Sortuk otsailaren 22an Andoainen egingo du aurtengo Plaza Hutsa, herrigintzan lanean ari diren ezkertiar eta independentisten urteroko topagunea. Hainbat eremutako gogoeta estrategikoak berrituta, Plaza Hutsa bera ere berrituta dator: Euskal Herrian zabaltzen ari den ziklo politiko berria herrigintzatik nola indartu landuko dute, jatorri eta kultur aniztasuna gai nagusitzat hartuta. Horretan sakontzeko, ‘Bidaide. Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan’ solasaldi nagusia izango da lehenik. Ondoren, beste bost azpi-solasaldi, jatorri eta kultur aniztasunari hainbat ertzetatik heltzeko: euskara, hezkuntza, inklusioa, sozioekonomia, eta erreakzio autoritarioa. Izen ematea martxan da jadanik.
Xabi Iraola eta Oihana San Vicente Sorturen Nazio Idazkaritzako kideek eman dute 2025eko Plaza Hutsaren berri, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkeko prentsa aurkezpenean. Iraolak testuinguru politikoa izan du hizpide, Plaza Hutsari nondik heldu dioten azaltzeko: “Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzen ari gara”. Hiru zehaztapen egin ditu: hegemoniaren lehian fase berri bat ireki da, besteak beste, ezker independentismoaren hazkunde eta errotzearen ondorioz; nazio auziaren eztabaida eta estatus politikoak eguneratzeko aukera irekita dago; eta euskal preso politikoen egoera behin betiko bideratzeko aukera erreala da.
“Ziklo politiko berri hori sustatzeko herrigintzaren papera funtsezkoa da”, gehitu du. Ordea, herrigintza aroaren agorpena sumatzen dela iritzita, eta etengabeko azkartzearen garaiotan, susperraldi baten beharrean gaudela uste du: “Mugarri baten beharra dugu euskal naziogintza eraldatzailearen prozesuan, inertziak hautsiko dituen arnasberritzea”. Eta horretarako, gutxieneko osagai komunak izango dituen herri proiektua imajinatzera dei egin du, ardurei helduz, eta modu bateratuan erantzunez.
Iraolaren arabera, herri gisa erronka kolosalak ditugu: alor sinbolikoan, hizkuntzan, hezkuntzan, alor sozial zein ekonomikoan... Eta erronka nagusienetako bat Euskal Herria zeharkatzen duen jatorri eta kultur aniztasuna da. “Datozen urteetan immigrazioaren fenomenoari eta horren ondoriozko jatorri eta kultur aniztasunari emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa”. Hain justu, Bidaide proposamena osatu berri du Sortuk, jatorri eta kultur aniztasunak euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan izan beharreko kokalekuaz egindako gogoeta jasoz.
Iraolak azpimarratu duenez, nazio ukatu eta zatitu baten kontzientziatik, eta herritar orok eskubide eta betebehar berberak dituenetik ondu dute Bidaide, migrazioa Euskal Herriaren “garapenerako eta eraikuntzarako erronka eta aukera gisa kokatuz”. Aurtengo Plaza Hutsak ere gai eta begirada horiek izango ditu ardatz. San Vicentek azaldu du Plaza Hutsa berrituta datorrela: “Ezker independentismoak estrategikotzat jo dituen eremuen bueltan irismen luzeko gogoetak egin ditu. Hori izan da jaio Plaza Hutsaren funtsa. Zentzu horretan, fase bat bete duelakoan gaude. Eta, aldi berean, fase berri bati ekiteko beste oinarri baduela”.
San Vicenteren arabera, biek egiten dute bat: Plaza Hutsaren fase berriak, eta ezker independentismoak ziklo politiko berri baterako ateak zabaldu izanak. “Horregatik, aurtengoan ziklo politiko berri hori herrigintzatik nola indartu pentsatuko dugu”. Hala, bi berrikuntza nagusirekin dator Plaza Hutsa: herrigintzako hainbat eremu presente izan arren, jatorri eta kultur aniztasuna izango da gai nagusia. “Hainbat eremutan lanean ari garen kideok nor bere arlotik erronka beraren bueltan arituko gara”. Bestetik, adituak eta arituak diren hainbat hizlari izango dira Sortuk otsailaren 22rako prestatutako egitarau zabalean.
Bastero kulturgunea izango da gune nagusia, eta bertan izango da solasaldi orokorra; Xabi Iraola eta Olatz Egiguren Sortuko herrigintza taldeko kideek Bidaide proposamenean jasotakoa xehatuko dute. Ondorengo bost solasaldietako hiruri egin die azpimarra San Vicentek. “Euskarakoan, Euskal Herri kulturaniztun eta eleaniztunean euskarak dituen erronkez arituko gara, euskalduntzeari eta aliantzei erreparatuz”. Hezkuntzakoan, Marta Domenech Educacio 360 Kataluniako aliantza proiektuko koordinatzaileak hartuko du parte, Ibon Izarekin batera. “Erreakzio autoritarioari loturikoan, eskuineko narratibak, ezker ikuspegi erreakzionarioak, eta arrazakeriaren auzia landuko ditugu, nazio askapen mugimendu bezala pentsatu beharreko korapiloak mahaigaineratuz”.