapa eraikitzen jarraitzeko plaza izango da Durango: “Euskal Herria bada mundua ikusteko, herria egiteko eta bizitzeko modu propioa duen herri bat. Belaunaldiz belaunaldi hainbat balio transmititzeko gai izan da: auzolana, sen komunitarioa, herrigintzarako gaitasuna... Horiek behin eta berriz eraberritu behar izaten dira, iraungo badute”, adierazi du Iraolak. Herri berri baten koordenadez ere aritu da: “Azkartasun eta aldaketa garaiak bizi ditugu, baita askotariko krisiak ere: klimarena, zaintzarena, ekonomikoa. Dimentsio handiko erronka horiek eraldaketa handiak eskatuko dituzte. Eta guk, gure koordenadetatik, Euskal Herritik, erantzun nahi diegu”.
Maialen Gago Sorturen Bizkaiko idazkaritzako kideak Bizkaian egitearen garrantzia nabarmendu du: “Aldaketa politikoan Bizkaiak daukan zentraltasuna azpimarratu nahi dugu. Euskal Herrian aldaketa politikoa posible izango bada, aldaketa hori Bizkaitik pasako da”. Egitarauari dagokionez, berriz, eremuetako hausnarketak (feminismoa, euskara, hezkuntza, ekologia, migrazioa, lan eta bizi baldintzak, eta herrigintza eraldatzailea) eta mahai-inguru eta hitzartze orokorra izango dituzte.
Plaza Hutsa egonkortzeko xedea ere badu aurtengo edizioak, baita, halaber, eremuz eremu lanean ari diren kideak saretzen jarraitzeko ere. Gagok aurtengoaren berezitasun nagusiak ere aurreratu ditu: “Batetik, saio orokorrean, ezker abertzalearen proiektu sozio-ekonomikoaren inguruan gogoeta egiteari ere tarte bat eskainiko diogu. Bestetik, jatorri eta kultur aniztasunak euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan duen tokiaz ere arituko gara”. Iaz abiatu zuten gogoeta estrategiko hori, eta udaberrian egingo duten tailerrean itxi asmo dute, “ezker independentismoaren oinarri estrategikoa” ezarriz.