ALBISTEA


gora herria

Planeta suntsitu arte?

2019-09-19

Sistema kapitalista geldiaraztearen premiaz ohartarazi du SORTUk ekintza sinboliko batean, klima-larrialdiari buruzko mobilizazioen atarian.

Ekintzan erabilitako koloretako hautsak osagai naturalez osatuta daude eta jendeak erabiltzeko guztiz seguruak dira, baita ingurumenerako ere. Hauts naturala da %100. % 99 arto-almidoia da eta %1 elikagaien koloratzailea.

Planetaren geroa eta bizitza bera etengabe arriskuan jartzen ari den sistema kapitalista geldiaraztearen premiaz ohartarazi du gaur SORTUK, Bilbon egindako ekintza batean. Enpresa eta erakunde kapitalistak irudikatuz, trajez jantzitako hamabost eskeleto Sabin Etxearen aurrean argazkia egiteko paratu direnean, bi aktibistek itzalgailuak erabiliz 'holi' hauts berdea jaurti diete (osagai naturalez ekoitzitakoa). Ekintza sinboliko honen bidez, SORTUk babesa erakutsi dio irailaren 20tik 27ra bitartean klima-larrialdiaren aurka mundu osoan egingo diren mobilizazioei. Ekintzaren bideoa esteka honetan ikus daiteke: http://sortu.eus/gora-herria


Sistema kapitalistak eragin du klima-larrialdia, beste desoreka nabarmen askorekin batera. Konpondu ezik, areagotu egiten ditu emakumeen zapalkuntza, migrazio-krisiak, goseteak, pobrezia, langabezia, prekarietatea, gerra...

Trantsizio ekologikoa egin behar da eta horretarako proposamen antikapitalistak behar dira. Ez du balio krisi klimatikoaren aurkako bandera astindu eta aldi berean errauskailuak eraikitzea, AHTa eraikitzea edo Petronor bezalako enpresen kutsaduraren aurrean ezikusiarena egitea. Adierazpen hutsalek jada ez dute balio.

Erronka globala da krisi klimatikoa baina erabaki lokalak behar ditu. Horretarako estatu tresnak behar ditugu, hemen erabakitzeko eta hemendik kudeatzeko trantsizio ekologikorako euskal herritarron ekimenak.

Gure iparrorratza da karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri batera abiatzea. Hemen asmatu genuen auzolana, besteak beste, basoak, bideak edo ibaiak garbitzeko. Gainera, iraunkortasunaren eta ingurumenaren alde esperientzia ugari metatu ditugu azken hamarkadetan (kontsumo taldeak, borroka antinuklearra, AHTaren aurkakoa, energia berriztagarrien aldeko kooperatibismoa...). Arazo global honi aurre egiteko prest gaude.